INFO

Babesik eza, lan-baldintza duinak izateko zailtasunak... sortzaileen errealitate gordina

Joseba Tapia musikaria, Yolanda Arrieta idazlea eta Unai Iturriaga bertsolariak ‘Kultura bai, baina ez’ mahainguruan langile autonomo moduan Admnistrazioak jartzen dizkien traben berri eman dute. Eszenako fokupetik aldenduta, kultur zaleari ezkutuan geratzen zaion errealitate gordina.

Joseba Tapia, Amagoia Gurrutxaga, Yolanda Arrieta eta Unai Iturriaga, gaur. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskararen Langile Profesionalen Elkartea da Lanartea. Aktoreak, marrazkilariak, musikariak, bertsolariak, dantzariak, idazleak zein itzultzaileak biltzen ditu. Denek aurkitu dute aterpe langile eskubideen alde lanean ari den elkartean.

Euretako hiru Durangoko Azokan izan dira igande honetan. ‘Kultura bai, baina ez’ izenburupeko mahainguruan parte hartu dute. Joseba Tapia musikaria, Yolanda Arrieta idazlea eta Unai Iturriaga bertsolari eta marrazkilaria. Sortzaileak hirurak. Fokupean, eszena gainean, aurkezpenetan ikustera ohituak gaude baina ez beraien eguneroko zailtasunez eta buruhausteez hizketan.

Bakoitzak bere sektorearen ezaugarri berezituetatik hitz egin du, nork bere esperientziatik. Hiru belaunaldi. Baina denen testigantzak garbi erakutsi du Euskal Herrian sortzaileek bizi duten bakardadea. Maiz hitz egiten da sortzailea paper zuriaren aurrean jartzen den bakardadeaz baina ez hileroko soldata ateratzeko unean sentitzen duenaz. Labirinto juridikoan eta burokratikoan noraezean, atomizazioa nagusi den langintzan, bakarrik eta etsituta.

Euren jardunak dituen berezitasunak kontuan izango dituen legea eskatu dute, benetan babestuko dituena. Ipuinak idaztetik bizitzeko hautua egin zuen Arrietak. Ez du damurik, baina «gustukoa dena ere karga» bihurtzen zaiola aitortu die Landako Guneko areto nagusian bildutakoei.

«Beti nago bakarrik», esan du Arrietak. Eta «gerora begira datozen gauza berrien aurreko beldurra kontrola ezina da» berarentzat. Ez da sorkuntzaz ala alde artistikoaz ari, fakturazioaz, Ticket Bai... langile automomoen egunerokoaz. «Faktura ziztrin bat kobratu behar dudanean, Eusko Jaurlaritzan ez dago inor, robota baizik», esan du, haserre.

«Sormenari ze trataera ematen zaion ikusita, euskararekiko maitasunari, utopiari, edertasunari... aspaldian bufoia sentitzen naiz eta oso gutxi ordaindua», nabarmendu du.

‘Bufoi’ ikusten du bere burua idazleak eta oso adierazgarria da Tapiak segidan argitu duena. Ipar Euskal Herrian tipifikatuta dago figura, baina Hego Euskal Herriko sortzaileak ‘espectáculos, toreros y payasos’ atalean sartzen ditu espainiar legediak.

«Nola da posible euskal erakundeek oso zaila izatea bertsolarien epigrafea sortzea? Zenbat urte daramatza hemen alderdi berak Gobernuan agintzen? Eta alderdi beraren gobernupean dauden bi sail ezin dira ados jarri?», utzi du airean galdera Iturriagak.

Areago, «eskatzera joan garenea ‘asmatu zuek zuen arazoaren konponbide’ erantzun digute. Ez, gu bersolariak gara, zu zaude horretarako», egin du kritika.

Sortzaile gisa langile moduan ikusten du bere burua Iturriagak, behargina Arrietak eta baserritarra Tapiak. «Gure amona plazara joaten zen produktuek saltzera. ‘Krisitik baserritarrek atera gintuzten’ zioen gure aitak. Nork atera behar gaitu krisitik baserririk ez daukagunean?», bota du galdera. «Kontratuak sinatzen dituzte produktuak kanpotik ekartzeko. Zer egiten dute baserritarrekin? Dirulaguntza eman. Eta gurekin gauza bera. Gure lana ez da diruarekin ordaintzen, dirulaguntzarekin baizik».

Iturriaga ez da diskurtsoa dirulaguntzetan zentratzearen aldekoa. «Lanartearekin lortu nahi dudana ez da hori. Dirulaguntzak ahaztu behar genituzke. Automozioa edo energiaren sektorea baino gehiago diruz lagundutakorik ez dago. Gu horretaz hizketan ari bagara guk geuk elikatzen dugu», esan du. «Bagara langileak? Zer dagokigu? Gure burua ikusten dugu? Filosofiko jartze garenean gizartearekiko galdu egiten dugu langile izaera. Guk ere akatsa egiten dugu».

«Euskadiko Orkestrak hilero soldata du. Eta kudeatzailea. Hori ere jakin egin behar da. Ez dut zalantzan jartzen gastu hori egin behar denik, baina gurea zalantzan jartzen da aldiro», jarraitu du.
 
Hezkuntza sistema ‘krak’ egiten ikusten du Arrietak. «Guk ortuan landatutakoa norentzako da? Sortzaileok egidakoak non erabilia izan behar du. Ni ez nintzen idazten hasi ipuina ‘polita’ izateko, mina eder bihurtzeko, umeekin gauzak beste batera komentatzeko, bizitza idazteko eta marrazteko, bizitzari zuku gehiogo ateratzeko baizik», egin du gogoeta Arrietak.

Dirulaguntza puntualak emate huts bezala ikusi ohi da kultur politika eta kultur politika integrala da Lanartearen aldarria.

‘Euskal’

Arrietaren ustez ‘euskal’ hitza da denak batzen dituena. «Eta horren araberako epigrafea behar dugu». Idazleak errealitate gordinari jarri dio fokua. «Oso zatituta gaude, inolako babesik gabe eta elkarren lehiakide bilakatzen gara gainera».

«Gure lanbideari ‘euskal’ gehitzen badiozu arazo gehigarriarekin egiten duzu topo, bi Estatu baitaude gu akabatu nahian. Militanteak gara, euskara eta euskal kutura bizirik mantentzea nahi dugu eta dena kakaztu egiten da. Nola egin? Ez dakit», erantzun dio Tapiak ondotik.

«Herrigintzarik ez dago, politikagintzaren esku utzi dugu. Aktibatu beharko genuke berriz. Ticketbai horretarako pentsatu dute, ‘euskal hori berpiztuko dute berriz bestela’, pentsatu dute. Gazteek ez daukate langile kontzientziarik eta ‘euskal’-ena ere... Eragina kanpotik dator musikan, eta ondo datorkie ‘euskal’ kendu nahi duten horiei. Beharrezkoa da herrigintza, elkarrekin jabetu egoeraz eta zer bultzatu behar dugun ikusi».

Ez du hain ikuspegi ezkorra Iturriagak herrigintzari dagokionean. Kulturgintzak bizi duen errealitatearen diagnostikoan bai, bat egin dute baina aurrera begirako estrategiari dagokionean iritzi desberdina du Iturriagak. «Guk dena konpondu behar dugu? Guri dirulaguntza emateagatik besteei kenduko diela pentsatzea inozoa da. Edo espero izatea La Oreja de Van Gogh taldea ez dela euskalduna esatea agintariek. Ez da gertatutako. Ez dugu lortuko eta ez da gure borroka. Ez tematu horretan, nire lan-baldintzak lortu behar ditut. Bi gaiak aldi berean ezin ditugu aurrera atera».  

Sindikatua behar da Iturriagaren ustetan. «Eta ez du arteaz hitzegingo interlokutorearekin. Guk Lorea Bilbaoren atea jotzen dugu baina agian Wolkswagen-ek jotzen duen ate bera jo behar dugu», esan du.

Arrietaren esanetan eskaera bakoitza banaka eginda «hilabete beharko genuke leihatilaz leihatila. Babestuko gaituen legea behar dugu hasteko eta gero beste dena; nik ez ditut ikusten hain solte».

«‘Happy’ gara Euskaraldian eta Azokan baina bihar zuloak hor egongo dira, nahiz noski, denbora guztian hileta jotzen ere ezin dugun ibili», amaitu du.