INFO

Mercabilbaoko sarreren kontrolez arduratzen diren ALSEko langileek lehen lanuztea egin dute

Mercabilbaoko sarreren kontrolaz arduratzen diren ALSE enpresako langileek lehen lanuztea egin dute asteazken honetan, LABek jakitera eman duenez. Lanean baldintza kaskarretan aritu behar direla salatu dute.

Mercabilbaoren sarreran ALSEko langileek gaur egin duten elkarretaratzea. (LAB)

Mercabilbaoko sarreren kontrolaz arduratzen diren ALSE enpresako langileek lehen lanuzte eta mobilizazio eguna egin dute asteazken honetan, goizeko 4.00etatik 8.00etara Basauriko lan-zentroaren aurrean elkarretaratzea egin dutelarik, LAB sindikatuak jakitera eman duenez.

Ostegunean bigarren lanuzte eta mobilzazioa bat egingo dute, 4.00etatik 8.00etara. Eta abenduaren 23ean eta 30ean beste horrenbeste egingo dute sei orduko lanuztea eginez. 3.00etatik 9.00etara.

Salatu dute enpresa publikoko langileek historikoki egiten zituzten funtzioak betetzen dituztela, baina lege-baldintza askoz okerragoekin. Gainera, adierazi dute lan egiten duten baldintza materialak jasanezinak bihurtu direla, batez ere ezarritako sistemen funtzionamendu txarrak eta egiten duten lanaren muturreko fiskalizazioak eragiten dituzten arrisku psikosozialen ondorioz. Azken urtean, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa nola aldatzen zen ikusi dute, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatara kondenatuta egotera pasatuz.

Honetaz gain, salatu dute ALSE enpresak euren grebarako eskubidea urratu duela, Mercabilbao eta Bilboko Udalaren eskutik, langileei lan-zentroa aldatu dielako eta ordezkatu egin dituelako. Horregatik, LABek ALSE enpresa, Mercabilbao eta Bilboko Udala demandatu ditu grebarako eskubidea urratzeagatik. Sindikatuak 7.501 eurotako kalteordaina eskatu du langile bakoitzarentzat sortutako kalteengatik.