Asko eta anitzak izan daitezke hilekoaren gorri tonuak
Menstruazioari buruz hitz egiten du EsCarolotaren ‘Holakoak dira gure hilekoak’ liburu ilustratuak, hilekoa izateko, bizitzeko, esperientzia ezberdinak bilduz. Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak euskaratu du ilustratzaile kataluniarraren lana eta Txalapartak argitaratu du.
Ongi-etorria eta maitatua da batzuentzat, besteentzat –eta agian hau da gehien entzuten den aldea– izugarrizko minen eragilea eta aldizkako bizikide gorrotagarria. Badira tanpoiak erabiltzen dituztenak, baita kopak nahiago dituztenak ere, edo konpresak, ala belakiak. Batzuek umetatik jakin dute zer den, nola eta zergatik etortzen den, beste batzuek beldurrez eta lotsaz zikindu dute lehen aldiz barruko arropa, inork ez zielako ezer azaldu.
Hilekoa izateko eta bizitzeko modu asko dago. Baina EsCarolotak lortu du menstruazioaren kartografia ulerterraz eta dibertigarri bat osatzea, ‘Holakoak dira gure hilekoak’ komiki liburuarekin. Txalaparta argitaletxeak ekarri du ilustratzaile kataluniarraren lana Euskal Herrira, Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak euskarara.
Antropologiaren eta hezkuntzaren esparruetatik dator EsCarolota ilustratzaile gaztea eta feminismotik landu ohi ditu bere lan grafikoak. Bere lehenengo liburuan, ‘Abc Feminista’-n, Carolota izeneko pertsonaiaren bizipenak, ohikoak baina ertz askokoak, betaurreko moreekin begiratzera gonbidatu zituen irakurleak. ‘Holakoak dira gure hilekoak’ liburuan, aldiz, hilekoaren bueltako esperientzia desberdinak bildu ditu komiki formatuan.
Umorearen bidez eta begirada feministarekin hitz egiten du menstruazioari buruz. Hala dio liburuan, sarrera modura: «Nork bere modura bizi du hilekoa. Hilekoa duten batzuek gogoko dute hilekoa izatea, eta beste batzuek ez. Batzuentzat oparia da, eta beste batzuentzat zigorra. Erdibideak ere badaude. Hileko batzuk erloju baten doitasunez etortzen dira eta beste batzuk oso irregularrak dira. Batzuentzat zikloa bere burua ezagutzeko bidaia atsegingarria da, eta beste batzuentzat ezin menderatuzko errusiar mendia».
Bizipen errealak
Menstruazioa zer den modu didaktiko, erraz eta dibertigarri batean azaltzen dute liburuaren lehenengo lau kapituluek: Zer da hilekoa? Zer gertatzen da etortzen ez bada? Hilekorako erabiltzen diren gauzak, nolakoa da hilekoa? Meno-zer? Azken kapitulu batean, berriz, zenbait pertsonak hilekoarekin duten esperientzia errealak kontatu ditu egileak, komiki itxura emanda.
Horrela, agertuko da gizon trans bat, azalduz zergatik erabaki zuen hilekoa ez etetea. «Nire baitan ulertu nuen jaiotzez dudan gorputza baizik ez daukadala neure burua garatu ahal izateko», dio. Agertuko da, halaber, andrazko zahar bat, kontatuz nola aurrenekoz hilekoa jaitsi zitzaionean «hil egingo naiz» pentsatu zuen, lehen kolpean; ikasia baitzuen txikitatik odolaren gorriak ez duela ezer onik ekartzen, ezer ez zekielako menstruazioari buruz, inork ez ziolako azalpenik eman. Nolabait, hilekoak sorpresaz ez dezala inor harrapatu ere aldarrikatzen du liburuak, eta horretarako lehen pausoa ematen du: tabuak apurtu.
Tabua baita oraindik menstruazioa, eta, horregatik, ondokoa agertzen du EsCarolotak liburu ilustratuaren sarreran: «Lagungarria da hilekoaz mintzatzea, beste bizipen eta ikuspegi batzuk ezagutzea, burua zabaltzen laguntzen digu horrek, eta hazten ere bai».
‘Holakoak dira gure hilekoak’ lanak, modu berean, esplikatuko du hilekoa izatea «osasunaren sintoma» dela edo, bederen, gogoraraziko du menstruazioa lagun, eta ez etsai, izan daitekeela kasu askotan. Eta batzuek traba bezala bizi duten horrek badituela bere abantailak, kasurako, lagungarria da norbera ziklo menstrualaren zer unetan dagoen jakiteko. «Niri ikaragarri gustatzen zait hori –agertzen du liburuko pertsonaietako batek bineta batean–. Emozioak hobeki kontrolatzen ditudala sentitzen dut, eta horrek bidea ematen didala neure burua hobeki ezagutzeko eta ulertzeko».
Hilekoa nork berea duela esatera dator ilustratzaile kataluniarra, bakoitzak bere modura bizi duela, baina, horrela izanik ere, ez dela nork bere barruan, lotsaz ala beldurrez, nahitaez gorde beharreko zerbait: funtsean, hitz egin daitekeela –hitz egin behar dela– menstruazioari buruz.