INFO

Joseba Ezkurdia «gehien asebete» duen txapelaz gozatzeko moduan dago

Lau Eta Erdiko finalaren biharamunean «fisikoki txikituta» dagoela onartu arren, Binakako Txapelketari begira hasita dago jadanik Arbizukoa, astearte eguerdi aldera jakingo baitira bikoteak eta «txapel bat irabazteak hurrengoa lortzeko gosea piztu» baitio, itxura denez.

Joseba Ezkurdia, Arbizuko kaleetan, bezperan Bilbon irabazitako txapela eta garaikurrarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Igande gauean Arbizuko herriak harrera beroa eta agurra ere eskaini zion Joseba Ezkurdiari, Lau Eta Erdiko txapela janztea lortuta, Jokin Altunari 22-21 irabazita final gogoangarri baten ostean. Goscinny eta Uderzoren komikietan bezala, afari bikain batekin herriko frontoiko «tabernatik bota arte» ospatu zuten hainbeste lan egin eta gero lorturiko txapela. Biharamunean, lasaiago eta bere hitzetan fisikoki «txikituta», atseden larregirik hartzeke, baina pozarren azaldu da aurrelari nafarra, «gehien asebete» duen garaipena inork ere ez baitio kenduko aurrerantzean.

«Txapel honek merezi izan du ongi ospatzea. Partidaren tentsioagatik erabat txikituta nagoen arren, merezi zuen eguna ongi ospatzea. Egun batzutan lasaitu, gorputzari buelta eman eta puntua hartzen saiatuko gara orain», onartu du Lau Eta Erdiko txapeldun berriak.
Urtetan gogoan hartzeko moduko finala izan zen igandean Miribillako frontoian jokatua, baita barrutik bizi izan zuen horrentzat ere.

«Psikologikoki batik bat, gogorra izan zen. Fisikoki nire burua ongi ikusi nuen. Nekatua baina gustora, gorputzari buelta ongi ematen nion eta. Baina buruari dagokionez, oso gogorra izan zen. Berdin aurretik nindoala, eta baita gero partida 16-19 jarri zenean ere. Partida hausteko arrisku handia zegoen une hortan eta gutxik pentsatuko zuen buelta emateko gai izango nintzenik, baina nire buruari gogor egin nion; nire buruarengan sinestu nuen lortu nuen Jokin –Altuna– bezalako pilotari handi bati buelta ematea», azaldu du Ezkurdiak.

Exijenteena

Ondorioz, beraz, ez da harritzekoa emaitzaz ez ezik, jokoaz ere gustora egotea Arbizuko erraldoia. Neurri handi baten Altunak ematera behartu zuen maila eman ahal izan zuelako.

«Aurrez ere partida onak egin izan ditugu Lau eta Erdian, baina Jokin handi bati eustea... Jokinen asko defendatzen du, asko exijitzen du; tantoa zuk zeuk amaitzea, opari gutxi egitea. Bai buruz, bai fisikoki eta baita taktikoki ere, gehien esijitu didaten partida bai izan dsela esango nuke», aitortu du, bezpera gauean txapeldun gisa ongietorria jaso zuen kaleetan.

Partida ostean ere, oraindik emozioak eta finala bero zirela, onartu du 2022 hau izan dela bere urterik onena. Aurrez, frontoi osoan Buruz Buruko finalerako sailkatu eta Lasoren aurka galdu arren, buelta eman eta «kaiolan» bere hirugarren txapela janztea erdietsi duelako, Nagore, Eugi eta Jokin Altunak berak adina txapel eskuratuz, gainera. Soilik Retegi II.a, laurekin eta Olaizola II.a, zazpirekin, ditu bere aurretik palmaresean.

Binakakoari begira

Pilotak, hain ohikoa duen moduan, Binakako Txapelketa aurkeztuko du Lau eta Erdikoa amaitu berritan. Astearte eguerdian bertan emango dira jakitera zeintzuk bikote ariko diren urteko txapelketarik luzeenean. Nekatuta egonagatik, «txapel bat lortzeak hurrengoa lortzeko gosea piztu» omen dio Arbizukoa aurrelariari.

Gogoan izan behar da dagoeneko bi txapel badituela Ezkurdiak binaka ere. 2018an, Zabaletarekin bikotea osatuz Elezkano II.a eta Rezusta 9an laga zituzten final nagusian –Lau eta Erdiko txapelketa aurrenekoz irabazi ostean– eta 2020an, berriz, covid-19aren erruz frontoiak hutsik egon arren, 22-13 nagusitu ziren Arbizukoa eta Martija Olaizola II.a eta Urrutikoetxeari.

Bestalde, egindako finalaz harro baina penatuta amaitu zuen Jokin Altunak, normala den legez. Baina penatuta ez ezik, minduta ere amaitu zuen Amezketako aurrelariak. Antza, eskuin eskua oinazez amaitu zuen, neurri handi baten Ezkurdiak asko behartu zuelako. Hala, dirudienez, bizpahiru astez aurrelari gipuzkoarrak ezingo omen du jokatu eta, bada, 2021eko Binakako Txapelketan Martijarekin garaipena lortu ostean, aurreneko jardunaldi horietan ordezkoa bilatu beharko zaio nonbait Jokin Altunari.