INFO

Ipar Euskal Herria, etorkizuneko campusa garatzeko erronkari so

Euskal Elkargoak, batetik, eta UPPAk, bestetik, hiru lurraldeetako beharrei so eginez, mugaz gaindiko dimentsioa izanen duen campusa garatzeko helburua hauspotzen dute. Goi ikasketen «paradigma aldaketa» aztertu du Eguzki Urteagak ‘La politique d’enseignement supérieur au Pays Basque’ liburuan.

Ikasleak UPPAk Baionan duen campuseko jantokira sartzen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Gero eta globalizatuagoak eta interdependenteagoak diren gizarteetan formazioan eta berrikuntzan inbertitzea estrategikoa da eta, horren jakitun, «metropoliak soilik ez, hiri ertainak ere beren posizionamendua indartzeko ahaleginean ari dira». Testuinguru horretan kokatzen du, hain zuzen, Eguzki Urteaga soziologia irakasleak Ipar Euskal Herrian goi ikasketen arloan abian den «paradigma aldaketa».

Parisko L'Harmattan argitaletxearen eskutik, ‘La politique d’enseignement supérieur au Pays Basque’ liburua plazaratu berri du; «lurraldearen ikuspuntutik eta gobernantza ereduari dagokionez» Iparraldeko hiru lurraldeek unibertsitate sistema garatzeko jorratu duten ibilbidea aztertu du Urteagak. Lehenik eta behin, gizarte zibila eta erakundeak goi ikasketak sustatzeko asmo horretan ados daudela aipatzen du Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, oinarrizkoa dena.

Finean, bide paraleloa egin dutelako, alde batetik, gizarte eragileen eta hautetsien arteko zubi lana egiten duen Garapen Kontseiluak, eta bestetik, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak (UPPA).

«Benetako kontzientzia hartze bat dagoela esango nuke, ez dugulako bistaz galdu behar dagoeneko ‘Euskal Herria 2010’ lan prospektiboan atal oso bat eskaini zitzaiola arlo horri», gogorarazi du Urteagak. Garai horretan agerikoak ziren goi ikasketak burutu nahi zituzten euskal ikasleek atzematen zituzten zailtasunak.

«Goi ikasketei buruzko eskaintza apala izanik, ikasle anitz kanpora joatera behartuta daude, eta horietarik asko ez dira herrira itzultzen»

 

Gaur egun, oraindik ere, Akitania Berria eskualdeko datuak aintzat harturik, Ipar Euskal Herriak mila biztanleko bigarren ikasle ratiorik apalena duela nabarmendu dio GARAri EHUko irakasleak.

«Goi ikasketei buruzko eskaintza apala izanik, ikasle anitz kanpora joatera behartuta daude, eta horietarik asko ez dira herrira itzultzen», adierazi du soziologoak.

Bi lurralde proiektu idatzi dira ordutik hona, baita frantses Estatuarekin kontratuak izenpetu ere. Lehena 2007-2013 epean izan zen indarrean, eta bigarrena, 2015. eta 2020. urteen artean.

Geroztik Euskal Elkargoaren sorrerak, alde batetik, eta deszentralizazio eskemari loturiko egitasmoek, bestetik, gogoeta hornitu dute. Hausnarketa bide ezberdinetatik heldu bada ere, egun egitasmoa gorpuztua dago eta gero eta aiseago mintzatzen da jendea Ipar Euskal Herrian «etorkizuneko campus»-ari buruz.

‘Irekia’ egitasmoa

Prozesua zehaztapen fasean sartu dela iradoki du Urteagak, UPPAk aurkezturiko Irekia egitasmoa platerera berehala ekarriz.

Estatu frantseseko Ikerketarako Agentzia Nazionalak (ANR) aitzineraturiko bikaintasunaren aldeko egitasmoari esker 8,6 milioi jasoko ditu Ipar Euskal Herrian 4.000 ikasle biltzen dituen UPPAk.

Hain zuzen, Baionan eta Angelun campusak dituen erakundeak orotara 30 milioi euroko buxeta izanen du hiru euskal lurraldeetan bere egitasmoa sendotzeko.

‘Irekia’ programaren barruan, ondoko urteetan 35 lizentziatura, 20 master eta 14 katedra berri sortzeko asmoa jaso du UPPAk.

 

Bestalde, 2025erako 10.000 ikasle erakartzeko gai izanen den goi ikasketen sarea sustatzeko helburua aletu zuen Euskal Elkargoak 2022ko otsailean plazaraturiko egitasmo estrategikoaren bidez. Egun 7.500 ikasle inguru goi ikasketak egiten ari dira Ipar Euskal Herrian. Eskaintza zabaltzeko ahalegin horretan, herrialdeen arteko oreka zaintzeari garrantzi berezia emanen dio Euskal Elkargoak. Hala, Zuberoako hiriburuan hiru urteko diplomatura bultzatuko du, Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatearen eskutik.

Era berean, ikerkuntza sustatzeko asmoz, zortzi formazio berri sortzen laguntzeko 2,25 milioi euroko funtsa sortu du Ipar Euskal Herriko erakundeak.

‘Irekia’ programaren barruan, ondoko urteetan 35 lizentziatura, 20 master eta 14 katedra berri sortzeko asmoa jaso du UPPAk.

Eguzki Urteagaren ustez, egitasmo horiek denek «paradigma aldaketa bat» irudikatzen dute. «Orain arte beste unibertsitateek garatzen ez zituzten eremuak identifikatu eta arlo horretan egiten zen indarra; esaterako, Bidarteko Izarbelen ingeniaritza eskola sortu zen eta horren inguruan garatu ziren handik aurrera lehiakortasun poloa, ikerkuntza zentroak eta enpresak, nolabait klusterraren kontzeptuari jarraituz», zehaztu du irakasleak.

Orain finkaturiko erronkak, ordea, beste dimentsio bat du, «unibertsitate jeneralista sortzea planteatzen duelako». Formakuntza esparru gehienetan eskaintza zabaltzea eta ikasleei formakuntza osorik Ipar Euskal Herrian egiteko aukera bermatzea; laburbildurik horiek dira Ipar Euskal Herrirako irudikaturiko campusaren ezaugarri nagusiak.

Eguzki Urteagaren erranetan, «eskaintza aniztea eta osatzea» ekarriko luke eredu berriak. Gauzak horrela, unibertsitate propioa izateko Batera plataformak 2000. hamarkadaren hasieran aletu zuen funtsezko aldarrikapena egikaritzetik hurbilago ote dago Ipar Euskal Herria?

Unibertsitate autonomoa

Goi ikasketak Euskal Herritik alde egin gabe egiteko aukera bermatzea aspaldiko eskakizuna da. Enbata mugimenduak aldarrikapen hori aurkeztu zuenetik beti izan da, esaterako, mugimendu abertzalearen proposamenen artean. Izan ere, 2000. hamarkada hasieran Batera plataformak jendarte eremu guztietara hedatu zuen egitasmoa.

Frantziar unibertsitate sistemak eredu zentralistari jarraitzen diola ahantzi gabe, Urteagaren iritziz, bai deszentralizazio prozesuek bai goi ikasketei buruz aitzineraturiko hainbat erreformak aukera berriak irudikatu ditzakete.

Lehen eta bigarren mailako ikasleen artean gutxiengo batek baino ez du ikasten frantsesa Hego Euskal Herrian, eta horrek zaildu egiten du unibertsitate ezberdinen artean mugikortasuna garatzea

 

Hala, ‘Irekia’ egitasmoan atal berezia eta finantzamendu lerro propioa eskaintzen zaio mugaz gaindiko lankidetzari. Egun dauden hartu-emanak sakontzen lagundu behar luke plan berriak.

«Paradoxikoki, lehen eta bigarren mailako ikasleen artean gutxiengo batek baino ez du ikasten frantsesa Hego Euskal Herrian, eta horrek zaildu egiten du unibertsitate ezberdinen artean mugikortasuna garatzea, esaterako Erasmus programaren eragina mugatuz», deitoratu du.

Euskara da, edonola ere, ardatz garrantzitsuenetarikoa elkarlana sendotzeko eta baita Baterak eskatzen zuen unibertsitate eredu propioa garatzeko ere.

Ipar Euskal Herrian eskaintza oso mugatua denez, euskarazko irakaskuntzan dabiltzan ikasleek Hego Euskal Herrira jo behar dute goi ikasketak egiteko.

Urtetik urtera, EHUra joateko aukera jorratzen duen ikasle kopuru hori emendatzen doa eta, egun dauden oztopoak gaindituz, garapen horri laguntzeari «zinez interesgarri» deritzo Eguzki Urteagak.

Osagarritasunetik antolatu beharko litzateke euskarazko eskaintzaren garapena Ipar Euskal Herriko campusean?

Irakasleak defendatu duenez, «identitate europarra garatzeko funtsezkoa izan da Erasmus programa eta, Euskal Herriari dagokionez, ikasleen joan-etorriak interesgarriak dira, ikasle horiek zubigileak bilakatzen direlako aurrera begira loturak nazio mailan ehuntzeko».

Ikuspuntu horretatik, «erabat osagarria da», bere ustez, euskarazko irakaskuntza Ipar Euskal Herrian garatzea eta Hego Euskal Herrira joateko bide horri laguntzea.

«Garapen Kontseiluko ordezkariek, UPPAko arduradunekin bildu zirenean, jarrera irekia atzeman zuten Ipar Euskal Herriko errealitate soziolinguistikotik abiatuta euskarazko eskaintza garatzeko», gaineratu du baikortasun puntu bat erakutsiz.

Begirada zabala

Oroz gainetik, etorkizuneko campusa irudikatzeko orduan, begirada zabala izatea funtsezkoa dela erran du soziologia irakasleak.

Higiezinen gaineko presio itzela pairatzen duen lurraldean unibertsitaterako azpiegiturak eraikitzea eta, ezinbestean, horrekin batera ikasleentzako bizitoki egokiak bermatzea «ez da egun batetik bestera inprobisatzen eta ikusmolde integralean aritzeko orduan Euskal Elkargoaren esku-hartzea ezinbestekoa da».

Estiako campusean azken urteetan garaturiko zabaltze faseek era ezin gordinagoan erakutsi dute, bereziki euskal kostaldean, nekeza dela oso ikasleak aterpetuko dituzten bizitokiak sortzeko lur eremuak atzematea.

«Ipar Euskal Herriak nahi badu garatu campus bat, horrek interbentzio orokor bat» eskatzen du Urteagaren arabera

 

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidente Andre Garretak behin baino gehiagotan ohartarazi du «ekonomia erresidentzialari» kontrapisua egiteko ezinbestekoa dela ekoizpen-jarrerari buruzko «begirada aldatzea».

«Ipar Euskal Herriak nahi badu garatu campus bat, horrek interbentzio orokor bat» eskatzen duela aitortzen du Urteagak. Bere erranetan, auzi bakarra ez da «ikasle kopurua bikoizteko xedea» finkatzea, baizik eta goi ikasketak ardatz harturik benetako dinamika berritzailea plantan emateko hautua egitea. Horrek maila guztietan eragiteko prestasuna eskatuko luke, «kalitatezko lana sustatuz, etxebizitza, mugikortasun eta oro har lurralde antolaketari buruz gizarte jasangarri bat eratzeko asmoa bada», gaineratu du irakasleak.

Erronka handia dela aintzat hartuta ere, «benetako kontzientzia hartzea dagoelarik, aspaldiko eskakizuna den bertako unibertsitatea garatzeko ordua» dela iradoki du ‘La politique d’enseignement supérieur au Pays Basque’ liburuaren egileak.