INFO

Metrokoadroka Kolektiboa da Joan Mari Torrealdai bekaren lehen edizioaren irabazlea

14.000 euroko saria jasoko du Metrokoadroka Kolektiboak 18 hilabeteko epean ‘Artxibo biluzia’ lana osatu eta gizarteratzeko. Bi urtean behin egingo du Usurbilgo Udalak ikerketa bekarako deialdia, Torrealdairen pausoak jarraitzea xede duena.

Bekaren sarituen aurkezpena, Usurbilen. (Usurbilgo Udala)

Hiru proiektu aurkeztu dira Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren lehenengo ediziora, askotariko ikuspegiak biltzen dituztenak; antolatzaileek oso balorazio ona egin dute. Maialen Akizuk, Eduardo Apodakak, Ibai Iztuetak eta Ainara Lasak osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du Metrokoadroka Kolektiboaren ‘Artxibo biluzia’ proiektua saritzea.

Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak elkarrekin sortu dute Joan Mari Torrealdai ikerketa beka. Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak gogoratu duenez, «Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio zen beka», Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan, etorkizunari so.

Torrealdairen izena eta izana uztartzen dituen bekaren proiektu irabazlea jakinarazita, horixe izango da hurrengo urratsa: «proiektu irabazlea gorpuztea, mamiz betetzea eta, gero, herriari eskaintzea». Irabazleei zein deialdian parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie, azkenik.

Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kide eta bekaren koordinatzaileak parte hartzaileen maila azpimarratu du: «Etorkizuneko euskal kulturari begira jartzeko ariketa eskatzen genuen eta proposamenek heldu diote transmisioaren auziari, kulturgileen sarea josteko aukerei, herritarren parte hartzeari eta ikusgarritasunari, praktika berritzaileei…».

Epaimahaiaren iritziz, hautatutako proiektuaren «abiapuntua bera oso indartsua da». Izan ere, Metrokoadrokak Joan Mari Torrealdairen bizipen ilun bat hartu dute abiapuntu, atxiloketan beste gauza askoren artean lapurtu zioten artxiboa.

Metrokoadrokaren izenean, Oier Guillanek eskerrak eman ditu bekak eskainitako aukera eta ikuspegiagatik, eta, euren proiektua, iraganerako begiradatzat hartzen den dokumentazioa etorkizunera begira jartzeko premiatik abiatu dela adierazi du, «dokumentakzioa» bilakatzeko.

Bekak, gainera, garrantzia berezia ematen dio ikerketaren zabalkundeari, eta irabazleek berariaz sortutako antzerki-performance piezez gain, herritarrei tresnak emateko eta euren aletxoa jartzeko tailerrak ere planteatu dituzte.

Gogoratu dutenez, udalak eta Jakinek lankidetza hitzarmena sinatu dute aurten, lau urterako, eta bi urtean behin egingo dute deialdia: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko. Udalak, urtero, 14.000 euro bideratuko ditu beka deialdia egin eta ikerketatik eratorritako proiektua dibulgatzeko, eta Jakin arduratuko da bekaren kudeaketaz.

Orain, beraz, irabazleek 18 hilabeteko epea dute euren proiektua gauzatu eta jendaurrean aurkezteko.