INFO
Interview
Maria Eraunzetamurgil
Movistar Estudiantes taldeko jokalaria

«Belauna ondo daukat, taldeak nigan konfiantza du eta gauza politak egin ditzakegu»

Iaz urte gogorra pasa zuen Lugoko Ensinon, etxetik kanpora eta meniskoa hautsita, baina aurten Estudiantesen lan bikaina egiten ari da Maria “Zeta”, taldean esaten dioten bezala. Asteon birritan Lointek Gernikaren aurka jokatu behar du, eta prest dago Malosten eta Magariñosen bere onena emateko.

Maria Eraunzetamurgilek irribarrea berreskuratu du. (Juan PELEGRÍN | MOVISTAR ESTUDIANTES)

Urduri dago Maria Eraunzetamurgil telefonoaren beste aldean. «Bi urte daramatzat euskaraz elkarrizketarik eman gabe», dio lotsati, baina moldatzen da, uztailean 24 urte bete dituen hegaleko donostiarra. Pasa den denboraldia gogorra izan zen berarentzat Lugon, meniskoa hautsita eta ebakuntza nozitu behar, Europara begiratu behar zuen proiektuak galtzak bete lan maila salbatzeko... baina Estudiantesekin urtebeterako sinatu eta gero, lehengo irribarrea itzuli zaio ezpainetara. «Lugon asko ikasi nuen eta esperientzia zaila izan arren, ona izan zen. Orain Madrilen gustora nago, eta pozik gainera. Ez daukat minik, belauna ondo sentitzen dut eta denboraldi polita egin dezakegula uste dut», dio “Maria Zetak”, asteazken gauean, 20.00etan hasita, Lointek Gernika Bizkaiaren aurka Malosten jokatu bezperan.

“Maria Zeta”? Klubeko prentsa arduradunaren ateraldia al da?

Ez! (Barrez) Taldean beste Maria bat ere badago, Maria Espin, eta Eraunzetamurgil esatea asko kostatzen zaienez, ba «Maria Zeta»rekin geratu naiz. Baina nik uste, nire abizena ez dela horren zaila! 

Titularra zara Estudiantesen eta minutuak dauzkazu. Aldea dago iaz Lugon Ensinorekin izan zenuenetik!

Oso ondo sentitzen naiz orain, belaunak ez dit minik ematen. Iaz lesioekin zorte oso txarra izan genuen; ez nik bakarrik, talde osoak. Orain indartsu sentitzen naiz, taldeak konfiantza du niregan eta kantxan gozatzen ari naiz. Oso gazteak gara gehienak, baina gauza politak egin ditzakegula uste dut.

Iaz Ensinorekin sinatu zenuen, etxetik kanpo eman zenuen lehenengo urtean, baina dena atzekoz aurrera atera zitzaizuen.

Bai. Jokalari berri asko ginen eta lesioekin oso gaizki pasatu genuen. Nik meniskoa hautsi nuen. Saiatu nintzen hasieran operatu gabe jokatzen, baina azkenean ebakuntza egin zidaten. Gero, gainera, azkarregi itzultzen saiatu nintzen, oraindik behar bezala sendatu gabe nengoela. 

Eta Estudiantesekin?

Nigan hasieratik konfiantza jarri dute. Iaztik taldea asko aldatu da, jokalari gazte askorekin. Nire kasuan uda oso ona izan da, belauna indartzeko lan handia eta lan ona egin dudalako: ariketa espezifikoak, saskibaloiko entrenamendua, atsedena... Gauzak oso ondo joan zaizkit udan eta orain ikusten da emaitza.

Hegaleko titular moduan eta hegal-pibot moduan, bietara jokatzen duzu. Posturen batean gustorago bestean baino?

Niri jokatzea gustatzen zait eta bietan moldatzen naiz, taldeko beharren arabera. Taldearentzat zer den egokiena, hantxe saiatzen naiz lan egiten eta taldeak badaki hori. Nire jokatzeko modua beti izan da horrelakoa; bai Donostian, bai Lugon eta baita Estudiantesen ere.

Benetan inporta diona, baina, ez da hainbeste non jokatzen dudan, zer ematen dudan baino. Entrenatzaileak ematen dizkigun baloreak, alegia: talde borrokalaria izatea, buruz gogorra izatea gauzak ondo ez doazenean. Hori da partidak irabazteko eta denboraldi on bat osatzeko batez ere behar ditugun osagaiak eta horiek ahal dudan neurrian ematen saiatzen naiz.

Batez ere galdetzen nizun, zure partidarik onena orain arte Valentziaren aurka –16 puntu eta 6 errebote– hegaleko moduan jokatzen egin arren, Gernikaren aurka agian abantaila barrutik izan dezakezulako.

Ikusi egin beharko da. Valentziak hegalean bajak dauzka eta Gernikak barruan, egia da, baina Valentziaren aurka oso eroso sentitu nintzen nire aurkaria [Angela Salvadores, ia hamar zentimetro txikiagoa] uztaipera eramaten nuenean. Bestetik, Gernikak ere barruko jokalari bat [Chanel Mokango] fitxatu du. Ez da hain sinplea, baizik eta partidak berak esango digu nola aurka egin Gernikari.

Zuk Europan iaz egin zenuen debuta. Dioten bezain berezia da?

Tira, bi partida baino ez nituen jokatu min hartuta nengoelako, baina bai, oso esperientzia berezia eta polita da. Bidaiek-eta, nekea suposatzen dute, baina beste liga batzuetako aurka jokatzea eta joko modu ezberdinak ezagutzea polita da. Beste gauza bat da eta asko disfrutatzen da azkenean.

Gernikaren aurka H multzoko bigarren postua jokoan izango duzue?

Tira, ikusiko dugu. Biok Reyer Veneziaren kontra galdu dugu [Eurocupeko txapeldunordea] eta Rutronik Keltern alemaniarrei irabazi. Zentzu horretan, berdinduta gaude Gernika eta biok eta asteazkeneko partidak inportantzia handia dauka. Baina nik uste Veneziari irabazteko aukera izan dezakegula Magariñosen. Italian jokatu genuenean alde handiz galdu genuen azkenean, baina ia azkenera arte markagailuan hurbil geunden. Beraz, nik uste bueltako partida eraman dezakegula.

Multzoko lehenak izateko aukera ikusten duzu orduan?

Beno, hori ezin da esan. Hasteko, Malosten jokatu behar dugulako eta Maloste bezalako kantxa baten irabaztea beti da oso zaila eta gogorra, are gehiago gu bezalako talde gazte batentzat.

Talde gaztea eta berria gara gainera. Eta ez hori bakarrik: gure bi jokalari garrantzitsu, Belgikako Becky eta Billie Massey berandu iritsi ziren, eta beraiekin jokatzen egokitzeko pixka bat falta zaigu oraindik.

Hain ezberdina da zuentzat Magariñosen edo kanpoan jokatzea?

Bai! Adibidez, Benbibreren aurka galdu genuen joan zen asteburuan partida txarra jokatu eta gero. Nik ez nuen asko lagundu faltak direla-eta. Badakit Benbibreren etxean Gernikak eta IDK Euskotrenek ere biek galdu dutela, baina gure taldeari buruz hizketan, etxean erakusten dugun indar hori kanpoan ere atera behar dugu. Noski, zaleek asko laguntzen digute, baina Magariñoseko giro hori kanpoan ere bilatu behar dugu.

«Udan lan oso handia egin dut: ariketa espezifikoak belauna indartzeko, saskibaloiko entrenamendua eta atsedena. Orain ikusten dira emaitzak»

Lehen esan duzu Gernikarekin berdinduta zaudetela Europan; baita Ligan ere, eta larunbatean Madrilen elkarren kontra jokatuko duzue.

Bai, hala da, baina lehenengo asteazkenekoan zentratu behar dugu. Larunbatean Magariñosen zaleek lagunduko digute, baina aurretik Malosten partida oso zaila daukagu: aurkariagatik eta hango giroagatik ere.

Berdintasuna lesionatuetan ere badago: zuek Melisa Gretter galdu duzue eta Gernikak, Sandra Ygueravide.

Bai, eta pena handia da bi taldeentzat, eta jokoarentzat. Nahiago nuke “Meli” eta Sandra biak jokatzeko moduan egongo balira, taldearen motorrak direlako neurri handi baten.

Zuen kasuan, gainera, Gretter taldeko beteranoenetakoa da, iaz ere Estudiantesen zegoen.

Tira, Paula [Estebas] eta Laura [Mendez] ondo ari dira antolatzaile lanetan, baina pixka bat zailagoa da taldeak nahi bezala jokatzea “Meli” gabe. Orkatila bihurritu zuen eta zaila da esatea noiz itzuliko den, baina bera gabe konpondu behar dugu itzultzen den arte. Zorionez, talde oso langilea gara.

Maria Eraunzetamurgil, Estudiantesen hegaleko titularra. (Juan PELEGRIN/MOVISTAR ESTUDIANTES)

Europan aurten IDK Euskotrenek debuta egiten duela ikusita, ez dizu pena pixka bat eman ligaxka honetan Gernikaren aurka jokatu beharrean, Donostiara joan ez joatea?

Ez, ez (irribarrez). Gernikatik Donostiara distantzia txikia dago, baina tira, Ligan jokatuko dugu beraien aurka! Gainera, asko pozten nau azkenean Azuk [Muguruzak] eta bere taldeak Europan jokatu dezaketelako. Badakit aspalditik hori lortu nahian zebiltzala eta benetan oso pozgarria da helburu hori lortu dutela ikustea. Baina penarik ez, azken baten, esan bezala, Gernika ere gertu dagoelako.

Ligan aurten Perfumerias Avenida edo Valentziak partidak galdu dituzte eta berdintasun handia dago. Denboraldi amaieran, Kopa edo Liga jokatzen denean ere berdintasun hori ikusiko ote dugu?

Ba ez dakit, baina agian bai. Egia da talde handiek lesioekin eta arazoak dauzkatela, baina egia da baita ere Liga oso berdinduta dagoela. Guk 3-3ko balantzea dugu eta seigarren goaz, eta maila ona ari gara ematen. Hor inguruan dauden beste talde batzuk, IDK edo Gernika adibidez, “Perfu”, Valentzia edo Gironari aurre egiteko, edo Europan Veneziaren aurka. Denboraldia oraindik luzea da, baina nik uste gainera, handiek bezala, guk ere asko hobetu dezakegula. Gauza politak ikustea posible izango da.

Zentzu horretan, bigarren lerro horretan zaudete Gernika eta zuek. Aurrerapauso bat emateko modua ikusten duzu?

Zergatik ez? Jokalari onak ditugu; gogoa gauzak egiteko. Oso gustora gaude lanean elkarrekin...

Eta zuk, Madrilen aurkitu duzu zure lekua?

Ez dakit (irribarrez). Klubean oso gustora nago eta baita hirian ere, baina denboraldia oraindik luzea da. Denboraldi baterako sinatu nuen eta asko falta da oraindik. Momentuz asko ari naiz gozatzen eta horrekin geratzen naiz.