INFO

Euskara bigarren mailako hizkuntza gisa hartzen duen seinalea laga dute Baionan

Donibane Garaziko eskualdetik zabalduriko euskararen aldeko dinamikak lurra hartu du gaur Baionan. Euskara bigarren hizkuntza gisara hartzen duen seinale bat Pirinio Atlantikoen egoitzaren sarreran laga dute.

Seinalea departamenduko kontseiluak Baionan duen egoitzaren sartzean utzi dute. (Naiz)

Badira zenbait hilabete euskarari zor zaion tokia aitortzea, baita bide seinaleetan ere, galdetzen duen kanpainia abian eman zutela Nafarroa Beherean.

Geroztik euskararen aldeko auzolana ardatz Donibane Garaziko eskualdean hainbat seinale estali dituzte, euskara bigarraren hizkuntza gisara hartua izatea ez dutela gehiago onartzen argi uztearren.

Pirinio Atlantikoen Departamenduko arduradunekin elkarrizketa izateko xede agertu dute dinamika horren sustatzaileek baina oraingoz erantzunik ez dute ukan.

Gauzak horrela, mobilizaturik segitzen dutela agerian jarriz,  Donibane Garazin abiaturiko ekimenak Baionan hartu du lurra ostiral honetan.

«Aldi honetan, bide seinaletika elebidunean euskara bigarrenik erabiltzen duen taula bat kendu dugu eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko Baionako egoitzako arduradunen esku utzi dugu, Kontseilu Nagusiko hautetsier helaraz diezaien», azaldu dute ekintzaileek, HerriBiltzaren izenean plazaraturiko agiriaren gehigarriz seinale horren argazkia igorri dutela.

«Taula kentzeagatik jendea bidean galduko dela erranen duten mihitzarrei, 'hobe jendea pixka bat galtzea, hizkuntza bat osoki galtzea baino!' erraiten diegu» gaineratu dute ohar horretan.

Berriz ere, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiari, Euskal Herriko bide departamentaletako seinaletikan lehenik euskara erabiltzeko eskaera luzatu diote, hau da bide seinaletan seinaletikan gainean euskaraz eta azpian frantsesez idaztea.

Herrien izenei dagokienez, herrien izenaren ahozkera euskaraz eta frantsesez berdina edo berdintsua delarik, bakarrik euskarazko idazkera erabiltzea eskatu dute, eta ahozkera edota izena ezberdinak direnean, gainean euskarazko izena eta azpian frantsesezkoa ezartzea galdetu dute.

«Eskaera honetaz elgarren artean eztabaidatzeko, Kontseilu Nagusiari bilkura bat egitea berriz eskatzen diogu», gaineratu dute aipaturiko oharrean. Pirinio Atlantikoen Departamenduak Lapurdiko hiriburuan duen egoitzako arduradunek hitz eman dute dinamika horren bultzatzaileek luzaturiko eskaera Jean Jacques Lasserre buru duen departamenduko lehendakaritzari helaraziko diotela.