INFO

Udaltzainei euskararik ez eskatzeak hizkuntza eskubideak kaltetzen ditu Behatokiaren ustez

Lakuako Gobernuak udaltzain izateko lan poltsaren deialdira aurkezteko euskara eskakizuna kendu zuen joan den astelehenean. Horren aurrean, neurri honek «herritarren eskubideak kaltetu» ditzakeela adierazi du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

Udaltzain izateko euskararik ez eskatzeak hizkuntza eskubideak kaltetzen dituela dio Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. (Raul BOGAJO | FOKU)

Udaltzain izateko lan poltsarako deialditik euskararen eskakizuna kendu du Lakuako Gobernuak. Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera, erabaki honek herritarren hizkuntza eskubideak eta zerbitzuaren kalitatea «kolokan» jar ditzake.

Aurreko deialdian euskararen ezagutza ziurtatzea derrigorrezkoa izan zen baina Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. zenbakiko Epaitegiak baldintza hori baliogabetu egin zuen irailean argitaratutako epai batean.

Lakuak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen baina oraingoan argitaratutako deialdian ez da euskara jakiteko eskakizunik ageri.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohar baten bidez gogorarazi duenez, epaia herritarren hizkuntza eskubideen aurkako «eraso larria» zela ohartarazi zuten, eskubide urraketak betikotzeko arriskua zegoelako.

Lanpostu hauetako zeregin guztietan herritarrekin zein udaletako agintariekin harremanak izan beharko dituztela argudiatu dute, eta «udal zein herritarren dituzten beharrei erantzun gabe jaraitzea suposatzen» duela.

Honako egoera hauetaz ohartarazi dute: «Udalek euskararen ezagutza duten agenteak eskatu arren, lan poltsan euskararen ezagutza nahikorik ez duten agenteak soilik geratzea, herritarrak telefonoz zein presentzialki euskaraz komunikatu ezin izatea, euskaraz dakien agente batek artatzea nahi bada itxaron beharko duela esatea (herritarraren hizkuntza hautua baldintzatzea), segurtasunari dagozkion euskarazko idatzi eta jarraibideak ulertezinak izatea, eta abar luzea».

Gainera, Behatokiaren iritziz, polizia gutxi batzuek soilik euskararen ezagutza izatea «ez da nahikoa zerbitzu egoki bat emateko, zerbitzu osoa baldintzatu dezakeelako». «Herritarren segurtasunaz ari gara» azpimarratu dute, EAEko edozein udaletan euskarazko zerbitzua eskaintzeko gai izan behar dira hautagaiak hiztun kopuruari erreparatu gabe».

Lan poltsen deialdietaz gain, Lakuak plaza ateratzerakoan derrigortasun data iraungi gabe duten lanpostuak ateratzen jarraitzen duela salatu dute, Behatokiak dioenez EAEko hainbat udaletan udaltzain plazak gutxieneko euskara gaitasuna bermatu gabe banatzen baitira.