INFO

Mitxelenaren ‘Haragizko mamuak’ eta Ciden ‘Behin batean Loiolan’ dira Donostia Hiria sarituak

Hamar ipuin biltzen ditu Karmele Mitxelenaren ‘Haragizko mamuak’ liburuak. Emozio nabarmenak dituzte denek eta enpatia sortzen saiatu da idazlea. Iñaki Ciden ‘Behin batean Loiolan’, amak kontatutako benetako historia batetik hasten den antzerki bat da, besteak beste sexu heziketa faltaz mintzo dena.

Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Donostia Hiria sarituak, beren obrak aurkezten. (Gorka RUBIO | FOKU)

2022ko Donostia Hiriko Kutxa Literatura sarien aurkezpena egin dute astelehen honetan Tabakaleran, eta Karmele Mitxelena Etxebeste oiartzuarraren ‘Haragizko mamuak’ ipuin liburua eta Iñaki Cid Larrea donostiarraren ‘Behin batean Loiolan’ antzerki obra izan dira sarituetako bi, Elkar argitaletxearekin plazaratuak biak. Ekitaldian izan dira bi egileak, Xabier Mendiguren eta Antxiñe Mendizabal editoreekin batera, beren sorkuntza lanak aurkezten. Esker oneko hitzak izan dituzte bi sortzaileek.

Mitxelenaren liburutik hasita, hamar ipuin biltzen ditu, «oso ezberdinak dira, baina denetan daukate pisu handi bat sentimenduek». Pertsonaien barruan sentiarazi nahi izan du irakurlea, giro bat sortu enpatiko izateko.

Zaintza, zahartzaroa, gaixotasuna, amatasuna, nahi eta ezina... hamaika gai jorratzen dira. Guztiak lotzen dituen haria haragizko mamuak dira, baina horiek ere forma ezberdinetan agertzen dira.

Errealitatea eta erreala ez dena batzen ditu izenburuak: haragiak gorputza irudikatu nahi du eta mamuak, bere izaera galdu duena, izaera zintzilik duena, formarik gabea, oroitzapen bat, pentsamendu bat, izateari utzi dion norbait. Liburuaren azalak ere, kolore eta itzal horrekin giro hori islatzen du: badago baina ez dago, ur tantak ikusten dira, norbait egon da baina itzala ageri da.

«Saria irabazi ondoren lana berrirakurri nuenean konturatu nintzen dutxa, bainera, komuna bera ia ipuin guztietan azaltzen dela, ez nuen apropos egin, baina zaintza momentu horiek hor gertatzen dira», adierazi du.

Mitxelena irakaslea da ogibidez eta bertso idatzietan ere sari ugari irabazia da. Kontatu duenez, liburu batean eta bertsoetan «prozesuak oso ezberdinak dira, bi behar ezberdin dira». Bertso paperek bere kasuan ez dute edozeri buruz hitz egiteko balio. «Jolas bat da, neurtu eta errimatu egin behar duzu, zure ideiak mugatu behar dituzu. Idazten dudanean, berriz, guztiz aske naiz. Hori da orain behar dudana, baina denbora asko pasatzen dudanean bertsoak idatzi gabe faltan ematen dut jolas hori, borroka hori hitzekin, bukaeran beti ateratzen dena», aitortu du.

Hiru garai nahasiz

Etxeko historia bati tiraka sortu du Iñaki Cid Larreak ‘Behin batean Loiolan’ antzezlana, bera ere protagonistetako bat bihurtuta. Duela 90 urte gertatutako emakume ezkonberri baten heriotza tragikoari gaurkotasuna ematen dio egileak komediaren eta ironiaren bidez. Hizpidera ekartzen ditu arautik kanpoko sexu joerekiko iraganeko eta egungo errezeloak, adineko emakumezkoen eta neskatxa gazteen ingurukoak bereziki.

Epaimahaiak azaldu duenez, aho batez aukeratu du, «diferentzia handia zegoen beste guztiekiko: oso ondo idatzia dago, eszenarako prestatua, garai ezberdinak batzen ditu, pertsonaia borobilak ditu... balio gehienak biltzen ditu».

«Amak kontatu zidan historia erreal bat dramatizatu dut. Antzerkiak libre izan behar du, beraz, ez diet hesirik jarri kontakizunari eta pertsonaiei. Hasieran oso galduta egon nintzen banekielako historia indartsu bat nuela baina ez zela nahikoa antzerki obra oso bat egiteko», agertu du egileak.

Zer kontatu nahi zuen pentsatzen hasita, sexu heziketa falta etorri zitzaion gogora, duela 80-90 urtekoa, baina gaur egun oraindik pisatzen digu, «gure aurrekoek egiten dituzten gauzek eragina baitute gugan». Hiru denbora sortu zituen horrela: 1935-36, 1966 eta gaur egun.

Garai batetik bestera egiten du salto agertoki berean, ez dakizu zer gertatuko den hiru historietan bukaerara arte, eta bizitasuna ematen dio horrek obrari.

Lehenengo aldian garaiko jendartea nolakoa zen erakusten du. Gustuko du pertsonaiei sorgin kutsua ematea, zer gertatuko zen jakingo balute bezala. ‘36a urte garrantzitsua izango da’ diote, adibidez, etorriko zenaz tutik jakin gabe. 1966an, amak 15-16 urte zituen eta neska lagun batekin izan zuen erlazioa kontatzen da. «Ez dut argitzen zer dagoen beren artean, nahiago dut horrela».

«Gaur egungo garaia, nire bizitza da, meta antzerkian oinarritua. Testu hau antzerkigintza berrien beka batekin idatzi nuen, eta horrela hasten da kontakizuna. Testu bat idatzi behar dut, ez daukat behar adina material eta zerbait asmatu behar dut. Gogorra izan zen hasiera, baina behin hiru momentuak garbi izanda gozamena izan zen nahastea».

Maite du Cidek publikoaren eta antzezleen arteko erlazio hori sortzea eta denbora osoan hausten du horma hori. Iñigo protagonistak, adibidez, sarri egiten dio solas publikoari.

«Oso pozik nago, ezin sinetsi, ea oholtzan ikusten dugun», adierazi du. Lan ugari idatzi eta antzeztu ditu donostiarrak 2014an antzerki ikasketak egin zituenetik. 2021ean antzerkigintza berriak beka lortu zuen eta 2022an ‘Gaizki’ antzezlana sortu eta aktore gisa ibili da. Pabellon 6 jaialdian publikoaren saria jaso du.