INFO

‘Nor’, sexu identitatearen inguruan gogoeta pizteko eleberria

Sexu identitatea izango du gai nagusia eta gaztetxo talde baten istorioa kontatuko du Irati Goikoetxeak idatzi eta Irrimarrak ilustratuko duen ‘Nor’ eleberriak. «Begiradak zalantzan jartzea» helburutzat duen lana 1545 argitaletxeak publikatuko du. Proiektua finantzatzen laguntzeko aukera dago.

Irati Goikoetxeak idatzi, Irrimarrak ilustratu eta Oiartzungo 1545 argitaletxeak publikatuko duen ‘Nor’ eleberriaren lehen ilustrazioetako bat. (1545 ARGITALETXEA)

Egun batzuen buruan, ‘Nor’ eleberri ilustratuaren argitalpena diruz laguntzeko kanpaina itxiko da, baina oraindik laguntza emateko tartetxoa dago, baita sorrera prozesuan dagoen eleberri horren ale bat eskatzeko ere, https://eu.goteo.org/project/nor plataforma digitalaren bidez. Alea eskatze horrek garrantzi handia dauka proiektua bultzatzen duen 1545 bezalako argitaletxe txiki batentzat, gutxi gorabehera zenbat ale inprimatzeko agindu behar duten jakiteko lagungarria baita.

‘Nor’ ez dago oraindik idatzita, baina bizkarrezur moduko bat badauka jada, gai nagusiari eta helburuei dagokienez. Sexu identitatea ardatz duen eleberri ilustratua izango da, galdera ugari eragin nahi dituena. Bereziki Lehen Hezkuntzako (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleei zuzenduta egongo da, baina bultzatzaileek erantsi dutenez, adinik ez duen gaia da, are gehiago lanak duen helburuari erreparatuta, sexu identitatearen inguruko hausnarketa bultzatzea baita. «Haur eta gaztetxoen artean hausnarketa eta elkarrizketarako pizgarri» izan nahi du eleberriak, beraz, eta horretarako «hainbat ideia eta irudi iradokitzaile» eta nerabeen arteko harreman, bizipen eta gogoetak baliatuko dituela aurreratu dute.

Irati Goikoetxeak idatziko du istorioa, Irrimarra arduratuko da ilustrazioez, eta 1545 argitaletxeak publikatuko du lana, baina beste parte-hartze esanguratsu batzuk ditu ekimenak. Izan ere, Aingeru Mayor sexologoaren epilogoa izango du, eta Naizen adingabe transexualen familien elkartearekin eta Popatik taldearekin elkarlanean gauzatzen ari da proiektua.

Baina zelan jarri zen hau guzti hau martxan? Gipuzkoako Diputazioak bultzatzen duen ‘Piztu Meta! 2022’ izeneko crowdfunding deialdira aurkeztu zuten egitasmoa. Crowdfunding horren aldaera den matchfunding-a da Aldundiak jarraitzen duen sistema, administrazio publikoaren babes ekonomikoa ahalbidetzen duena, hau da, herritarrek egiten duten ekarpen bakoitzeko beste kopuru bat jartzen du administrazioak. Aurrera egiteko, proiektuek muga bat gainditu behar dute, eta hori gainditu du “Nor” eleberriak, Xabi Salaberria 1545 argitaletxeko ordezkariak zehaztu duenez.

Laguntza ematen dutenek hainbat material eskuratu dezakete trukean, «baina batez ere eleberria eskatzen ari da jendea, publikatzen denean etxean jasotzeko», azaldu du Salaberriak. Dagoeneko 90 ale eskatu dituzte, eta horrek argitaletxeari lagunduko dio inprentara jotzeko orduan agindu beharreko kopurua hobeto egokitzen.

Ideia partekatua

Irati Goikoetxea eta Xabi Salaberria NAIZ Irratiaren mikrofonoen aurretik pasatu ziren duela ez asko, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Gogoratu zutenez, kontaktuan zeuden beste proiektu bat zela-eta, eta sexu identitatearen inguruko eleberri bat sortzearen ideiaz hitz egin zuten.

Argitaletxearen ikuspuntutik, ideien zerrendako kutunetako bat zen gaia. Gaztetxoen artean pentsamendu kritikoa bultzatzea helburu duen proiektuarentzat, eleberriak aukera ematen du, gainera, nolabaiteko hutsunea egon litekeen adin tarte horretan eragiteko, eta horrela planteatu dute, adin tarte horri egindako ekarpen gisa.

Nabarmendu zutenez, eleberria gozagarria izatea da helburu nagusia, eta aldi berean, «hausnarketarako bidea zabaltzea». «Erantzunak eman baino gehiago galderak sortu nahiko genituzke», erantsi zuen Salaberriak. Izan ere, gaztetxoei eskainitako Hipatia saila du argitaletxeak: «Haur eta gaztetxoen artean pentsamendu kritikoa, sormena eta transmisioa sustatzeko».

Eleberriak bilduko duen istorioaz, bestalde, zenbait zertzelada eman zuen Irati Goikoetxeak. 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxo talde bat izango da protagonista, «nor diren» deskubritzen saiatuko diren lagunak, hain zuzen ere. «Konturatuko dira ez dela hain erraza, eta sarri ingurukoak errazegi epaitzen ditugula eta beren burua ere epaitzen hasiko dira zenbaitetan, aurrera egin nahi horretan», aipatu zuen Goikoetxeak istorioaren korapiloa laburbilduz.