Baieztatu dute Arnales mendia hirumilako bat dela
Sostremetries taldeak eginiko neurketa baten arabera, Pirinioetako mendi horrek 3.001,37 metro ditu. Zehaztasun milimetrikoko neurgailu topografikoak erabili ditu.
Arnales mendiak ez du batere “zorterik” izan duen garaiarekin. Ofizialki 2.996 metro ditu. Hala dio, aspalditik gainera, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) argitaratutako mapa topografikoan (1;25:000). Gutxigatik bada ere, ez da hirumilakoen zerrendan sartzen.
Alabaina, ofizialak ez diren beste neurketa batzuek kontrakoa diote. Pirinioetako hirumilakoen inguruan Juan Buysek eta Luis Alejosek argitaratutako liburuek, adibidez, diote Analesek 3.006 metro dituela. Bi argitalpen horiek, berez, ez dute neurketarik egin. Haien oinarria UIAA-k (Nazioarteko Mendi eta Eskalada Federazioa) eginikoan zehazten da. Hots, aipatu dugun garaiera hartu dute.
Orain, berriz, Sostremetries taldea beste iritzi batekin azaldu zaigu. Arnalesen altuerari buruz egin berri duen neurketak baieztatzen du mendi hori hirumilako bat dela. Baina ez dator bat UIAA-ren neurketarekin. Metro gutxi batzuk kendu dizkio, eta Sostremetries taldearen arabera 3.001,37 metro ditu.
Agian, Pirinioetako hirumilakoen zerrendaren atzetik dauden mendizaleek lasaitu ederra hartu dute, baina jakin badakigu, ofiziala ez den arren, badaezpada ere igotzen dutela. Nahiz eta mendizaleek eta beste eragile batzuek argi duten Arnales hirumilako bat dela, nahasmendua dago neurketa horren inguruan. IGN taldeak neurketa berri bat egingo ote du? Momentuz, itxaron beharko da.
Zalantza horiek guztiak, gainera, indartu dituena Aragoiko Institutu Geografikoa (IGEAR) izan da. Argitaratutako bere kartografian (1:5.000) zioen Arnalesek 2.999,9 metro zituela. Baina datuak eguneratu eta neurketa hori biribildu du: 3.000 metro.
Zehaztasun handia
Sostremetries taldeak egin berri duen neurketaren inguruan aurreratu behar dugu zehaztasun milimetrikoa duten neurgailu topografikoak erabili dituela. Eta berriro gogoratu nahi dugu: talde horren arabera, Aragoiko mendi horrek 3.001,37 metro ditu.
Talde horri eskertu behar zaio Arnalesen inguruan egin duen neurketa berria; izan ere, azkenak 80ko hamarraldikoak dira. 1995. urtera atzera egin eta UIAA-ren irizpideak ikusiko ditugu. Federazio horren arabera, Pirinioek 129 gailur nagusi zituen. Eta Arnales zerrenda horretan sartu zuen. Baina teknologia asko aurreratu da, eta oinarri sendo bat erabiliz Sostremetries taldeak argitu du, ez ofizialki, mendi hori hirumilako bat dela.
Talde honek orain arte erabili diren neurketa ezberdinen metodologiak eta teknologiak aztertu ditu. Zalantza guztiak uxatu ahal izateko, Sostremetries taldeak argi eta garbi izan du Arnales mendiaren tontorrean bertan zehaztasun milimetrikoa duten neurgailu topografikoekin neurketa horiek egin behar zituela. Gogoratu behar dugu metodologia horrek arrakasta izan duela Kataluniako hainbat menditan erabili denean.
Arnaleseko gailurra zapaldu, hiru ordu antolatzen egon eta soilik hiru minutu behar izan zituzten neurketa berria argitzeko. ARAGEA teknologiarekin konexioa egin zuten, eta aipatu dugu emaitza eman du.