INFO

Hariak, nahi gabeko bakardadeei aurre egiteko estrategia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bi urtez garatu duten estrategia partekatuan, 77 udalek, 98 gizarte erakunde eta tokiko eragilek, Osakidetzako 6 ESIk eta 20 enpresa eta berrikuntza zentrok hartu dute parte.

“Hariak kantuz” programak prebentzio esparrua lantzea du helburu. (NAIZ)

Hilabete eta erdi Gipuzkoako hamar eskualdeetan zehar ibili ondoren, uztailean amaitu zen bakardadeei aurre egiteko estrategia gizarteratzeko lehen fasea. Antolatutako hamar aurkezpenetan, 1.800 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, eta 500 atxikimendu baino gehiago lortu ziren.

Datu hauen aurrean, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, jasotako erantzuna eta inplikazioa nabarmendu zituen Donostiako udaletxean egindako amaiera ekitaldian. «Horrek indartu egiten du nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko apustu partekatua; izan ere, bakardadearen fenomeno hori hazten ari da, eta gizarte osoaren inplikazioa eskatzen du».

Diputatu nagusiak emandako datuen arabera, Gipuzkoan, 55 urtetik gorako pertsonen %30 inguru (88.500 pertsona) bakarrik sentitzen dira, baina soilik %5,5ek aitortzen dute egoera hori modu irekian.

Hariak estrategia orain dela bi urte abiatu zen, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoako 2020>2030 Agendaren barruan. 51 pertsonako talde eragile batek gidatuta –erakundeetako eta gizarteko adituek osatua–, guztira 400 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute prozesu honetan: Gipuzkoako 77 udalek, 98 gizarte erakundek eta tokiko eragilek, Osakidetzak 6 erakunde sanitario integraturen (ESI) bidez, eta 20 enpresa eta berrikuntza zentrok.

Bakardadeen aurrean Gipuzkoak duen estrategiak hiru helburu ditu: bakardadeei buruzko elkarrizketa publiko bat eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea, eta bakardade egoerak prebenitzen eta gainditzen laguntzea. «Azken batean, pertsonen bizitza hobetzea eta elkarlaneko jarduketa, kudeaketa eta gobernantzarako sare bat eratzea da bilatzen duguna», azaldu zuen Gizarte Politikako foru diputatuak, Maite Peñak, Tolosan egindako aurkezpenean.

Lehenengo Jarduera Plana martxan

Rakel San Sebastian, Adinberriko arduradunaren esanetan, «erronka erraldoi horri erantzuteko gai izango den Gipuzkoa eraiki nahi dugu, eta horretarako Estrategiari lotutako I. Jarduera Planean murgilduta gaude».

«Bakardadea bezain konplexua eta zeharkakoa den fenomenoari heltzeko jarduerak, proiektuak eta programak bultzatzen ari gara lau ibilbide estrategikoren bidez: sarea eta gobernantza; elkarrizketa publikoa; berrikuntza eta hedapena; eta kulturaren, arkitekturaren edo belaunaldien arteko espazioen ebaluazioa eta ezagutza, besteak beste».

Guzti horri heltzeko, instrumentu berritzaile bat jarri dute abian: Hariak-HUB. Zerbitzu-kontzentradore berritzaile honek, besteak beste, Estrategiari atxikitzen diren eragileei laguntza teknikoa eskainiko die bakardeen inguruko proiektuak garatzeari begira. «Ekosistemako eragile askok luzatutako eskaerari erantzun nahi dio HUB honek; Adinberri deialditik eskaintzen den laguntza ekonomikoaz haratago», dio San Sebastianek. Estrategiaren ikuspegia tokian tokikoa denez, eskualdez-eskualde herri ezberdinetan garatuko diren proiektuak HUB-aren laguntza teknikoaz baliatuko dira.

Hariak Kantuz programa edo Etxelagun proiektua

Harian estrategiak ekimen berritzaileak garatuko ditu eskualdez eskualde eta horren adibide da Gipuzkoako Abesbatzekin batera garatutako “Hariak Kantuz” programa. Programa horren helburua, lurraldeko abesbatzen jarduera sustatzea da, premisa zehatz batekin: abesbatza-jarduera laguntza- eta zaintza-sareak garatzen dituen musika eta gizarte-praktika bat da. Eta horrek, nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko –prebentzio esparruan batik bat– hainbat tresna hedatzea eta integratzea ahalbidetzen du.

Beste ildo batean, Etxegintza eta Arkitektura esparruan hain zuzen, EHUko Arkitektura Eskolarekin batera garatutako, “Etxelagun” proiektua dago Hariak estalpean. Proiektu berritzaile horri esker, bakarrik bizi diren 55 urtetik gorako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko irtenbide arkitektoniko eta teknologikoen diseinu eta katalogo bat garatu ahal izan da, bakardade-sentimenduak prebenitu eta arinduz eta euren autonomia funtzionala eta segurtasuna areagotuz.