INFO

Herritarrek energia sortu eta kontsumitzeko bidea ireki da Azpeitian Ekindar kooperatibarekin

Asteazkenean egin zuten lehenengo batzarra Azpeitiko Ekindar kooperatiba osatuko duten bazkideekin eta horrekin batera eratu zen komunitatea. Abenduan abiatuko du lehenengo proiektua: eguzki plaken parke bat Urrestillako lurretan.

Bazkideen lehenengo batzarra egin zuten asteazkenean Azpeitian. (EKINDAR)

Ekindar kooperatiba sortu zen asteazkenean, 526 bazkide erabiltzailek osatzen duten Azpeitiko energia komunitatea. Herritarrek energia sortu eta kontsumitzeko bidea egingo du proiektuak.

Asteazkenean egin zuten lehenengo ezohiko batzar nagusia Soreasu antzokian, eta bertan eratu zen kooperatiba. Honakoa izango da jabetzaren banaketa: 528 bazkideek kooperatibaren %70 osatuko dute, eta bazkide laguntzaileek –Azpeitiko Udala, Kulturaz kooperatiba, Bertan merkatari elkartea, Elikagunea eta herriko ikastetxeak–, gainerako %30.

Energiaren autokontsumorako kooperatibaren Kontseilu Errektorea ere erabaki zuten batzarrean. Bost bazkide erabiltzailek eta bi bazkide laguntzailek osatuko dute eta bost urtez izango dira karguan.

Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Korporazioko Krean taldeak Ekiola Energia Sustapenak elkartea sortu zuten 2020an, tokian tokiko energia kooperatibak sortzeko helburuarekin eta Ekindar da eratu duen lehena, Udalarekin lankidetzan.

«Trantsizio energetikoaren gaiari heldu nahi genion. Orain arte eguzki panelak jarrita genituen eraikin publikoetan, ari ginen neurriak hartzen, baina jauzi bat eman nahi genuen. Aukera bat ikusi genuen herritarrena izango litzatekeen kooperatiba bat sortzeko eta, bidean oztopoak izan ditugun arren, lortu dugu», azaldu dio NAIZi Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak.

Kooperatiba sortzeko bidean herritarrek erakutsi duten «konpromisoa» txalotu du Alkortak eta Ekindar «sorkuntzarako lehenengo proiektu herritarra» dela nabarmentu. «Bazkidetza kanpainan herritarrek eman zuten erantzuna handia izan zen, 15.000 biztanle dituen herri batean 526 familia honetara batzea ez da batere erraza. Gainera, sentsibilitate desberdineko herritarrak batu dira proiektu honetara eta guretzat, Udal bezala, oso garrantzitsua da hori», agertu du.

Urrestillako eguzki parkea

«Norberak kontsumitzen duen energiaren sortzaile» izateko modua egingo du kooperatiba berriak, alkatearen hitzetan. Eta herritarren energia burujabetza helburu, Ekindarrek garatuko duen lehenengo proiektua zehaztuta dago jada: eguzki plaken parke bat eraikiko du Urrestillan, hektarea bateko lursailean. 25 urtez funtzionatu dezake eta urtean 1,2 GW orduko sortzeko ahalmena izango du parkeak, hau da, kooperatiba osatzen duten bazkide guztien etxebizitzen argindarra bermatuko luke.

Eguzki parkearen eraikuntza lanak abenduan hasiko direla adierazi du Alkortak, eraikuntzarako jarduera baimena eta obretarako baimena lortu ondotik. Proiektua, berriz, apirilean martxan jartzea espero dute.

Urrestillako eguzki plaken parkeak ekoiztuko duen energiak eragina izango du herritarren argindarraren fakturan. Prezioak merkatu eta egonkortuko direla dio alkateak eta onura hauek parkea martxan jarri eta bi hilabetera sumatuko direla esan du, 2023ko ekainean. «Bazkide bakoitzak bere kontsumoaren araberako ekarpen bat egiten du eta ziurtatuta izango du energiarengatik prezio konkretu bat ordainduko duela, egonkorra izango dena», azaldu du alkateak.

Urrestillako proiektua hasiera bat dela azpimarratu du Nagore Alkortak: «Trantsizio energetikoaren erronka daukagu eta uste dugu hau ibilbide luze baten abiapuntua dela. Prest gaude Ekindar kooperatiban ardaztutako ekimen berriak martxan jartzeko».