INFO

Hiru greba egun deitu dituzte azaroan Ibermatican

Ibermaticako enpresa batzordeak beste hiru greba egun deitu ditu azaroaren 3, 8 eta 10erako, urtebete baino gehiagoko negoziazioen ondoren hitzarmena blokeatuta dagoela salatzeko.

Ibermaticako enpresa batzordeak beste hiru greba egun deitu ditu azaroan. (ELA)

Ibermaticako langileen ordezkariek (CCOO, UGT eta ELA) hamar bilera baino gehiago egin dituzte zuzendaritzarekin, baina ez dute akordiorik lortu. Hori dela eta, beste hiru greba egun deitu dituzte azaroaren 3, 8 eta 10erako.

Sindikatuek diotenez, zuzendaritzak ez du «inolako ahaleginik» egin akordioa lortzeko eta egin dituzten soldata proposamenek «erosahalmenaren galera ekarriko die langileei». Gainera, «ez dute beste gai batzuetan hobekuntza garrantzitsurik ekarriko duen proposamenik ere egin». Izan ere, sindikatuek bere lehen asmoak baztertu zituzten eta %3,5ko soldata igoera proposatu zioten zuzendaritzari, baina honek ez zuen onartu. «Enpresa ez dago jarrera aldatzeko prest, eta negoziazioa luzatzen eta edozein soldata igoera baztertzen jarraitzen du», esan du CCOOk ohar batean.

Sindikatuek azaldu dutenez, Ibermaticaren 2021eko mozkinak aurreko urtekoak baino %55 handiagoak izan ziren (2019koak baino %22 handiagoak ere), eta datozen urteetarako hazkunde aurreikuspenak ere oso positiboak dira. «12 milioi euroko irabaziak aurreikusten dira baina, hala ere, enpresak oraindik ez du enpatiarik erakutsi, eta ez dute diru-sarrera horien zati bat plantillaren lan baldintzak hobetzera eraman nahi», nabarmendu du CCOOk.

Greba egunez gain, enpresa batzordeak elkarretaratzeak deitu ditu EAEko hiru hiriburuetan, baita Madrilen eta Bartzelonan ere. Hiri horietan ere baditu instalazioak. Orotara 4.750 langile ditu enpresak.