INFO

Danel Elezkanok ordezkatuko du Jokin Altuna San Andres eguneko Binakako txapelketako partidan

Amezketarrak proba bat egin du herriko pilotalekuan baina ez du bere burua asteazkenean jokatzeko moduan ikusi eta Zaratamokoa arituko da Tolosaren aurrelari Elordi eta Zabaletaren aurka.

Danel Elezkanok ordezkatuko du Altuna Eibarren. (Jagoba MANTEROLA /FOKU)

Espero zen bezala, Jokin Altunaren eskuin eskua ez da garaiz osatu eta amezketarrak uko egin dio asteazkenean Eibarren jokatu behar zuen Binakako txapelketako lehen jardunaldiko partida jokatzeari. Herriko pilotalekuan aritu da amezketarra gaur goizean eta sentsazioak onak izan ez direnez, berehala hartu du San Andres eguneko festibalean parte hartzeari uko egitearen erabakia. «Proba labur bat egin dut Amezketan eta eskuin eskua oraindik prest ez dudala ikusi dut», azaldu du egungo Binakako aurrelari txapeldunak.

Lau eta Erdiko final gogoangarrian hartu zuen min aurrelari gipuzkoarrak –eskuin eskua erabat ubelduta eta handituta amaitu zuen Joseba Ezkurdiaren aurka– eta orain bere asmoa bigarren jardunaldirako prest egotea litzateke. «Eskuan masajeak hartu jarraituko dut eta beste proba bat egingo dut bigarren jardunaldiaren aurretik, ea jokatzeko moduan nagoen». Horretarako beste aste bat izango du Altuna III.ak, abenduaren seirako baitago iragarria euren bikotea, Tolosan, Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka.

Irribarriak zain jarraitu beharko du

Bien bitartean, Danel Elezkano aukeratu du Aspek asteazken honetan amezketarraren hutsunea betetzeko. Zaratamokoaz gain, Iker Irribarria zen gipuzkoarraren ordezko aritzeko hautagai nagusia, baina enpresak bizkaitarraren aldeko apustua egin du. Aramakoak, eta aukerak izan zitzakeen Dariok San Andres eguneko jaialdiko lehen partidan elkarren aurka jokatzearekin konformatu beharko dute, momentuz. Gipuzkoarra Oier Etxeberriarekin arituko da errioxarra, aldiz, Erostarberekin.