INFO

Hegazti gripearen aurkako neurriek kanpoko hazkundea kinka larrian jarri dute

Frantses Gobernuak hegazti gripea berriro ere hedatzeko «arrisku moderatua» dagoela sinetsita neurri murriztaile berriak plantan eman ditu. Hala kabalak barnean atxikitzeko agindua jaso dute hazleek. ELBk bere kexa azaldu du. Parisen, berriz, Laborantza Ministerioaren egoitzan sartu dira hazleak.

Kanpoko hazkundearen defentsan ekintza egin zuen, atzo Parisen, Confederation Paysannek. (@ConfPaysanne)

Hazleen talde bat Parisko Nekazaritza Ministeriian sartu zen astearte honetan hegazti gripea hedatzeko arriskuari aurre egiteko xedez erakunde horren emandako azken agindua salatzeko.

Nekazaritza Ministerioak «arrisku moderatua» izeneko egoera aldarrikatu berri du. Horren ondorioz hazleak haien kabalak etxean atxikitzeko agindua jaso dute, baita euskal hazleek ere.

Laborariek sektorea kinka larrian ezarriko duela erabaki berri ak salatu zuten lumez betetako zakuak Laborantza Ministerioaren sarreran hustuz, gaur goizean AFP agentziak hedatu duen bideoan ikusi ahal denez.

Protesta horren aurrean, Elikaduraren zuzendari nagusia den Maud Faipouxekin bilera egin zuten Confederation Paysanne sindikatuko kideek.

«Biosegurtasunaren protokoloa norberaren egoerara egokitzea beharrezkoa litzatekela aitortu zigun, baina, era berean goizegi zela indarrean dagoen dotrina aldatzeko erran zigun», azaldu zuen bileraren ostean agertu zen Nicolas Girod, sindikatuaren kidea.

Hain zuzen, Parisen ekintza ikusgarria egin duten egun berean, Confederation Paysanekin elkarlanean jarduten duen ELB sindikatuak agirian plazaratu zuen, frantses Gobernuari kanpoko hazkundearekin amaitzeko borondatea egotziz.

Behin «arrisku moderatua» aldarrikatuta hazleen lan baldintzak zeharo aldatu dira. Beste behin ere. Hegazki salbaiekin harremanak ekidin nahian, migrazioaren garaia baita, oilo eta ahateak etxean atxiki behar dituzte hazleek.

Horrekin batera analisi batzuk behar dituzte egin -horiek laborategiek ordainduko dituzte- eta biosegurtasunaren behatokiaren aurrean beharko dira igaro edozein instalazio berria egin aitzin.

Gomendio baino baldintzak badira aipaturiko neurriak. Horiek bete ezean hazleek ezin izanen dituztelako kalte-ordainak jaso.

Araudi berria emeki emeki Hexagono osora zabaltzeko asmoa du Ministerioak «baita etxalde guzietan ezarri ere, epidemiaren bilakaeraren arabera», euskal sindikatuak ohartarazi duenez.

ELBk arbuiatu du arautegi berria euskal etxaldeen tamaina zein hazkundearen berezitasunak ez dituelako aintzat hartzen.

Debekuak hedatu eraginkortasun sanitarioa segurtatu gabe

Laborantza sindikatuak nabarmendu duenez, «neurri horien errespetatzeak, inbertsio ekonomiko handiak inplikatuko lituzke gure etxaldeetan, gure lurraldean endemikoa den eritasun horren kontra eraginkortasun sanitariorik segurtatu gabe».

Confederation Paysannek bat dator balorazio horrekin. Parisen buruturiko ekintzaren berri emanez bere webgunearen bidez zabaldu duen oharrean oroitarazi duenez hegazti gripeak goia jo duenean, 2021-2022 urtetan, 20 milioi hegazti hil dituzte endemikoa bilakatu den birusari aurre egitearen aitzakiaz, baina neurri hori «ez da inondik inora eraginkorra izan».

Osasun arazoaren muinari heldu beharrean laborariei buruz eratutako irudi txarra onargaitzat jo du, bere aldetik, ELB sindikatuak.

«Hegazti gripeak etxalde bat hunkitzen duelarik, kasik sistematikoki laboraria akusatua da,
gaizki lan egin duela edo biosekuritate neurri horiek gaizki plantan ezarri dituela erranez, alta neurrien egokitasuna ez da sekulan zalantzan ezarria eta ondorioz, laborariak bi zigorrak jasaiten ditu: hegaztiak hil behar ditu eta bere lana kritikatua da», laburbildu du sindikatuak.

«Iduri luke Estadoak kanpoko hazkuntza desagertzeko nahikeria duela, baina existitzeko dugun nahikeria indartsuagoa izanen da» oharra egin du ELBk.

Hegazti gripearen garaia gordinean ahateak hiltzeari muzin egin zioten hazleak babestu zituen sindikatuak argi du «onartezina dela tokiko DDPP albaitaritza arduradunen ahotik beste modu batean lan egiten ikasi behar dugula entzutea, edo gure etxaldeak ez direla egokiak, gure hegaztiak ez baititugu barnean atxikitzeko ahalmenik ez eta xederik ere».

Erronka klimatiko eta sozialari erantzuteko eredu bakarra

Osasun krisiaren kudeaketa hobetzeko eta etxalde bakoitzaren egoerara egokitzeko, «arrisku analisiak plantan ezartzea» galdetu du ELBk.

Era berean euskal etxalde gehienetan aplikatzen den laborantza eredua defendatu du, bere erranetan, kanpoko hazkuntzatik heldutako ekoizpenek ahal dute soilik bermatu «kalitatezko produktuak eskaintzea kontsumitzaileei, era berean abereen ongizatea, ingumenaren errespetua eta laborarien bizimodu duina errespetatuz».

«Onartezina da gure lana nahi bezala egiteagatik kontrolatuak eta zigortuak izaitea», gaineratu du ELBk, laborantza industriala, berriz, ez dela trabatua izanen salatu duela.

Edonola ere hazkunde eredua defendatuz jarraituko dutela aitzineratu du laborantza sindikatuak.

«Akidurak eta etsimenduak ez dituela laborariak geldituko» oharra eginez, «desagertu ez dadin, gure hazkuntza modeloaren defendatzen segituko dugu, dugun energia kolektiboarekin, gaur egun agertzen diren erronka klimatiko, ekonomiko eta sozialeri erantzuteko, gure modeloa zentzua duen bakarra baita».