INFO

Aldaik bigarrenez jantzi du Lau eta Erdiko txapela, Arrizabalagari 22-15 irabazi ostean

Aldaik mendean hartu du Arrizabalaga. Zornotzako frontoian jokatu dute Laboral Kutxa Emakumeen Master Cupeko finala. Dema lehiatua jokatu dute, baina Dimakoa izan da nagusi.

Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga Laboral Kutxa Emakumeen Master Cupeko finalean (Monika DEL VALLE | FOKU)

Amaia Aldaik irabazi du Laboral Kutxa Emakumeen Master Cupeko Lau eta Erdiko finala. Olatz Arrizabalaga mendean hartu du Dimakoak 22-15, eta hala bigarrenez jarraian jantzi du lau eta erdiko txapela –iaz lortu zuen estreinakoa–. Zornotzako frontoeian jokatu dute finala bi pilotari bizkaitarrek, eta partida lehiatua izan da.

Aldai izan da markagailuan aurretik une oro, eta bereziki hasierako eta bukaerako tantoetan atera dio errentarik handiena Arrizabalgari. Dema hasi eta berehala Dimakoa aurretik jarri da 6-1, joko oldarkorra eginez. Arrizabalaga, ordea, ez da lokartu eta aldea murriztea lortu du lau tanto segidan kateatuz, 6-5.

Oro har, piloteoan nagusi izan da Aldai, bere gaitasun fisikoari etekina atereaz. Gernika-Lumokoak partida osoan behin bakarrik lortu du markagailuan Aldaien pare jartzea, eta aurretik jartzeko aukera izan duenean huts egin du airez, 9-8. Hortik aurrera, Dimakoak erakutsi du aurkaria baino gehiago dela, eta horrela kateatu ditu sei tanto jarraian, 15-9.

Arrizabalagak, baina, erreakzionatzea lortu du, eta pilota airez errematatuz lortu du sakea bere alde izatea. 16-13. tantoa izan da lehia erabaki duena. Tanto luzea jokatu dute bi pelotariek, eta azkenerako, Arrizabalagak txapara bota du dejada. Partidako azken tantoetan Aldai izan da nagusi, eta Gernika-Lumokoak ez du aukerarik izan partida iraultzeko.