INFO

Trantsizio energetikoaren aurrean balioen iraultza eta autosufizientzia defendatu du EH Bilduk

Larrialdi ekologiko, klimatiko eta energetikoari aurre egiteko beharra nabarmendu du gaur Arnaldo Otegik Bilbon: «Aldaketak badatoz, afera da nork egiten duen noren interesetarako». Horren aurrean, autosufizientzia, komunitarismoa eta balioen aldaketa planteatu ditu koalizioak.

Energia trantsiziorako estrategia marraztu du EH Bilduk Bilbon. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Zain geratzea ez da aukera bat, krisi klimatikoari aurre egin behar zaio eta ezinezkoa izango da «bizitza beste era batera imajinatzen ez badugu», adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak larunbat honetan Bilbon. Planteatu duenez, «horrek iraultzarik kolosalena eskatzen du, baloreen aldaketa», eta hori ere beharrezkoa izango da bizi dugun une historikoan, beste irtenbide bat ez dagoelako, erantsi duenez.

Horrela deskribatu du sarrera modura, larrialdi ekologiko, klimatiko eta energetikoak planteatzen dituzten erronken aurrean EH Bilduk landu duen energia estrategiaren abiapuntua, gaur goizean Bizkaia Aretoan izandako saio monografiko batean. 

Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Pello Otxandiano programa zuzendariak eta Mikel Otero legebiltzarkidea eta trantsizio energetikorako idazkariak aletu dute «lan tresna» izan nahi duen dokumentua. Azaldu dutenez, militantziarekin eta hainbat momentutan zenbait aditurekin partekatutako hausnarketen emaitza da, irekia dena eta hainbat arlotan zehaztasun gehiago beharko dituena.

Otegik aipatu duen balioen iraultza beste ekoizpen, kontsumo eta bizitza ereduekin lotuta dagoela azaldu du. «Agian hori izango da erronkarik handiena, eta horrela egiten badugu Euskal Herri justuago bat eraikiko dugu, agian zoriontsuagoak izango gara eta seguru asko arduratsuagoak izango gara datozen belaunaldiekin», adierazi du.

Eraldaketa sakon bat eskatzen duen bide horretan, Euskal Herria «abangoardia» izan daitekeela defendatu du koalizioko koordinatzaile nagusiak, «gauzak euskal erara» egin daitezkeela azpimarratuz.

Argi dagoena da, esan duenez, «aldaketak» badatozela eta «egingo dituztela», eta horren aurrean bi aukera daude: «beraiek inposatzen dituzten alternatibak martxan jartzea, edo guk era ordenatu, planifikatuan eta adostasunean oinarrituta egitea».

«Afera da nork eta noren interesen alde»

«Afera da nork egiten duen eta noren interesetarako eta guk garbi daukagu erronkari aurre egin behar zaiola herri honetan eta herri honen interesen defentsan», azpimarratu du Otegik, herri sektoreak, belaunaldi berriak eta mundu mailan ahora zer eraman ez duten milioika pertsona horiekiko erantzukizuna aipatuz.

Militantzian zabaldu den dokumentuak «norabide politikoa» markatzen du baina ez da planifikazio estrategiko bat, zehaztu du Pello Otxandiano programa arduradunak Bilbon.

Planteatu duenez, bizi dugun trantsizioak eraldaketa sozial ezagutu gabea ekarriko du baita iraultza kultural bat ere, eta horiekin batera gobernantza eredu berriak eskatuko ditu, baina horrek «bultzada politikoa» beharko du.

Mikel Otero trantsizio energetikorako idazkariak bizi dugun testuinguru historikoan Euskal Herriak duen egoera marraztu du. Azpimarratu dutenez, «oso kalteberak gara», egungo ongizate eta produkzio eredua, neurri handi batean energia fosilaren kontsumoan oinarritzen delako. Kontsumo tasa per capita handi bat dago, erregai fosilekiko menpekotasun handi bat eta oso txikia da berriztagarriekin ekoizten den energia tasa, planteatu duenez.

Irtenbide energetikoak lurraldean bilatu

Irtenbide energetikoak gure lurraldean bilatu behar direla defendatu du koalizio subiranistak, baita bertan egin beharreko energia kontsumoaren murrizketa ere.

Proposatutako estrategiak, bestalde, energia sistema berriaren kudeaketa kolektiboa nabarmentzen du, baita eraldaketak behar duen bultzada publikoa eta «jendearekin» egitearen beharra ere.

Otxandianok, bestalde, euskal eredu batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak ere aipatu. Horien artean, lurraldean ekoizten den energia lurraldean kontsumitzearen beharraz gain, prezio justu batean eta herritarren parte hartzea bermatzen duten tokiko entitate publikoek kudeatuta izan behar duela defendatu du.

Ehun lagun inguruk jarraitu dute saioa aurrez aurre, eta edukia streaming bidez ere jarraitu ahal izan du militantziak.