Joseba Arregi 76 urterekin berriz espetxeratzearen aurka agertu da Oñatiko udalbatza aho batez
Joseba Arregi berriz espetxeratu izanaren aurkako adierazpen bat onartu du aho batez Oñatiko udalbatzak. Arregik 76 urte dituela eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituela azpimarratu dute deklarazioan.
Joseba Arregi oñatiarra espetxean berriz sartzearen aurka agertu da Oñatiko udalbatza. Aho batez onartu duten adierazpenean hirugarren gradua izateko baldintza guztiak betetzen dituela eta, horrez gain, 76 urte dituela argudiatzen dute.
Testuak gogoratzen du otsailaren 23an Martuteneko espetxeko tratamendu-batzarrak hirugarren gradua ezarri ziola Arregiri, «legeak dioen bezala, reintegrazio prozesuan, legeak dioen baldintza guztiak beteta eta lege arrunta aplikatuz». «Inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan ezta Oñatiko herriarenean», gaineratu dute.
Hala ere, astelehenean berriz ere Martutenera itzuli behar izan zuen, Fiskaltzak eskatuta Auzitegi Nazional espainiarrak hirugarren gradua bertan behera utzi ondoren.
Fiskaltzak espetxe-organoek hartzen dituzten ebazpenen aurka «behin eta berriro» errekurtsoak jartzen dituela salatu du Oñatiko udalbatzak, «organo horiek presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak» baitira.
Gauzak horrela, ebazpenak espetxeetako administrazioko organoen erabakiekin bateragarriak izan daitezela eskatzen dute, «gradu progresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena».
Lakuarentzat, arrazoi humanitarioak
Afera honen harira mintzatu da Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere, eta adierazi du Joseba Arregiri hirugarren gradua ematea arrazoi humanitarioek bultzatu zutela. Zehazki, presoak 76 urte dituelako, zigorraren parte handi bat betea duelako eta hainbat espetxetan bete duelako.
Hirugarren gradua bertan behera uztearen inguruko baloraziorik ez du egin, baina argi utzi du bere sailak «lanean jarraituko duela» arlo horretako espedienteak ikuspegi teknikotik hobetzeko, «Auzitegi Nazionalaren espetxe-salbuespenekin» bat ez datorrela azpimarratu ondoren.