INFO

Boladarik onenak jarriko dituzte jokoan Gernikak eta Kutxabank Araskik

Venezian galdu arren, itxura ona emanda joango dira Anna Montañanaren jokalariak Valentziara eta Patricia Buraren laguntza izango dute Fontetan. Azken aldiko garaipenen ostean, Araski Mendizorrotzan konfidantzaz gainezka dago eta Murtziako Hozono Global Jairis igo berria menderatzen saiatuko da.

Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Ligako bere martxa ona jarraitu nahi du. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bolada onak aprobetxatzen jakitea eta bolada txarrak ahal bezain arinen pasatzen asmatzea, horra kirolean ez ezik, bizitzako edozein arlotan aurrera eraman beharreko helburua eta jarrera. Jon Salsamendi Orio Arraun Elkarteko entrenatzailearen hitzetan, poparean olatua hartzea «etorbide luze baten aurreneko semaforoa berde izatea bezalakoa da. Hala tokatzen bazaizu, ia geratu gabe, airean pasatzen duzu etorbidea, eta lehenengoa gorri tokatuz gero, berriz, denbora osoan geratu eta berriro abiatzen zabiltza. Olatuekin ere berdin; aurrena harrapatzen baduzu, hurrengora eta hurrengora... ia modu naturalean pasa zintezke. Lehenengoak ihes eginez gero, martxa hartzen lanak izaten dira». Bada, Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik azken aldian olatu bikain askoak harrapatu dituzte Emakumeen Endesa Ligan, eta beste olatu bat hartzeko jokoan jarriko dira zapatu arratsalde honetan.

Atseden tarte esakasarekin arerio oso gogorrari egin beharko dio aurre talde bizkaitarrak 19.15etan hasita: Fontetan Valentzia Basketi bisita egin beharko dio–eta Lointek Gernika Bizkaiak. Emakumeen Endesa Ligan talde biek azken bost neurketak segidan irabazi dituzte, baina biek ala biek porrot mingarri askoak jaso dituzte asteon. Valentziarrek asteazkenean Polkowice taldearen aurka 18 puntuko aldeari buelta eman zioten azkenean 76-73 galtzeko. Anna Montañanarenek, berriz, luzapenean 68-65 galdu zuten ostegun gauean Umana Reyer Veneziaren etxean azken laurdenera 42-52 aurretik iritsi ostean.

«Aho gustu garratza geratu zaigu, arerio oso gogorraren etxera bisita eginagatik. Hamalau puntuz irabazten izan eta azkenean luzapena jokatu behar eta galtzen duzunean, gogorra da, baina ez dago besterik hanka-sartze honetatik ikastea eta Valentziaren aurka ahalik eta ondoen prestatzea baino», adierazi zuen Veneziako partida eta gero Anna Montañana entrenatzaileak.

Ezin besterik egin aurrera jarraitu baino Lointek Gernika Bizkaiak, eta Emakumeen Ligan seigarren garaipena kateatzeko, arerio gaiztoa izanagatik, laguntza pixka bat ere izango du Anna Montañanaren taldeak. Patricia Bura pibot kroaziarrak debuta egingo du gernikarrekin. Beharko, Marie Gulich, Raquel Carrera, Lauren Cox eta Awa Famek osatzen duen barruko joko beldurgarri horri aurre egiteko dena beharko baitu talde bizkaitarrak.

Etxeko berotasuna

Lointek Gernika Bizkaiaren dema hasterako, ondotxo aurreratuta egongo da Kutxabank Araski eta Murtziako Hozono Global Jairis talde igo berriaren arteko lehia, 18.30etan hasiko delako Mendizorrotzan. Joan zen igandean, hasieran 17 puntu atzetik izan eta gero, gasteiztarrek sekulako garaipena lortu zuten Basket Zaragoza liderraren aurka. Ondorioz, sailkapen nagusiko zazpigarren postuan dira arabarrak, aurreneko portuan berdinduta dauden sei! taldeengandik –tartean Lointek Gernika Bizkaia– garaipen bakarrera.

«Gironan irabaztea ondo dago –edo Valentzian–, baina aspaldian etxetik partida oso garrantzitsuek alde egin digute. Beraz, ezinbestekoa zen guretzat joan zen asteko etxeko garaipena», onartu du Ioseba Redondo Kutxabank Araskiko bigarren entrenatzaileak.

Gasteiztarren arerioa sailkapen nagusiko azken-aurreko postuan dago, 3-7 balantze tristearekin, baina ez da fidatzeko moduko arerioa, neurri handi baten eskarmentu handiko jokalariak ditu-eta. «Tamara –Seda– aurten arte gurekin ibili da, eta gero Belen Arrojo –edo Melisa Brcaninovic, Lashann Higgs, Rebeca Cotano, Marina Lizarazu, Erika De Souza– bezalako esperientzia handiko jokalariak ditu. Horrez gain, entrenatzailea aldatu berri dute –Emakumeen Ligan eskarmentu handia duen Eric Suris da entrenatzaile berria– eta uneotan beraiek baino emaitza hobeak baditugu ere, hobe genuke fokua bere horretan mantenduko bagenu. ‘Gure ligako’ arerio bat izango dugu aurrean eta irabaziz gero, are eta balio handiagoa izango luke gure ibilbideak», azpimarratu du Ioseba Redondok.