INFO

Hiriburuko ikastola, gas berogailurik gabe azaroaren 21etik aitzin, tarifen igoera tarteko

Hiriburuko ikastolako 99 ikasleek ez dute ez gas berogailurik ezta ur berorik izango heldu den azaroaren 21etik landa. Gutxienez Gabonak bitartean iraunen duen etenaldia tarifen emendatzeari egotzi dio ikastetxeak.

Hiriburuko Ametza ikastola bete-betean jo du energiaren fakturaren igoerak. (@ikastolenelkartea)

Hiriburuko ikastolak ezin dio aurre egin bere gas hornitzaileak igorritako fakturari. Horrendako, erabaki zorrotza hartu du ikastetxeko zuzendaritzak. Hilaren 21etik landa eta, gutxienez, Gabonak bitartean, gas berogailurik ez da izanen, ezta ur berorik ere.

Ametza ikastolak gas hornitzaile batekin kontratua izenpetu zuen 2016an. Sei urte beranduago, hornitzaileak gutun baten bidez ikastetxeari jakinarazi dioenez, hilaren 21etik landa tarifak berrikusi egingo dituzte.

«Igorri dizkiguten tarifa berriak zortzi aldiz garestiago dira; gauzak horrela, urtero 6.000 euro baino gutxiago ordaintzetik 45.000 euro ordaintzera pasako ginateke», zehaztu dio Mediabask hedabideari Julien Rebotier elkarteko presidenteak.

Ikastolak hainbat irtenbide ditu aztergai. Aukera bat litzateke gurasoen elkarteari hilabetero 20 euro gehiago ordainaraztea. Horrela, ikastolari gurasoek ematen dizkioten kotizazioak %50 garestituko lirateke.

Beste aukera litzateke neguan gasa ez erabiltzea, beste hornitzaileen aldetik jasotako hornikuntzaren iraupena luzatze aldera.

Aurrera begira Hiriburuko ikastolak laguntza eskatuko dio bere egoitzaren kudeatzaile den Euskal Elkargoari, eguzki panelak ezarrita energiaren faktura apaldu ahal izateko.

2023ko udaberri artean kontrolpeko prezioak ezarri ditu frantses Gobernuak argindarraren tarifen gorakada gelditzeko. Beste aterabiderik ez bada, Hiriburuko ikastolak argindarrezko erradiadoreak baliatuko ditu ikasgeletan oinarrizko tenperatura bermatzeko.

Berogailuak gehienez 19 gradutan ezartzeko gomendioa eman du iragan urrian energiaren kontsumoa murrizteko bere plana aurkeztu zuen Emmanuel Macronen Gobernuak.