INFO

Hezkuntza sistema «doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala» izatea aldarrikatu dute

Ikasle Abertzaleek eta Ikasle Sindikatuak deituta, Hego Euskal Herriko hainbat ikaslek greba egin eta kalera atera dira ostegun honetan. Funtsean, hezkuntzak jasaten dituen lege erreformak kritikatu dituzte eta sistema «doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala» izatea aldarrikatu dute.

Ikasleek Iruñeko kaleetan egin duten mobilizazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

IAk eta Ikasle Sindikatuak, nork bere aldetik, grebara deitu dituzte ostegun honetan Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, «doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala» den hezkuntza sistema aldarrikatu eta LOMLOE eta Lakuako lege berriak «ikasleen beharrak asetzen ez dituztela» defendatzeko. Manifestazioak egin dituzte lau hiriburuetan, ordu berean.

Gasteizen ehunka pertsona elkartu ditu Andra Maria Zuriaren plazatik abiatu den manifestazioak. Hiriaren erdialdean zehar ibili ondoren, Florida Parkean irakurri dute manifestua. Bilboko mobilizazioa 12.00etan hasi da Eliptika Plazatik, Iruñekoa Sarasate Pasealekutik, eta Donostian Bulebarretik abiatu da manifestazioa, 11.30ean.

‘Hezkuntza ofentsiba kapitalista gelditu!’ lemapean, hezkuntzan egindako erreformak eta ezarritako lege berriak «enpresari handien eta burgesiaren interesen mesedetan» egiten direla salatu du IAk, «diziplinamenduan oinarrituta» daudela uste baitute, ikasleei «hitza kentzen» dietelako.

Horren harira, sistemak ikasleak «despolitizatu eta idiotizatu» egiten dituela defendatu dute, pentsamendu kritikoa bultzatu beharrean. Bide batez, irakasleengandik jasaten duten «infantilizazioa eta autoritarismo bortitzaren» aurka agertu dira.

Gainera, ikasturtea «hezkuntza esparrua hankaz gora dagoela» hasi dutela adierazi dute. Izan ere, ikasleen artean neurri berriei buruzko ezjakintasuna nagusi dela azpimarratu dute.

Bestalde, «proletargoa kanporatzen duen» hezkuntza eredu bat dela salatu dute. Haien ustetan, langileen beharrak «gero eta gutxiago asetzen ditu» eta «ikasle txiroak kanpoan geratzen dira», dirudunak direnak ez bezala.

«Konponbidea ez dago legean»

Funtsean, hezkuntzaren «desegite» bat gertatzen ari dela diote eta konponbidea ez dagoela «ez legean ezta Parlamentuko zirkuan ere».

«Hainbat erreforma ezartzen joan dira, eta ikusi duguna da ez hauek ez beste legeren batek ez dutela ikasleon beharrak asetuko. Kapitalaren beharren araberakoak dira», laburbildu du Paloma Strachanek, Ikasle Abertzaleetako kideak, NAIZi eskainitako adierazpenetan.

Grebari dagokionez, Strachanen hitzetan «Bigarren Hezkuntzako ikasleak erreformarekin ados ez daudela agerian geratu da, ehunka ikasle atera baititugu geletatik». «Gainera, badakigu etorri den jendeak argi daukala zer aldarrikatu nahi den, ez direla itsu-itsuan etorri», gaineratu du.

Gasteizko manifestazioaren amaieran «mobilizazioen beharra agerikoa» dela nabarmendu du Ikasle Abertzaleakek: «Sistema sozialista bat eraiki behar dugu eta hau ez da hemen amaitzen, hasi besterik ez da egin».