INFO

0-Covid politikaren kontrako protestak hedatuz doaz Txinan

Urumqi hirian konfinatuta zegoen eraikin batean suteak 10 hildako eragin ondoren haserrea piztu da, eta ez bakarrik Xinjiango (Ekialdeko Turkestan) hiriburuan. Pekinen, Shanghain eta Nanjingen jendea kalera atera da Gobernuaren kontra  0-Covid politika zorrotza salatzeko.

Txinako hiriburuan protestak errepikatu dira igande honetan. (Noel Celis | AFP)

Sare sozialetan ikus daitezkeen bideoei eta testigantzei kasu eginez, Urumqi hirian gertatu zen ezbeharraren biktimak oroitzeko bijiliak Gobernuaren eta bere Covid politikaren aurkako protestak bilakatu ziren, haserrea gero eta handiagoa dela nabarituz.  

Joan den ostegunean sute bat hasi zen Xinjiangeko hiriburuan, Urumqin, konfinatuta zegoen eraikin batean. Larunbatera arte ez zen jakitera eman 10 pertsona kixkalduta hil zirela.

Lekukoek azaldu zutenez, suhiltzaileak hiru ordu beranduago azaldu ziren eta iruditan ikus zitekeen ura jaurtitzen zuen kamioia ez zela sutea itzaltzeko nahiko gerturatzen.100 egun zeramatzatzen konfinatuta eraikinean bizi zirenak.

Uigurren gutxiengo musulmanaren jaioterrian, Ekialdeko Turkestanen (Xinjiang txinatarrentzat), hasi ziren protestak.

Gobernuak eraikina konfinatuta zegoenik ukatu egin du eta aitzakiak jarri ditu suhiltzaileak berandu iritsi izana justifikatzeko baina Urumqi hirian konfinamentuen amaiera iragarri du, salaketak nolabait egiaztatuz.  

Baina protestak ez daude bakarrik han etnia txinatarrak kolonizatuta eta Pekinen errepresiopean bizi diren uigurren eremutan.

Gaueko bijiliarekin jarraituz, jendeak lorez eta paper txuriz (protesten sinboloa) estali ditu Shanghaiko zentruko hainbat bihurgune poliziak sakabanatu aurretik. Ekialdeko megalopoliak bi hilabeteko konfinamendu latza pairatu du aurten.

Unibertsitateko ikasleak

Pekingo iparraldean dagoen eta 700.000 biztanle dituen Tiantongyuan bizitegi-gunean jendeak hesiak apurtzen hasi da. Txinako hiriburuak iaz pairatu zituen konfinamendu latzenak.

Pekingo Tsinghua unibertsitatean ikasleak kalera atera dira protestan, baita ere Nanjingen eta Xi´an hirian.

Leloak 0-Covid politikaren aurkakoak dira: «Ez dugu PCR frogak egitea nahi!» edota «Pikutara QR Kodigoak!» aplikazio mobilari buruz. Baina gero eta gehiago entzuten dira gobernuaren eta erregimenaren aurkako oihuak eta kantuak. «Xi jinping alde egin!», «Askatasuna nahi dugu!», «Alderdi Komunista kanpora!». Internazionala eta txinako ereserkiaren estrofa, «Morroiak izatean nahi ez duzuntenok, altxa zaitezte!» kantuak ere entzun daitezke.

Pandemia bihurtuko zen izurritea sortu zen Wuhanen eta Guangzhou (Canton) hirian ere protestak omen daude baina ez dago ziurtatzerik.

Aurreko astean Zhengzhou hirian (erdialdea) kalera atera ziren konfinamenduaren aurka Iphoneko munduko fabrika handienaren langileak.

Asiako erraldoia isolatuta jarraitzen du 2020. urteko hasieratik. 0-Covid politikak bakarrik 5.000 hildako izatea ahalbideratu dio baina Omicron barianteak izurritea nonahi berragertzea eragin du. Larunbatean bakarrik 40.000 kutxatu zenbatu dira, %90a antisomatikoa bada ere.