INFO

Erasmus programak 35 urte bete ditu erreferentzia bilakatuta; hiru adibide

«European Region Action Scheme for the Mobility of University Students» esanez gero, inork gutxik jakingo du zertaz ari garen, baina «Erasmus» siglak erabilita ez da zalantzarik izango. Europako unibertsitate ikasleak trukatzeko 1987an sortu zen programak 35 urte bete ditu aurten.

Erasmus filosofoaren irudia Rotterdameko eraikin batean. (Desire KRANENBURG | UNSPLASH)

Erasmus programa AEGEE Europe ikasle elkarteak sortu zuen eta bere helburua ez da nolanahikoa: «Goi mailako irakaskuntzaren kalitatea hobetzea eta dimentsio europarra indartzea, unibertsitateen arteko nazioz gaindiko lankidetza sustatuz, Europako mugikortasuna sustatuz eta Batasun osoan ikasketen eta kualifikazioen gardentasuna eta onarpen akademiko osoa hobetuz». Eta siglen garrantziak badu beste ertz bat, Erasmus XV. mendean Rotterdamen jaiotako filosofo, teologo eta humanista herbeheretar famatuaren abizena ere badelako.

Noski, 35 urtean programa asko aldatu da eta horren adibide da 2014. urtetik aurrera Erasmus+ izendapena jasotzen duela ofizialki, proiektura batu diren aukera gehigarriak izenean ere islatze aldera. Sortu zenean, esaterako, hamaika herrialde izan ziren martxan ipini zutenak: Alemania, Belgika, Danimarka, Estatu espainola, Estatu frantsesa, Grezia, Irlanda, Herbehereak, Portugal eta Britainia Handia. Gaur egun, aldiz, Europar Batasuneko 27 estatuak eta erakunde horretatik kanpoko beste hainbat ere barnebiltzen ditu programak.

Geografikoki bakarrik ez, parte hartu dezaketen pertsonen abanikoa ere asko zabaldu da urteotan. Unibertsitateko ikasleez gain, ikasketa profesionaletakoek ere bizi dezakete esperientzia hau, eta baita irakaskuntzan dabiltzan langileek edo boluntarioek ere. Eta kirol mundura ere zabaldu da horrenbesteko arrakasta izan duen trukatze sistema.

Datu batzuk errepasatzea nahikoa da arrakasta horren berri izateko. Urtero 600.000 pertsona inguru mugitzen ditu. Europako Batzordearen datuei erreparatuta, 2018-2019 ikasturtean Estatu espainolak 52.998 ikasle jaso zituen, Alemaniak 34.750, Estatu frantsesak 31.063, Britainia Handiak 30.501, Italiak 29.516… Eta kontuak beste aldera eginez, Estatu frantsesetik 49.066 ikasle joan ziren kanpora ikastera, Estatu espainoletik 44.052… Pandemia garaian nabarmen jaitsi ziren kopuruak.

Euskal Herrira etorrita, UPV/EHUk urtero 1.100 ikasle inguru jasotzen zituen pandemia iritsi arte programa desberdinen bitartez. Eta ideia bat egiteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 180 bat ikasle izan dira aurtengo ikasturtean iritsi direnak. Kopuru horiei unibertsitate pribatuetakoak gehitu behar zaizkie, beste hezkuntza arlo batzuetakoak, ikasle ez direnak…

Aurrekontu aipagarria

Aurrekontuari begiratuta ere, diru kopuruak aipagarriak dira, nahiz eta Europar Batasunaren datu orokorretan segur aski ez izan horren handiak eta ikasleei ere ez zaien iristen egonaldiari aurre egiteko behar beste. Erasmus+ programak 26.200 milioi euro jasoko ditu 2021-2027 bosturtekoan, aurreko epealdian (2014-2020) bideratu zenaren ia bikoitza. Kopuru horren %70 «pertsona guztien mugikortasuna» bultzatzeko erabiliko dela dio Europar Batasunak, «etengabeko ikaskuntza» lortzea helburu jarrita. Beste %30a estatuen arteko kooperazio proiektuetara bideratuko da.

2022. urteari dagokionez, zehazki, aurrekontua 3.900 milioi euro ingurukoa da, eta Europako Gazteriaren Urtea ospatzen dela baliatuz bost lan ildo nagusi indartu nahi ditu Erasmus programak: hezkuntza inklusiboa eta trantsizio ekologikoa; herrialde gehiagoren parte-hartzea; 18 urteko gazteei Europan barna bidaiatzeko aukera ematen dien DiscoverEU programa, bereziki egoera zaurgarrian daudenentzat; Europar Batasunaren «balioak» ikastetxeetan hedatzea helburu duten Jean Monnet ekintzak; eta kooperazio proiektuetarako gestioen sinplifikazioa.

 

Andrea Isasa (Txile, 2019)

«‘Eztanda sozial’ deitutako protestak harrapatu gintuen han, oso potentea izan zen»

Andrea Isasak Zuzenbidea eta Komunikazioa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta bosgarren mailako lehen lauhilekoan joan zen Viña del Marreko Adolfo Ibañez Unibertsitatera, nahiz eta Valparaiso aukeratu bizitzeko.

Hasieratik argi zeneukan Erasmus programa probatu nahi zenuela?

Bai, oso argi neukan. Gainera, bost urteko ikasketak ziren eta bost urte hemen agian luzetxo egingo zirela ere pentsatzen nuen. Unibertsitateak bosgarren mailan joateko aukera eskaintzen zuen, lehenengo seihilekoan, urte osorako aukerarik ez zegoen, eta horrela joan nintzen, zalantzarik egin gabe.

Eta nora joan ere bai?

Bada, begira, hasieran denek esaten dizute ingelesa oso garrantzitsua dela eta ingelesa landuko duzun herrialderen batera joateko, baina denbora igaro ahala gero eta jende gehiagori entzuten nion Hego Amerikara joan zela eta oso esperientzia ederra izan zela. Horregatik, nik ere gero eta argiago neukan Hego Amerikara joan nahi nuela. Txile suertatu zen, aukera eman zidaten joateko, eta oso pozik.

Hemendik bakarrik joan zinen edo lagunen batekin?

Ikaskide batekin, Tolosako neska batekin joan nintzen. Eta esan daiteke han ezagutu genuela elkar, zeren klasean batera geunden baina ez geneukan horrenbesteko harremanik eta han harreman oso estua egin genuen.

Akademikoki zer aurkitu zenuen?

Bada, gu Zuzenbidea egitera gindoazen, eta sekulako zortea izan genuen han atzerritarrentzat ikastaro berezi batzuk jarri zituztelako, Latinoamerikari buruz baina ingelesez; azken urtea izan zen, gainera. Bertako kultura eta historian sakontzeko aukera ematen zuten ikastaro horietan. Egia esan, gure lizentziaturarekin zerikusia zuen ia ezer ez genuen egin, baina bost ikastaro horiek baliokidetu zizkiguten. Aurten, adibidez, ahizpa unibertsitate berera joan da EHUko Zuzenbide ikasle gisa eta Zuzenbidean oso exijentzia maila altua aurkitu du. Gu baino larriago dabiltza alde horretatik.

Unibertsitate berean urtetik urtera gauzak aldatu daitezke, beraz.

Bai, bai. Guk egin genituen ikastaro horiek, adibidez, ordainpekoak dira orain, eta oso garesti jarri dituzte. Unibertsitate hori nahiko famatua da, uste dut Txileko bigarren garestiena-edo dela, eta maila ekonomiko altuko jendea joaten da orokorrean. Guri Viña del Marrekoek, adibidez, galdetzen ziguten ea nola bizi gintezkeen Valparaison, ea ez zigun beldurrik ematen, eta egia esan batere ez. Guk argi geneukan Valparaisora joan nahi genuela. Cerroak daude, mendi modukoak, eta ez dut txabola esango, baina baldintza apaletan bizi da jendea. Viña del Marren ikusten da jendeak diru gehiago duela, edo horren itxura egiten dute behintzat. Desberdina da.

Gaztelaniaz hitz egiten den herrialde batera joan zinen, baina diozunez ingelesa ere lantzeko aukera izan zenuen...

Bai, ikastaro horietan ikasle estatubatuarrekin egon ginen. Nahiz eta txikitatik ingelesa ikasten jardun, kosta zitzaigun pixka bat eduki eta gai horiek ingelesez lantzea. Baina hobetzen joan ginen eta normal egiten genituen aurkezpen eta antzerakoak. Gustura sentitu ginen. Alemaniarrak ere bazeuden… Bertakoez gain beste herrialde eta kultura desberdinetako jendea ezagutzeko balio izan zigun eta aberasgarria izan zen.

Eta txiletarrei dagokienez, harreman ona egin zenuten bertakoekin?

Oso ondo. Unibertsitateak berak oso harrera ona egin zigun. Harrera programa bat daukate eta nahi baduzu pertsona bat jartzen dizute unibertsitatea erakusteko eta hango gestioak egiten laguntzeko. Erasmusetik joandakoentzat gauzak antolatzen zituzten, festak… Eta txiletarrek orokorrean oso ongi hartu gintuzten. Valparaison ikasle gehienak ikasle etxeetan bizi dira, eta gu ere horrelako batera joan ginen. Etxe handiak izaten dira, hamar pertsona inguru sartzen direnak. Gurean adibidez 14 ikasle ginen: txiletarrak, alemaniarrak, frantsesak…

Eta ikasketez gain, izan zenuten herrialdea ezagutzeko aukera?

Bai, bai. Genituen ordutegiekin ostiraletan jai izaten genuen, eta batzuetan osteguna ere bai. Patagonian izan ginen, Chiloen, iparraldeko Atacaman… Txile oso handia da, zehazki oso luzea, eta leku gehiago ezagutu ez izanaren penarekin geratzen zara, baina dezente bidaiatu genuen. Eta gero, unibertsitatea amaitutakoan, bidaiatzen jarraitu nuen. Nire kuadrillako beste bat Argentinan zegoen, Buenos Airesen, eta berarekin joan nintzen Kolonbiara, Perura, Boliviara…

Ondo aprobetxatu zenuten egonaldia, beraz.

Bai. Gainera, han geundela “eztanda soziala” deitu zioten protesta hark harrapatu gintuen. Oso potentea izan zen, asko markatu gintuen. Jende asko bueltatu egin zen etxera, estatubatuarrak batez ere. 2019ko bukaeran hasi zen. Gu Argentinan geunden, Iguazuko ur-jauzietan, eta Buenos Airesera itzultzen ari ginela deitu ziguten abisatzeko. “Etxeratze-agindua” jarri zutela, eta ez bueltatzeko, apur bat itxaroteko. Buenos Airesen beste aste pare bat gehiago geratu ginen, eta Tolosako laguna eta biok Txilera itzuli ginenean egoera dezente aldatu zen. Esan daiteke gure Erasmusa bi zatitan banatu zela: protesta horiek hasi aurretik bizi izan genuena eta ondorenekoa. Militarrak kalera atera ziren, klaseak moztu ziren Valparaisotik Viña del Marrera joateko arazoak zeudelako, suteak kalean… Eta gero, hona bueltatu eta pandemia; 2020ko urtarrilean itzuli ginen.

 

Xabat Izagirre (Polonia, 2011)

«Uste dut urte askoan Poloniara joan zen lehen ikaslea izan nintzela»

Donostian Turismo gradua egiten ari zela joan zen Xabat Izagirre Poloniako Poznan hirira, hirugarren kurtsoko bigarren lauhilekoan. «Berlinetik hiru ordura, muga pasatu eta hortxe», azaldu digu kokalekua.

Argi zeneukan hasieratik Erasmus esperientzia bizi nahi zenuela?

Erasmusa bai, hori fijo. Turismo ikasketak egiteko arrazoietako bat horixe zen, bai ikasketengatik edo bai lanarengatik kanpora joateko aukera izatea. Eta Erasmus programa niretzat proba txiki bat bezalakoa zen, kanpoan zer moduz ibiltzen nintzen ikusteko.

Zergatik Polonia?

Hasieran ez neukan oso argi nora joan, baina nik herrialde edo helmuga desberdin batera joan nahi nuen, ohikoa ez zena behintzat. Nire kurtsoko jende asko joan zen Italiara, Ingalaterrara eta abar, baina nik esperientzia desberdin bat eduki nahi nuen. Egia esan, ez neukan erreferentzia askorik Poloniari buruz, baina herrialdeari eta Poznan hiriari buruz informazio apur bat bildu nuenean ikusi nuen oso polita zela eta erreferentziak oso onak zirela. Eta aurrera egin nuen.

Errespetua ematen duen faktoreetako bat hizkuntza izaten da. Nolakoa izan zen zure esperientzia?

Klaseak ingelesez jasotzen genituen. Gero bazegoen aukera poloniera klaseak jasotzeko, oinarrizko poloniera, baina klaseak ingelesez ziren. Nik ordurako oinarri bat baneukan ingelesez eta zentzu horretan ez nuen arazorik izan. Beraien lehen hizkuntza ez denez, elkar ulertzeko arazorik ez genuen izaten.

Poloniera oso hizkuntza desberdina da?

Oso desberdina, eta entzuna neukan joaterako nahiko zaila dela ikasteko, fama hori badauka. Oinarri-oinarrizko zerbait ikasi nuen, baina ahoskera oso zaila egiten zitzaidan. Kontsonante asko, guk erabiltzen ez ditugun soinu asko…

Hemendik lagun edo ezagunekin joan zinen?

Ez. Bi plaza zeuden eta ni bakarrik joan nintzen. Are gehiago, uste dut urte askoan Poloniara joan zen lehen ikaslea izan nintzela.

Bertakoekin harremana zer moduzkoa izan zen?

Oso ona. Ikasle egoitza batera joan nintzen. Hasiera batean nire asmoa nire kabuz moldatzea zen, bertako jendearekin ahalik eta gehien nahastu eta esperientzia sakonago bat bizitzeko. Baina azkenean egoitza horretan Andaluziako bi ikaslerekin jarri ninduten. Oso ongi nengoen haiekin, baina nire hasierako ideia ez zen hori. Gero aukera eduki nuen bertakoekin gehiago egoteko eta hango kuadrillatxo bat ere egin nuen, baina egunerokoan asko ibiltzen nintzen andaluziarrekin, portugaldarrekin…

Akademikoki exijentzia handia izan zen?

Bada, egia esan, ez. Esan bezala, urte askoan ez zen inor joan unibertsitate honetara eta ikusten zen arlo hori ez zeukatela oso landuta. Esan dezagun “show” bat izan zela alde horretatik. Ez zen turismo ikasketei zuzendutako unibertsitate bat, gehiago zegon IVEF moduko ikasketei zuzenduta, kirolarekin lotuta. Horregatik, nire arloarekin zerikusi handirik ez zuten ikasgai dezente izan nituen. Adibidez, bela ikastaro bat egin nuen, hipika… Eta gero natura eta ingurugiroari buruzko ikasgai oso orokor batzuk ere bai. Zentzu horretan, exijentzia zero esango dugu, baina esperientzia polita.

Ikasketez harago, izan zenuen denbora hiria edo herrialdea ezagutzeko?

Bai, bai. Klase oso gutxi geneuzkan eta bi-hiru asteko oporraldiren bat ere bai tartean. Krakovia bi edo hiru aldiz bisitatzeko aukera izan nuen adibidez, hegoaldean, eta asko gustatu zitzaidan. Eta Polonia iparraldea orokorrean, ez delako asko ezagutzen eta kulturalki oso potentea delako. Asko gustatu zitzaidan. Han bidaiatzea oso merkea da, gainera, eta aukera asko daude. Asko gozatu nuen.

Esango zenuke esperientzia hura baliagarria izan dela gerora ikasketa edo lan munduan?

Nire ustez, bai. Esan dizudan bezala, nik lehen esperientzia bezala hartzen nuen, banituelako gerora ideia batzuk masterra kanpoan egiteko. Karrera amaitu ostean masterra Holandan egin nuen, adibidez. Eta gero lan munduan ere atzerrira joan naiz. Hiru urtez Txilen egin nuen lan. Horregatik, Poloniako esperientzia horrek balio izan zidan ikusteko erremintak baneuzkala kanpoan ongi ibiltzeko.

Gomendatuko zenieke esperientzia gaur egungo ikasleei?

Bai, zalantzarik gabe. Gomendagarria da eta nik berriz egingo nuke. Nire klaseko jende asko ere hasieran zalantzatan zeuden eta nik uste gero denek oso pozik amaitu zutela. Baten bat egongo zen agian horren gustura egon ez zena, baina orokorrean oso gomendagarria da.

 

Iraitz Apeztegia (Eslovenia, 2022)

«Lehen inpresioan hiri nahiko txikia eta gertukoa iruditu zait Ljubljana»

Iraitz Apeztegia Arkitektura ikasten ari da Donostian eta aurten, laugarren kurtsoko lehen lauhilekoan, Ljubljanara joan da Erasmus bekarekin, Esloveniako hiriburura. Oraindik ez darama denbora asko bertan, baina oraingoz aurkitu duena asko gustatu zaio.

Argi zeneukan Erasmus esperientzia bizi nahi zenuela?

Baietz esango nuke. Agian ez zehazki nora joan, baina joan nahi nuela bai.

Azkenean Esloveniara joan zara. Zergatik?

Justu karrera berdina egin duen herriko lagun bat egon zen Eslovenian, eta bere erreferentzia neukan. Hori alde batetik. Eta bestetik, erakartzen ninduena zen Ljubljana hiriburua dela baina nahiko txikia, nahiko herrikoia zentzu horretan. Nire lehen aukera zen, eta bigarren Lituania jarrita neukan, Vilna hiriburua.

Eta lehen aukera tokatu izana zer da, dauden plazen eta eskaeren araberakoa?

Bai. Karrera bakoitzean eskaerak egiten dira eta leku bakoitzean plaza kopuru jakin bat egoten da. Plazak baino eskaera gehiago badaude, notaren arabera erabakitzen da, nota onenak dituenak lortzen du. Eta besteek libre daudenetara jo behar dute.

Akademikoki, oraingoz zer itxura hartu diozu unibertsitateari, klaseei…

Egia esan, orain dela gutxi hasi gara, Eslovenian ikasturtea urriaren 3an hasi zelako. Pixkanaka hasi gara eta oraingoz itxura ona hartu diot. Ez da horren teknikoa, apur bat abstraktuagoa edo filosofikoagoa da. Klase batzuk eslovenieraz dauzkagu, hiru bat, eta beste guztiak ingelesez.

Eta eslovenieraz diren klase horietan nola funtzionatzen duzu? Zerbait ulertzen duzu?

Ez, ez, ezertxo ere ez. Esan ziguten ikaskideren batekin edo irakaslearekin kontaktatu behar genuela, hari azaltzeko ez garela esloveniarrak, Erasmus ikasleak garela, eta pasatuko dizkigutela powerpoint eta apunteak ingelesez. Eta ez dela derrigorrezkoa klasera joatea.

Hemengo lagun edo ezagunen batekin joan zara?

Bai. Klasekide batekin. Justu bi plaza zeuden eta biok joan gara Ljubljanara.

Eta oraingoz ezagutzeko aukera izan duzunarekin zer itxura hartu diozu lekuari, jendeari…?

Bada, lehen inpresioan oso leku lasaia iruditu zait. Oso peatonala, auto gutxi ikusten dira, bizikletak sekulako garrantzia du kaleetan… Espazio publikoak daude, ibaiertza oinezkoentzat pentsatuta dago… Esango nuke hiri nahiko txikia dela eta gertukoa.

Eta hiriari edo herrialdeari dagokionez, badaukazu bisitatzeko lekuren bat bereziki interesatzen zaizuna?

Bada, esate baterako, Austriarekin muga egiten du Esloveniak eta inguru horretan daude Juliotar Alpeak. Mendi horiek ezagutu nahiko nituzke. Eta Bled lakua ere ezagutu nahi genuen, eta hor aurreko asteburu batean izan ginen. Oso-oso polita.

Beste elkarrizketatuei galdetu diet ea esperientzia baliagarria izan zaien. Zuri alderantziz galdetuko dizut: zer atera nahiko zenuke esperientzia honetatik?

Bada, azkenean, nire burua apur bat proban jarri nahi nuen, ea gai naizen etxetik kanpo daukadan adinarekin ongi moldatzeko, ongi antolatzeko. Eta heldutasun baten bila ere bai agian, pertsona bezala egoerak zure kabuz kudeatzeko gogo horrekin.

Eta oraingoz esango zenuke bidean zaudela?

Bai. Etxean igual ikusten ez dituzun edo konturatzen ez zaren gauzez jabetzen zara.