INFO

Zigorra beteta aske da Jon Gurutz Maiza etxarriarra, gaixorik eta 71 urte dituela

Frantziar auzitegiek ezarritako zigorra guztiz beteta, Martuteneko espetxetik aske atera da ostiral honetan Jon Gurutz Maiza etxarriarra. 1978. urtetik etxetik urrun zebilen eta gaixotasun ugari ditu.

Jon Guruz Maiza, Martutenetik atera berri ostiralean honetan. (Etxerat)

Etxarri Aranatzen jaiotako Jon Gurutz Maiza aske geratu da ostiral honetan, zigorra amaituta. Kondena frantziar auzitegietan ezarri bazioten ere, kartzelaldiaren azken zazpi hilabeteak Martutenen eman ditu, berak hala eskatuta, Euskal Herrian eta etxetik gertuago egon ahal izateko.

Lannemezanetik lekualdatu zuten Donostiara. Legeak onartzen zuen aukera bat da eta kasu honetan eskubidea onartu zitzaion.

‘Iluntasunetik etxera’ dokumentalak jakinarazi zuen bere egoera larria 2019. urtean. Izan ere, 44 urte pasa ditu etxetik urrun eta orain 71 ditu: ia bizitzaren bi heren ihesean edo espetxean joan zaizkio.

Duela hamabost urte atxilotua eta espetxeratua izan zenetik gaixotasun ugari pilatu ditu Maizak: hipertentsioa, diabetesa, ikusmenean arazoak, bihotzekoak... Gaixorik diren presoen zerrendan izan da.

Orain Jon Gurutz izeneko plataforma ere sortu zen bere herrian, behingoz aske utz zezaten aldarrikatzeko.

2007. urtean Rodez herrian atxilotu zuen Polizi frantsesak; ordurako jada 56 urte zituen Jon Gurutz Maizak. La Santé-n eta Saint Maurren izan zuten gatibu, baldintza oso txarretan. Adibide gisa, handik erietxera eramaten zutenean, eskuak eta hankak lotuta (hauek kateen bidez) egiten zutela salatu zuten dokumental horretan.