INFO

Dokumental hau ikusita daukat


Baloiarekin ari dira, mutiko taldea. Builoso kuadrilla. Ondo pasatzen ariko dira igual, baina oihuak, maldizioak, bultzadak, ostikoak gero eta ozenagoak dira. Algarak ere nabarmenak. Jolasaren muga pasatzen ari direla iruditzen zait, jostatzearen eta elkarri mina ematearen arteko marra ikusezin hori. Honezkero nabarmena da baten batek negarrez amaituko duela. Etxekoak balira honezkero egin nien orro bat. Baina ni hemen bankuan eserita dagoen señora bat baino ez naiz, irakurtzen saiatzen haurtzaroa den oihan iskanbilatsuaren izkina honetan. Bada, bai, joan ninteke beste toki batera, baina uste dut jakin-mina dudala jolasa-borroka nola amaituko den. Animalien dokumental bati begira dagoena nola.

Handikote builoso hori orain arte oharkabean zebilen lotsati plantako horri oldartu zaio. «Zergatik zabiltza beti baloitik ihesi? Que puto gay». Kakaputza, dokumental hau ikusita daukat. Eta ni hemen denbora galtzen!

Umetan ikusi nuen lehen aldiz, ikastolako jolasgaraian. Pilotalekuko paretaren kontra jaurtitzen zuten baloia, nork indartsuago, nork kolpe ozenagoa. Eta gutako batzuk, txaparen azpian uzkurtuta. Jolasa horrela omen zen. Nerabezaroan ere askotan ikusi dut dokumental hori. Parranda giroan, gizonkote kuadrilla, elkar astintzen. Baloiaren ordez tragoak tartean. Zein builosoago, zein indartsuago, zein aldrebesago.

Ordutik hainbeste aldatu naiz ni, kasik sinetsita nengoela dokumental horiek eta jokabide horiek dagoeneko ez zeudela modan. Eta hara non konturatu naizen oraindik dozena bat urte pilatu ez dituzten mutiko horiek lokatz beraren gainean ari direla bizitza ibiltzen. Eta pentsa zenbat pauso dituzten emateko oraindik. Akaso garaiz gabiltza. •