INFO

Hernani UEMAko 96. udalerria izango da

Hernaniko Udalak UEMAko kide izatea onartu du. Eustaten azkeneko datuek diotenez, euskaldunen kopurua %70era igo da eta mankomunitatean sartzeko aukera dauka orain, hori baita sartzeko gutxieneko indizea.

Hernaniko Udalak astearte honetako osoko bilkuran hartu du UEMAko kide izateko erabakia. (UEMA)

Hernaniko Udalak astearte honetan egindako osoko bikuran onartu du herria UEMAko kide izatea; horrela, 96. udalerria bilakatuko da. Oraintsu arte ez zituen betetzen kide izateko baldintza soziolinguistikoak, baina Eustatek urrian zabaldutako eta UEMAk azaroan ezagutarazitako erroldaren datuak kontuan hartuta, gaur egun %70 da Hernaniko euskaldunen indizea. Datu horrekin, mankomunitatearen kide izateko modua du, lehen aldiz.

Asteasuren atzetik doa Hernani, Tolosaldeko udalerri horrek joan den astean hartu baitzuen UEMAko parte izateko erabakia. Gainera, biztanle kopuruari dagokionez mankomunitateko bigarren herri handiena izango da Hernani, Zarautzen atzetik.

Astearte arratsaldean egindako udal osoko bilkuran UEMAren estatutuak onartu ditu lehenik Hernaniko Udalak, eta kide izateko eskaera egitea erabaki du ondoren. EH Bilduren, EAJren eta Elkarrekin Podemos-Orain Hernani alderdien aldeko 19 botoekin, hamaika, sei eta bi, hurrenez hurren, eta PSEren abstentzioarekin baietsi dute, aurkako botorik gabe.

Ezagutza gehiago baina etxeko erabilera gutxiago

Eustatek urriaren amaieran plazaratu eta UEMAk azaroaren 16an ezagutarazitako datuen arabera, 2021ean, euskaldunen indizea (euskaldunak + ia euskaldunen erdia) %70 da Hernanin. Horixe da, zehazki, udalerri euskalduntzat hartzeko eta, beraz, UEMAko kide izateko gutxieneko ezagutza-indizea.

Euskararen ezagutzak gora egin du Hernanin azken urteotan, nabarmen, baina etxeko erabilerak eta lehen hizkuntza euskara duten herritarren ehunekoa beherantz ari da. UEMAtik diotenez, datu horiekin, ezagutzaren eta erabileraren arteko etena leuntzeko, «ezinbestekoa da herritarren kontzientziazioa», eta alor horretan UEMA bidelagun izango du aurrerantzean Hernaniko Udalak.

Hernani Buruntzaldea eskualdean dago eta iaz 20.362 biztanle zituen erroldan. UEMAk abenduaren 17an egingo du batzar nagusia, Deban. Batzar horretan, ohi bezala urteko balantzea egiteaz eta urte berrirako plangintza onartzeaz gain, UEMAko kide izateko herri berrien eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Hernani onartzerakoan kide diren udalerri guztien artean 300.000 biztanle izango dira mankomunitatean.