INFO

Hezkuntza feminista, euskalduna, inklusiboa eta ekologista aldarrikatuko du Ikamak Iruñean

Nafarroan euskaraz ikasi ahal izateko eta hezkuntza sistema feminista, ekologista eta inklusiboa izan dezan datorren abenduaren 15ean Iruñean mobilizatzera deitu du Ikama ikasle mugimenduak.

Astelehen honetan Nafarroako Parlamentuaren aurrean Ikamak egindako agerraldia (Ikama Nafarroa)

Ikama ikasle mugimenduak datorren abenduaren 15ean Iruñean hezkuntza sistema feminista, euskalduna, inklusiboa eta ekologista aldarrikatzeko deia egin du astelehen honetan. Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkartu dira deialdia zabaltzeko.

Sare sozialen bidez salatu dutenez, ikasturtearen hasieran «aldaketaren ikasturtea» izango zelarik, «iruzurrez josita» hasi da. Izan ere, «erreforma zein lege berriek sistema zisheteropatriarkal kapitalista birproduzitzera datoz».

Besteak beste, Nafarroako Euskararen Foru Legearekin amaitzea aldarrikatu dute, herrialdearen euskararen irakaskuntza hiru segmentutan banatzen duen araua.

«Euskararen lurralde-zonifikazioa egiten duen lege batekin amaitzea eskatzen dugu, eta Nafarroa osoan ofiziala izatea nahi dugu, lurralde osoan euskaraz ikastea ahalbidetzeko», azaldu du Markel Yoldi Ikamako kideak, Efek jasotako adierazpenetan.

Horretarako, aldaketa kualitatibo bat eman behar dela azpimarratu dute «gaur egungo hezkuntza sistemarekin apurtzeko» eta ikasleek «nola, non eta zer ikasi nahi duten» aukeratu dezaten.

«Gure ustez, gaur egun hezkuntza arloko legak puntu estrategikoa izan behar dute ikasleen baldintzak hobetzeko, baina uste dugu herriaren boteretik eta sektore langileen, mugimendu feministen eta ikasleen antolaketatik etorri behar dela, guztion artean fronte komun bat eginez», adierazi dute Ikamatik.

«Ezin dugu ahaztu espainiar eta frantziar Estatuen mende gauden bitartean ez dugula gure hezkuntza-sistema osoa izango, eta are gutxiago sistema kapitalista eta zisheteropatriarkalaren pean gaudela», deitoratu du Yoldik.

Abenduaren 15eko manifestazioa Iruñeko Nabarreria Plazatik hasiko da 12.00etan, ‘Zuenak ez digu balio. Hezkuntza gure neurrira’ lelopean.