INFO

‘Carmina Burana’ obra izango da Euskadiko Orkestraren programa berriaren protagonista

Datorren astean Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostian arituko da Euskadiko Orkestra, Donostiako Orfeoiarekin batera. Bakarlari bezala Jone Martinezek, Carlos Menak eta Javier Francok abestuko dituzte Orffen partiturak. ‘Carmina Burana’ren aurretik, Straussen ‘Don Juan’ interpretatuko dute.

Euskadiko Orkestraren entsegu bat. (Jon URBE | FOKU)

Euskadiko Orkestrak musika klasikoaren historiako obra ospetsu eta interpretatuenetako baten aldeko apustua egingo du Denboraldiko hirugarren programan: Carl Orffen ‘Carmina Burana’. Gainera, musikagile alemaniarraren obraren aurretik Richard Straussen ‘Don Juan’ interpretatuko du orkestrak datozen egunetan eskainiko dituen kontzertuetan: azaroaren 21ean Gasteizko Principal Antzokian; azaroaren 22an Iruñeko Baluarte Auditoriumean; azaroaren 23an Bilboko Euskalduna Jauregian; eta azaroaren 24an eta 25ean Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

‘O Fortuna’ ospetsuarekin hasten da Carmina Burana, obraren amaieran ere itzultzen den ereserki hunkigarria, gure bizitzak Fortuna jainkosaren apeten mende daudela gogorarazteko. Honakoa musikaren historiako partitura koralik ezagunenetako bat da, eta orkestrarekin arituko den abesbatzari oso lotua egon da beti. Izan ere, Donostiako Orfeoia espezialista da Orffen partituran. 1960an sartu zuen bere errepertorioan eta, ordutik, hainbat eta hainbat aldiz interpretatu du. José Antonio Sainz Alfaro Orfeoiaren zuzendariaren hitzetan, «zenbat eta gehiagotan interpretatu, orduan eta aberastasun handiagoa eskuratzen duzu harengandik»; munduan abesbatza gutxik interpretatu dute Donostiako Orfeoiak adina aldiz.

Hiru ahots-solistarekin partekatuko dute agertokia. Jone Martinez soprano gazteak, Carlos Mena gasteiztarrak eta Javier Franco galiziar baritonoak osatzen du hirukote bokala.