INFO

Bere sorreratik eztabaida ariketarik handiena egin du EH Baik bere kongresuari begira

250 pertsona baino gehiagok parte hartu dute hiru herrialdeetan antolaturiko 34 bilkuretan. Badira 15 urte hiru alderdien aliantza gisa sortu zenetik «inoiz burutu duen eztabaida handiena» gauzatu duelako baikorki mintzatu da EH Bai hilaren 26an Baionan iraganen den kongresuari begira.

EH Bairen kongresuari begirako dokumentoak eztabaidatzeko Baionan eginiko bilkura baten argazkia. (Naiz)

Joan zen irailean eginiko udako unibertsitateetan abiatu zen kongresuari begirako eztabaida eredu deszentralizatu baten bidez garatu du geroztik ezkerreko mugimendu abertzaleak.

Hala, EH Baik Hiriburun aurkeztu zuen ‘Aitzina goaz’ kongresurako dinamikaren baitan herriz herri 30 bilera egitea aurreikusi bazuen ere, finean 34 bilkura burutu ditu eredu deszentralizatu horren arrakasta ohar baten bidez txalotu duen mugimendu politikoak.

Zehazki, herri mailan eginiko ahaleginari garrantzia berezia eman zioten EH Baiko bozeramaileek mugimendu abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologistaren azkartzea eta ondoko urteetako erronketarako prestatzea xede duen prozesuaren bilakaeraren berri emateko agerraldian.

Azkenean aurreikusitako bileren kopurua gainditu delako bere poza azaleratu du gaur EH Baik.

«EH Bairen sorrerartik inoiz lortu ez dugun ariketa handia izan da eta horren arrakasta herriz herri ditugu erreferente eta militanteei esker lortu dugu» adierazi du gaur plazaratu duen ohar baten bidez «lorpen kolektibo ederra» txalotu duen alderdiak.

250 bat lagunetik gora bertaratu dira eztabaida saioetara

Orotara 250 lagunetik gora bertaratu dira txosten politikoa eta antolakuntza ponentziari buruz eztabaidatzeko antolaturiko bileretara.

Urrian zehar eginiko kongresuaren lehenengo fase hori amaitu ondoren, joan zen astean emendakinen bozkatzeko unea heldu zen.

«Gure kidegoaren erdiak baino gehiagok parte hartu du bilkuretan izandako arrakasta bera lortzea helburu zuen bozketa horretan», jakitera eman du EH Baik, bozketa horren bidez kongresuko prozedurara lotu diren herritarrek hitza hartu dutela nabarmenduz.

Gaur eta bihar bozkatuko da txosten organizatiboa

Asteazken eta ostegun honetan antolakuntza txostena bozkatzeko prozedura emanen du abian EH Baik. Emendakinen egin bezala, kongresuan parte hartzeko izena eman duten lagunek barneinfo.eus plataformaren bidez eman dezakete botoa.

EH Baiko kideek soilik ez, kongresurako izena eman ondoren 20 euroko kuota ordaindu duten «kongresukideek» ere ahal dute botoa eman.

Horrendako, EH Baik gonbidapena zabaldu du gaur bigarren bozka horretan parte hartzeko.

Behin txosten horren bozketa bukatuko denean, hilaren 12 eta 20 bitartean zuzendaritzarako hautagaitzak pausatzeko tartea irekiko da.

Zuzendaritza, EH Bairen I. Kongresu egunean hautatua izanen da, azaroaren 26an, Baionako Elkarteen Etxean.