Inor gutxik jokatu nahiko lukeen igandeko partidak garrantzi hipotetikoa izan lezake
Aitor Elordik eta Peio Etxeberriak igandean, Mallabian, jokatuko duten Lau eta Erdiko Txapelketako hirugarren eta laugarren posturako partidarako materiala aukeratu dute asteazken honetan. Irabazleak finala jokatzeko aukera izango luke, beti ere Altuna edo Ezkurdia lesionatuko balira.
Inor gutxik jokatu nahiko lukeen partida horietako bat jokatu beharko dute igandean Aitor Elordik eta Peio Etxeberriak Mallabiako pilotalekuan. Ez da txapel preziatua jokoan egongo, baina beste saria, hori bai, ez da makala izango: Lau eta Erdiko Txapelketaren hirugarren eta laugarren posturako lehiatuko dira biak.
Ez hori bakarrik. Izan ere, partida honetan irabazle ateratzen denak, era hipotetiko batean beste sari bat izan bailezake. Hori, egoera txarrenean gertatuko litzateke. Hau da, final handia jokatu behar duten Jokin Altuna edo Joseba Ezkurdia, bietako bat, lesionatuko balitz, igandeko garaileak finala jokatzeko aukera izango luke. Beraz, behin puntu honetara iritsita, Mallabiko partida hil ala bizikoa izan daiteke eta bi pilotariek ez dute galdutzat emango, ezta gutxiagorako ere.
Aitor Elordik beste motibazio bat izango du, etxeko pilotalekuan arituko baita, herrikide, lagun eta senitartekoen aurrean. Hala, «txapelketa bukatzeko era polita izango litzateke (irabaztea) eta horren bila joango gara», azpimarratu du, gaur egindako material aukeraketan, finalerdietan Altunaren aurka galdu zuen aurrelariak. Hori bai, txapelketa zehar maila bikaina eskaini du bizkaitarrak, final-zortzirenetan Jaka 16-22 kanporatuz, eta final-laurdenetako ligaxkan hiru neurketak irabaziz: Ezkurdiaren (17-22), Lasoren (18-22) eta Elezkano II.aren (8-22) kontrakoak.
Aurrean Peio Etxeberria izango du oraingoan. Zenotzeko pilotariak 22-14 galdu zuen Joseba Ezkurdiaren aurka azken partidan, baina txapelketa ona eginda iritsiko da igandera. Dariori 17-22 irabazi zion nafarrak eta ondoren Altuna III.ari 15-22 irabazi zion. Azken partida jokatu gabe geratu zen, Peña II.a lesionatu baitzen eta, hala, finalerdietarako txartela eskuratu zuen.
Peio Etxeberriak oso argi du igandeko partidari begira: «Pilotariak jolastu behar du; jendeak ez du jolasten, eta egia da hemen jendea izango dugula. Ez dugu nahi pasatzea, baina lesioren bat edo zerbait egoten bada, hirugarrenak jolastu behar du eta horregatik borrokatuko dugu topera igandean».
Asteazken honetan egindako material aukeraketan Aitor Elordik 105,6 eta 104,9 gramoko bi pilota aukeratu dituen bitartean, Peio Etxeberriak 105,7 eta 106,1 gramoko beste bi aukeratu ditu.