Ion Rementeria elgoibartarra, ACBn Estudiantes taldeko jokalari ohia, 58 urterekin hil da
Real Madrileko harrobian hazi eta Estudiantesen 1983tik 1989 urteen artean jokatu zuen. 1993an erretiratu zen arte 194 partida jokatu zituen ACB Ligan. Handik aurrera, informatika munduari lotuta jarrairu zuen lanean, zendu den arte.
Madrilgo Estudiantes taldeak bere ebgunean aditzera eman du abenduaren 11an hil dela 58 urterekin Ion Imanol Rementeria Totorika jokalari ohia. Elgoibarren jaio zen 1964an eta 1983tik 1989ra bitartean ACB Ligan jokatu zuen, Estudiantesekin, Real Madrileko harrobian hazi bazen ere.
«13 urte bete arte Elgoibarren bizi izan nintzen. Garai hartan saskibaloian jokatzen nuen, beste kirol batzuetan bezala, hala nola futbolean, eskubaloian eta, jakina, pilotan. Eibarko Unibertsitate Laboralean nengoela, ‘Altuera Operazio’ baterako deitu zidaten, eta nolabait nabarmendu nintzen, estatu mailako beste operazio batera bidali nindutelako. Badirudi Clifford Luykek begiz jo ninduela eta herrira etorri zela froga bat egitera. Real Madrilek fitxatu ninduen», adierazi zuen Ion Rementeriak berak 2014an endesabasketlover.com webguneak ACB Ligako hastapenetan jokatu zuten horiekin egin zuen erreportaje sortarako.
Rementeria 2,02 metroko pibota zen, eta Estudiantes taldeko zaleek maite zuten, jokalari langile eta borrokalaria zelako. Paco Garrido entrenatzailearen eskutik, Pedro Rodríguez, Vicente Gil, Carlos Montes eta John Pinone eta David Russell bezalako jokalariekin jokatu zuen.
Estudianteseko egonaldia amaitu eta gero, Madril aldeko beste talde batzuetan jokatu zuen elgoibartarrak: Collado Villalba taldearekin beste hiru urte egin zituen ACB Liga. Orotara 194 partida jokatu zituen mailarik gorenean eta batez beste 3,4 puntu eta 2,1 errebote lortu zituen 14 minututan.
Belauneko lesioak zirela-eta artean gazte zela, 1993an, hartu zuen erretiroa kirol bizitzatik. Orduz geroztik, hil den arte, informatika munduari lotuta egon da Rementeria; artea jokatzen ari zela, Informatika ikasten hasi baitzen.
«Itzulpen teknikoak egiten zituen enpresa batentzat hasi nintzen lanean, batez ere software-ak. Ingelesa eta euskara ondo menderatzen nituen, baina nik ez nituen itzulpenak egiten, alde teknikoa jartzen nuen. Orain antzeko beste enpresa batean nago», adierazi zuen 1994ko aipatu erreportajean.
Igande honetan bertan Urrezko LEB Ligako Movistar Estudiantes eta TAU Castelloren partida hasieran minutuko isilunea gordeko da eta astelehenean izango da hileta elizkizuna eta errausketa, Madrilen.