Torturaren errealitatea argitara eramateko bi mintzaldi antolatu dituzte Iruñean
Torturatuen errealitatearen berri emateko bi mintzaldi antolatu ditu Iruñean Torturatuen Sareak. Azaroaren 17an Medikuen Elkartean eta 20an Kondestablen izango dira. Nafarroan torturaren gaia itzaletik argira ateratzeko pausuak eman direla txalotu baina oraindik bidea egiteko dagoela gaineratu dute.
Torturaren errealitatearen berri emateko bi mintzaldi antolatu ditu Iruñean azaroaren 17an eta 20an Torturatuen Sareak. Talde honetako kide Ainara Gorostiagak eta Jorge Txokarrok egin duten agerraldian azaldu dutenez, lehen mintzaldia azaroaren 17an izango da Nafarroako Medikuen Elkartearen egoitzan (Nafarroa Beherearen etorbidean) 18.30ean. ‘Tortura, Nafarroatik haratago’ izenburua jarri diote hitzaldiari eta bertan Angel del Cura Anton, Olivier Peter, Helena Sola eta Santiago Bereciartua nazioarteko adituak arituko dira. Nafarroako Gobernuaren laguntza du ekimen honek.
«Torturaren errealitatea, zoritxarrez, Nafarroatik eta Euskal Herritik haratago doa eta horregatik ekarri ditugu aditu hauek. Mintzaldia jendarte osora zabalik izango da eta, hori dela eta, dei berezia egiten dugu interesa duten pertsona guztiei bertara hurbiltzeko», adierazi dute.
Bigarren mintzaldia azaroaren 20an izango da Kondestablearen jauregian (Kale Nagusian), Santiago Bereciartuaren eskutik. Argentinan giza eskubideen aldeko lanean eskarmentu handia du Bereciartuak eta Hegoamerikako herrialde horretan pairatu zuten diktaduran izandako tortura kasuei buruz arituko da.
«Azken garaian torturaren gaiak Nafarroan itzaletik argira ateratzen ari garela nabarmendu nahi dugu ere. Kriminologiaren Euskal Insitutuak abiatu duen torturaren ikerketa horren adibide argia da. Konsziente gara oraindik bide luzea gelditzen dela egiteke, baina gure herrialdea 1979tik 2012ra arte egondako tortura kasuen argazki osatuago bat izan ahal izateko hurbilago gaude», nabarmendu dute.
«Guretzako ezinbestekoa da torturak Nafarroan izan duen eragina gizarteratzea eta zabaltzea, gertatutakoaren berri ematea eta arrazoi politikoengatik Estatuaren segurtasun indarrek eragindako tratu txar eta torturak ikertzea. Praktika honek gure herrialdean eragindako zauriak eta inpaktuak aitortu eta konpondu ahal izateko. Gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu gertatutakoa argitzea, hori baita praktika hau desagerarazteko modurik eraginkorrena. Inorri inoiz ez dakiola berriro gerta gure gertatu zitzaiguna. Eta bide honetan sakontzea guztion ardura da», gaineratu dute.