INFO

Hondarribiko Talaia Eskola «oso zikin» dago berriz eta familiei «pazientzia agortzen ari zaie»

Negoziazioen aldeko giroa bultzatzeko asmoz, mobilizazioak eten dituzte Hondarribiko Talaia Eskolako familiek. Baina zikintasunaren ondorioz «seme-alaben osasun arazoak areagotu egin dira». Akordio bat eskatu diete garbiketako gatazkan inplikatutako hiru aldeei, Udalari, enpresari eta langileei.

Talaia Eskola Publikoan behin baino gehiagotan eman dituzte klaseak patioan, gela garbiak eskatzeko. (Talaia Eskolako Familia Elkartea)

Talaia Hondarribiko Eskola Publikoko Familia Elkarteak hainbat mobilizazio egin ditu garbiketa zerbitzuko lan gatazkari eta horren ondorioz joan den apirilean hasi zen langileen grebari lotuta. Irailean ozen kexatu ziren herriko kaleetan, ‘Eskolako zaborra Udalaren ardura’ mezua zabalduz manifestazio jendetsu batean. Horretaz gain, behin baino gehiagotan eman dituzte eskolak patioan, gela garbiak aldarrikatzeko.

Azkenaldian isilik egon dira senideak, baina ostiral honetan hedabideengana jo dute berriz, idatzi bat zabaltzeko. Bertan azaltzen dutenez, hilabete luzez benetako negoziaziorik ikusi gabe egon ondoren, azken hilabetean aurrerapausoak eman dira negoziazioan, inplikatutako bi alderdik (udalak eta langileek; enpresaren berririk ez dute) jakinarazi dietenaren arabera.

«Iritsi zaigunez, negoziazioek beren bidea jarraitu dute, eta gai garrantzitsuenetako batzuetan akordioak lortu dira, baina zenbait gaitan oraindik ez dira ados jarri».

«Ez dugu tunelaren amaiera ikusten»

Azken hilabete honetan, «negoziazioen aldeko giroa bultzatzeko asmoz», mobilizazioak eta protestak eten dituzte, «benetako negoziazio bat hasi ondoren konponbidea gertu egongo zelakoan».

Hala ere, denbora aurrera doa eta ez dute tunelaren amaiera ikusten. «Eskolak oso zikin daude berriro ere. Gure seme-alaben osasun arazoak areagotu egin dira. Geratzen zitzaigun pazientzia apurra agortzen ari da».

Hori dela eta, inplikatutako hiru alderdiei (Hondarribiko Udalari, zerbitzuaren arduradun gisa; ISS Facility Services enpresari; eta langileei) eskatu diete akordio bat lortzeko. «Akordio bat behar dugu lehenbailehen, inolaz ere ezin dugu onartu arazo hau eguberrietatik harago luzatzea. Ikastetxeetako langileok, familiek, eta batez ere gure seme-alabek, nahikoa sufritu dugu», nabarmendu dute.