INFO

Udalerri euskaldunetako haurren praktiketan «aldaketa nabarmenak», euskararen kaltetan

Soziolinguistika Klusterrak, UEMAk eta EHUko Dream taldeak udalerri euskaldunetako haurren profil soziolinguistikoa eta praktikak aztertu dituzte. Hamar ondorio atera dituzte, eta orokorrean hiztun profiletan «aldaketa nabarmenak» egon direla esan dute, euskararen kaltetan.

Haurren profil soziolinguistikoa aldatzen ari da, ikerketa honen arabera. (Oskar Matxin | FOKU)

Gizartea aldatzen ari da, baita udalerriak ere, eta horrekin batera bertako biztanleen hizkuntza praktikak. Soziolinguistika Klusterrak, UEMAk eta EHUko Dream taldeak elkarlanean ikerketa bat osatu dute, eta udalerri euskaldunetako haurren profil soziolinguistikoa aldatzen doala ondorioztatu dute. Pasa den astean UEMAk argitaratu zuen ikerketan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa, eta arnasguneak beherantz doazela izan zen ondorio nagusia.

UEMAK, EHUk eta Soziolinguistika Klusterrak eginiko azken ikerketaren helburua euskararen erabilera eta hizkuntzarekiko atxikimenduan eragina duten faktoreak identifikatzea da. Horrekin batera, praktika onak eta indarguneak ezagutu eta hizkuntza aldaketetarako estrategiak proposatzeko lan egin dute; parte hartu duten haur eta helduen artean hausnarketa soziolinguistikoa bultzatuz.

Hamar ondorio nagusi atera dira egindako azterketatik; gehienek euskal hiztunen profil aldaketari egiten diote erreferentzia, baina haurrak helduak baino baikorrago agertzen direla azpimarratzen da. Ondorioek adierazten dute euskara hizkuntza nagusia dela ikasgelan, baina ikasgelatik kanpo gutxitu egiten dela bere erabilera. Eta horrekin batera, eskolan gertatzen dena herrian gertatzen denaren isla dela, «baita helduen praktika linguistikoena ere». Hirugarren ondorio gisa, identifikatu diren faktore gehienak elkarren arten lotuta ageri direla eta haurren eskumen eta fokutik kanpo daudela ikusi da, baita UEMAren irismenetik kanpo ere.

Laugarren ondorioa lotuta dago herritarren profil aldaketarekin, izan ere, gero eta gehiago dira etxeko hizkuntza euskara ez dutenak eta horrek eragina du. Etxeko hizkuntza euskara izan edo ez, gizartea eraldatzen ari da, eta hizkuntza dinamika berriak agertu dira ikerketaren arabera, «udalerri euskaldunetako haurrek mundura begirako bizitza-ikuspegia» dute ikerketaren baitan. Hau da, jada beraien etorkizuna irudikatzeko momentuan, mundura begiratzen dute, eta ondorioz munduan dauden hizkuntza ezberdinetara.

Herriko euskalgintzaren egoerak lotura zuzena du haurren profil soziolinguistikoarekin. Herriko eragileen artean elkarlanik ez dagoenean, hiztun komunitatea banatuta dago eta horrek euskararen erabileran eta atxikimenduan eragina du, ikerketak jaso duenez. Gainera, ondorioztatu du ez dagoela nahikoa baliabiderik euskararen erabilera bultzatu eta herrietako euskalgintza berraktibatzeko. Udalerrietako egoeraz gain, eskualdeetako inertziek eta ezaugarriek ere eragin handia dute.

Azken bi ondorioek argi izpiren bat uzten dute: «Jasotako erantzun eta hautemate asko ezkorrak diren arren, datuek ez dute euskararen egoeraren atzerakada dagoenik esaten», batetik. Eta bestetik, ikerketak dio haurrak jakitun direla euskararen egoera zein den, eragiten duten faktoreak identifikatzen dituztela diote eta euren ikuspegia helduena baino baikorragoa dela.

Ikerketaren lagina

Ikerketa Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleekin, eskola horietako zuzendaritzako kideekin, irakasleekin, gurasoekin eta herriko eragileekin egin da. Metodologia kualitatiboa arabili da ikerketarako; hau da, hizkuntza biografia eta hizkuntza erretratua egin dira, testuinguruaren ezagupena, rol-jokoak, konfrontazio saioak eta eztabaida taldeak.

Aztertutako herrien diagnostikoa ere osatu da eta haurren hizkuntza praktiketan eragina duten 140 faktore identifikatu ziren. Ikerketa Arabako herri batean, eta Bizkaiako, Gipuzkoako eta Nafarroako bina herritan egin da. Hiru herri-profil bereizi dira:

«Haurrentzako arnasguneak» deiturikoa, lehendabizikoa: haurrek euskararen erabilera oso handia dute eta hizkuntzarekiko lotura estua dute, etxeko hizkuntza edozein izanda ere. Gurasoen eta eragileen kezketatik abiatuta ekimenak jarri dira abian euskararen erabilera sustatzeko.

Bigarrenak, «udalerri euskaldun tipoak»: haurren euskararen erabilera altua da, batik bat ikasgelan. Euskara hutsean egiten duten familiak gero eta gutxiago dira eskolan eta euskararen erabilera behera egiten ari da herrian. Herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.


Eta hirugarrenik, «udalerri erasanak»: gaztelaniaren erabilera nagusi da herrian eta euskararen erabilera behera egiten ari da, baita ikasgela barruan ere. Euskara hutsean egiten duten familiak gero eta gutxiago dira herrian eta herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.