INFO

Argizaiolak, hildakoei bidea argiztatzeko oholak

Euskal Herrian ia erabat galduta dago hildakoei argizaiolak pizteko ohitura. Amezketan, ordea, historiaurretik datorren ohitura hau gaur egunera arte mantendu dute, belaunaldiz belaunaldi.

Amezketako elizako hilobiak haritz edo gaztainondo oholez estalita daude eta, gainean, familia bakoitzari dagokion belaunaulkia eta argizaiola dituzte. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Zalantzarik gabe, historiaurreko biztanleek beste begi batzuekin ikusten zuten heriotza. Gaur egun bizitzaren amaiera besterik ez dena garai batean existentziaren beste etapa bat bezala ikusten zuten. Heriotzaren ondoren nolabaiteko bizitzaren bat existitzen zela uste zuten, eta horregatik, hilobietan, bigarren bizitza horretan lagungarri izango zitzaizkien ondasunak uzten zituzten –bitxiak, armak, janaria, edaria…– eta hilobiaren gainean, nola ez, argia.

Gorka Garmendia historialari amezketarrak dioen bezala, hildakoekin harremanetan jartzeko ohiturak Kristo aurreko 3.500. urtera arte garamatza, gutxienez. Indoeuropar etorreren aurreko garaiak ziren haiek, eta emakumeen esku zegoen eginkizun hori. Zergatik? Etxearen jabetzaren transmisioa emakumeen artean egiten zelako, eta transmisio horrek ardura garrantzitsu bat ere bazekarrelako: etxean bizirik zeudenak zaintzea, baita hildakoak ere. Eginkizun hori, beraz, emakumeek bakarrik ezagutzen zuten.

Garai hartakoak dira, hain zuzen, Euskal Herriko trikuharriak eta megalito funerarioak. Hildakoen mundura sartzeko ate bezala hartzen zituzten, eta haien inguruan akelarreak egiten zituzten, baina ez gaur egun daukagun irudi okerrarekin, baizik eta hildakoen munduarekin harremanetan jartzeko erritu bezala. Horretarako, bertan parte hartzen zuten emakumeek sua pizten zuten eta haren inguruan oinarritzen zituzten euren ospakizunak.

Harrezkero, eta gaur egun pizten diren argizaioletara iritsi arte, suak eta argiak elementurik garrantzitsuenak izaten jarraitu dute. Migrazio indoeuroparrak iritsi zirenean, zeltek su hori erabiltzen jarraitu zuten hildakoei bidea argitzeko, eta hor sortu ziren, adibidez, mundu guztian ezagunak egin ziren argiztatutako kalabazak.

Zeltak mendietan eraikitako kastroetan bizi izan ziren erromatarrak iritsi arte, eta azken horiekin kristautasuna iritsi zen. Kristauek bereganatu egin zituzten hildakoak omentzeko egiten ziren ospakizunak eta 835. urtean, Gregorio IV.a aita santuak azaroaren 1ean ezarri zuen Santu Guztien eguna, ordura arte egiten ziren erritu paganoekin bat egiteko.

Ospakizun paganoa kristautasunera bihurtu arren, suaren garrantziak bizirik jarraitu zuen mendez mende eta ospakizunak eliza barrura pasatu ziren. Izan ere, mendeetan zehar, ohitura izan zen hildakoak eliza barruan hilobiratzea, eta familia bakoitzak bere hilobia zuen leku jakin batean.

Urteko jai guztietan, eta bereziki Santu Guztien egunean, etxeko emakumeak hildakoei bidea argiztatzeaz arduratzen ziren, etxeko sua hildakoei eramanez. Belaunaldiz belaunaldi mantendutako ohitura zen. Eta horretarako, bereziki prestatutako argizaiolak erabiltzen zituzten.

Ohola eta argizaria

Argizaiolak, izenak dioen moduan, itxura antropomorfoa duten zurezko oholak dira (burua, besoak, gorputza eta hankak irudikatzen dituzte) eta gehienetan irudi geometrikoez apainduta daude –asko eta asko jatorri zeltako irudiak–. Bere inguruan, argizari luzeak dituzte kiribilduta, hilabeteetan zehar argia eman dezaten. Izan ere, bere betebehar nagusia etxeko sua hildakoei eramatea da eta, modu horretan, heriotzaren ondorengo bidea argiztatzea.

Amezketako San Bartolome eliza eta, aurrealdean, gaur egun hilobiratzeak egiten diren kanposantu berria. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Ohitura hori oso zabaldua egon zen Euskal Herrian XIX. mendearen hasiera arte. Ordura arte, hildako guztiak eliza barruan lurperatzen zituzten, baina orduz geroztik, leku arazoagatik eta batez ere, osasun arrazoiengatik, hildakoak elizaren kanpoaldean hilobiratzen hasi ziren.

Familiek, orduan, galdu egin zuten eliza barruan zuten hilobia, ia eliza gehienetan konponketak egiten hasi baitziren erabilpenik gabe zeuden hilobiak kentzeko. Foru Aldundiaren ekimenez, ordea, Amezketan hilobi zaharrak gordetzea lortu zuten, ohitura hori galtzear zegoela ikusirik.

Horrela, San Bartolome elizan 150 hilobi baino gehiago aurkituko ditugu pasabide nagusiaren alboetan, guztiak haritz edo gaztainondo tapa batez estalita. Eta bakoitzaren gainean, familia bakoitzari dagokion belaunaulkia eta argizaiola. Aspaldian inor lurperatzen ez bada ere, argizaiolak pizteko ohitura ez da desagertu.

XXI. mende honetan, beraz, oraindik ere hildakoei etxeko sua eramaten jarraitzen dute Aralar mendilerroaren magalean dagoen Amezketa herriko emakumeek, ehunka eta milaka urtetan egin izan duten bezalaxe. Izan ere, eta Gorka Garmendia ikerlariak dioen bezala, «emakumeek bakarrik zuten hildakoekin hitz egiteko eskubidea, beraiek ziren barne mundu horretako jabeak eta hildakoei bizirik zeudenei laguntzeko eska ziezaieketen pertsona bakarrak».