INFO

Tokiko Garapen Jasangarrirako Helburuak bultzatzeko egoitza bat ireki du NBEk Bilbon

Nazio Batuen Erakundeak Tokiko Garapen Jasangarrirako Helburuak bultzatzeko egoitza bat ireki du Bilbon, Local 2030 izenekoa. Euskadiko Artxibo Historikoaren eraikinaren seigarren solairuan ireki dute.

Local 2030 egoitzaren inaugurazioan izan diren karguetako batzuk, tartean Iñigo Urkullu eta Amina J. Mohammed. (Irekia)

Bilbok 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza iraunkorra inauguratu du astelehen honetan. Erakunde hori NBEren organo bat da, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) udalerri eta eskualdeetan bultzatzeko sortutakoa.

Egoitza Euskadiko Artxibo Historikoa eta Gogora Institutua dauden eraikinaren seigarren solairuan ireki dute, Maria Diaz de Haro kalean.

ONU-Habitat eta PNUD (Nazio Batuen Garapenerako Programa) dira, elkarrekin, 2030 Tokiko Koalizioaren buru. Presidentea, bestalde Amina J. Mohammed da, Nazio Batuetako idazkariorde nagusia.

Mohamed inaugurazioan izan da, eta hiriek GJHak lortzeko duten garrantzia azpimarratu du: «Hiri plangintza, zerbitzu publikoak eta energia berriztagarrietarako trantsizioa hobetu behar ditugu, hiriek karbonoaren %70 isurtzen baitute», deskribatu du. «Espero dut Bilboko egoitza boteredun ahots bihurtzea», amaitu du.

 

Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkie Nazio Batuei egoitza hartzeko Bilbo aukeratzeagatik, «Euskadin 2030 Agendaren arloan egindako ibilbidea aitortzen duelako eta, funtsean, etorkizunerako konpromisoa delako».

Urkulluren iritziz, egoitza honek «zentzu osoa» du; izan ere, «Estatu azpiko gobernuek zeregin garrantzitsua izan behar dute Agendaren gobernantza globalean, haien konpromisoa estrategikoa baita GJHen balantzea hobetzeko».

Bestalde, Jose Manuel Albaresek, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministro espainolak, Lakuako Gobernuarekin, Bilboko Udalarekin eta BBKrekin batera egindako lana azpimarratu du eta idazkariorde nagusiaren bisitaren garrantzia azpimarratu du.

«Gaur hemen egoteak agerian uzten du gure hiriek eta eskualdeek garapen iraunkorreko helburuak lortzeko duten garrantzia, eta, era berean, ekimen horietan Espainia herrialde liderra dela azpimarratzen du», zehaztu du.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Maimunah Mohd Sharif, Giza Asentamenduetarako Nazio Batuen Programaren (ONU-Habitat) zuzendaria; Lilith Verstrynge, 2030eko Agendako Estatu idazkaria, eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea.

Lakuako Gobernuak konpromisoa hartu du egoitza honi 1,5 milioi euro emateko urtero, hasierako hiru urteetan.