INFO

Bertan behera utzi dute Gipuzkoako handizkako arrain eta itsaskien sektoreko greba

Gipuzkoako arrain, itsaski freskoen eta izoztuen greba bertan behera utzi dute sindikatuek, patronalak hitzarmen bat lortzeko «aurrerapauso nabarmenak» eman dituelako, igande honetan LABek iragarri duenez.

Grebaren berri emateko duela egun batzuk egindako agerraldia. (Maialen ANDRES | FOKU)

Astelehen eta asteazken honetan, abenduak 5 eta 7 Gipuzkoako arrain, itsaski freskoen eta izoztuen handizkariek egitekoa ziren greba bertan behera geratu da patronalak «aurrerapauso nabarmenak» eman dituelako, LABek igande honetan iragarri duenez.

Sektorearen ordezkaritzaren %66 duen sindikatu honek ohar baten bidez azaldu duenez, Mapesgi, sektoreko enpresaburuen elkartea sindikatuekin (LAB, ELA eta CCOO) harremanetan harri da astelehen honetan bilera bat proposatzeko. Bilera horretan, «grebarako deialdia eragin zuten baldintzak aztertzeko eta onartzeko prest egongo litzateke».

Sindikatuek, «langileen eskaerak bilduko dituen hitzarmen kolektibo bat lortzeko aurrerapauso nabarmenak egon direla ikusita», greba bertan behera uztea erabaki dute, «sektoreko langileen benetazko asmoak gauzatzeko negoziazioak hasteko fede oneko keinu gisa».

Hitzarmen kolektiboaren indarraldia 2020an amaitu zen, baina pandemiaren ondorioz Mapesgirekin lan-akordio berri baten negoziazioa ez zen aurtengo udaberrira arte hasi.