Aurreneko erdian barkatu duelako, bigarrenean garesti ordaindu du IDK Euskotrenek (69-63)
Estudiantesen kantxan 14-26 irabaztenj joan da talde donostiarra, baina ez du partida hausten jakin, eta atsedenaldiaren ostean Madrilgo taldeak aurrea hartu du markagailuan. Jarraitzen jasotzen duen bosgarren porrota izan da Azu Muguruzaren taldearentzat.
MOVISTAR ESTUDIANTES 69 - IDK EUSKOTREN 63
Aukerak pasatzen utziz gero, azkenean garesti ordaitzeko arriskua egoten da. Hori gertatu zaio igande eguerdi hontan IDK Euskotreni Movistar Estudiantesen kantzan. Bosgarren porrota jaso du talde donostiarrak Emakumeen Endesa Liga honetan eta 4-7 balantzearekin zortzi onenen artetik gero eta urrutiago dago, bolada txar hori hausteko abagunea pasatzen utzi duelako.
Azu Muguruzaren taldea 14-26 aurreratu da aurreneko 15 minutuetan, baina atsedenaldira iritsi aurretik 16-7ko partziala lortuta itzuli da lehiara Madrilgo kluba eta atsedenaldiaz geroztik aurretik jartzea lortu du, besteak beste Maria Eraunzetamurgil donostiarrak egin duen lan bikainari esker. IDK Euskotren ia punturik sartu ezinik geratu da tarte batean eta ezin izan dio bueltarik eman. 59-47 galtzen jarri delarik, etsiak hartu eta zuzpertu da, baina Madrilgo taldeak, bere arerioak ez bezala, ez du barkatu, orotara bederatzi jaurtiketa libre hutsegin dituen arren.
Hala, Coulibalyk 19 puntu eta 12 errebote pilatzea, edo azken unean Yurena Diaz eta Nicole Cardañok egindako lanak ez du bolada eskas hau hausteko balio izan. Txanponaren ifrentzua Joy Adams eta Maria España izan dira. Lehenengoak bi jaurtiketa libre baino ez ditu saskiratu; bigarrenak, aurreneko laurdenean sartu ditu bere zazpi puntuak, eta akabo gero.
Hasiera egokia
Zortzi onenen artetik kanpo dauden bi talde indartsuren arte dema izan da Antonio Magariños pabilioian jokatu den hau. Hala, talde bien intentsitatea nabarmena izan da, baina intentsitatea presaka eramanez gero, huitsegiteak ere errazago gertatzen dira. Zentzu horretan, askoz ere finago aritu da Ibaetako taldea Estudiantes baino. Hasierako 2-0ekoan izan ezik, berehala hartu dute aurrea markagailua Azu Muguruzarenek.
Maria España oso da irregularra, baina bolada ona hartzen duenean Balear Irletako hegalekoa oso arriskutsua da. Estudiantesek bost jaurtiketa libre segidan hutsegin dituen bitartean, IDK Euskotrenek Maria Españaren bolada on bat baliatu du markagailuan hanka egin eta zortzi puntuko aldea hartzeko. Madrildarren artean Fingall hegal-pibota izan da erantzuteko kapaz izan den bakarra eta hala, merezi baino tarte txikiagoa eraman dute donostiarrek, 12-18, aurreneko laurdenaren amaierara.
Estudiantesek gorriak eta bi ikusi ditu saskiratze bat edo beste lortzeko bigarren laurdenaren lehenengo minutuetan, baina Maria Españaren bolada ona agortu egin da eta Coulibaly zein Dembelek tarteka asmatzea ez da nahikoa izan aldea merezi beste zabaltzeko.
Lastima izan da gipuzkoarrek ohi baino askoz hiruko gutxiago asmatu izana –18tik 3 bakarrik, azkenean–. Hamar puntutik gorako aldea sendotzeko abagune garbia izan dute Azu Muguruzarenek –14-26 aurretik jarri dira une batez Azu Muguruzarenak–, baloia nahiko egoki mugitu baitute, baina ez dute bakarrik egindako zenbait jaurtiketatan asmatu.
Partida ia erabakita uzteko aukera hori zapuztuta geratu da gainera atsedenaldira iritsi aurreko azken minutuetan. Paula Estebas eta Mollenhauer Estudianteseko jokalariek lau hiruko kateatu dituzte eta horri esker, batetik erdi lo zegoen Magariños pabilioiko zaleak esnatzea lortu du etxeko taldeak, eta bestetik asko hurbildu dira madrildarrak, 16-7ko partziala lortuta. Zorionez, Coulibalyk uztaipean bere legea ezartzen jarraitu du. Hala, gipuzkoarrak 28-33 aurretik iritsi dira aurreneko erdiaren amaierara.
Iturriak agortuta
Beste martxa bat sartu du Estudiantesek hirugarren laurdena hasi denez geroztik. Sei puntu jarraian sartu ditu Maria Eraunzetamurgil hegaleko donostiarrak eta hala, Madrilgo taldea gainera etorri zaio IDK Euskotreni. Egia da Dembelek bost punturekin –tartean zorte handiarekin sartu duen hiruko bat– erantzun diola, baina gero eta itogarriagoa izan da Estudiantesen presentzia bai jokoan nola markagailuan.
Donostiarren puntu iturria ia erabat agortu da hirugarren laurden horretan. Yurena Diazek hiruko batekin unetxo batez aurretik mantendu du Azu Muguruzaren taldea, baina Estudiantesek martxa hartu du eta aurreneko erdian kale egindako ia guztia sartu du. Mollenhaurren laugarren hirukoak ez du Estudiantes 42-41 aurreratu bakarrik, baizik eta 9-0eko partzial bat ireki du, azken laurdenera markagailua 48-41 dela iristea bideratuz.
Bolada txarrean murgilduta talde batentzat halako partzialak jasotzea da txarrena. Egia da Estudiantesen defentsa ez dutela epaileek merezi adina zigortu, baina tarteka protestaka denbora gehiago galdu dute gipuzkoarrek madrildarren maila fisikoa berdintzen baino.
Coulibalyren bitartez 1-4ko partzial batekin ekin dio IDK Euskotrenek azken laurdenari, dena den, baina Estudiantesek berehala eman dio erantzuna: 10-2ko partziala, batez ere ezustean Maria Espin eta Fingallek sartu dituzten hirukoekin osaturiko partziala. Partida 59-47 ia hautsita, ezinbestean hutsartea eskatu behar izan du Azu Muguruzak.
Saiatu dira donostiarrak eta azken minutuan sartuta, lortu dute hurbiltzea halakoren baten, Nicole Cardaño eta Coulibalyren ekinari esker. Alabaina, Eraunzetamurgil eta Mendezen artean Estudiantesek ez dio aukerarik eman IDK Euskotreni. Bolada txarra hausteko aukera pasatzen laga dute gipuzkoarrek aurreneko erdian eta garesti ordaindu dute gero.
PARTIDAKO FITXA
ESTUDIANTES: Estebas (3), Mollenhauer (14), Maria Eraunzetamurgil (10), Fingall (15) eta Becky Massey (6) –hasierako bostekoa–, Mendez (9), Maria Espin (7), Billie Kim Massey (2), De Santiago (3), Pulliam eta Itsaso Conde.
IDK EUSKOTREN: Yurena Diaz (14), Maria España (7), Joy Adams (2), Gnere Dembele (13) eta Mariam Coulibaly (19) –hasierako bostekoa–, Nicole Cardaño (6), Kadri Ann Lass (2), Natalia Rodriguez eta Cristina Soriano.
Partzialak: 12-18, 16-15, 20-8, 21-22.
Epaileak: Mas, Olivares eta Arresa. Egotzitakorik gabe.
Gorabeherak: Emakumeen Endesa Ligako 11. jardunaldia, Madrilgo Antonio Magariños pabilioian jokatu dena.