INFO

Leire Garaik eta Nora Mendizabalek aurrera egin dute abiadura hartzen hasi den kaiolan

Errematean asko asmatuta, gasteiztarrak 22-5 irabazi dio Olatz Beitiari, eta andoaindarrak gehiago sufritu behar izan du Leire Galeanoren aurka (22-12).

Leire Garaik ikaragarri asmatu du errematean final laurdenetara heltzeko. (EMC)

Usansolo eta Okondon asteburuan jokatutako final zortzirenetako lehen kanporaketekin, Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketa hasi da abiadura hartzen eta Biarritzen zilarrezko domina kolkoratu zuen Leire Garai gasteiztarrak eta Nora Mendizabal andoaindarrak final laurdenetarako sailkatzea lortu dute Olatz Beitia eta Leire Galeanori, hurrenez hurren, irabazita. Asteburuan denera 14 partida jokatuta normala denez denetariko emaitzak egon diren arren, orokorrean partida nahiko orekatuak izan dira eta gazteenen mailak astetik astera hobera egiten duela nabarmen geratu da, frontoira gerturatu diren pilotazaleen gozamenerako.

Elite mailari dagokionean, larunbatean Usansolon Leire Garaik partida borobila jokatu zuen Olatz Beitiari 22-5 irabazteko. Lekeitiarra hobekuntza handia izaten ari da aurreko koadroetan azkenaldian, astelehenean Daniela Vargasen aurka partida handia jokatzetik zetorren, baina parean tantoak amaitzerako orduan ia denean asmatu zuen aurkari batekin egin zuen topo. Partida emaitzak iradoki dezakeena baino gogorragoa izan zen, baina definizioan gasteiztarrak koxka bat gorago dagoela erakutsi zuen.

Oreka eta emozio handiagoa egon da Okondoko jaialdiko pilota misto elitekoen arteko partidan eta beran Nora Mendizabalek 22-12 irabazi dio Leire Galeanori. Tanto piloteatu eta dotoreak jokatu dituzte bi pilotariek, baina andoaindarrak beste segurtasun bat erakutsi du partida osoan zehar eta merezita lortu du hurrengo kanporaketarako txartela.