INFO

Neikerren Life Urbaso proiektuak basotik egurra ateratzeko ‘tirolina’ probatuko du

Botatako zuhaitzak basotik atera ahal izateko pistak eraiki beharrean aireko kable baten bidez jasotzen dituzte zenbait lekutan, teknika tradizionalak mendi eta basoetan eragiten dituen kalteak murriztuz. Euskal Herrian ere probatuko da teknika berritzailea.

Pagasarriko basoa, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Neiker nekazal ikerketa eta garapenerako erakundeak sustatzen duen Life Urbaso programak basoetatik zura ateratzeko teknika berri bat probatuko du Euskal Herrian datorren urtean. ‘Tirolina’ esan dakioke: botatako zuhaitzak kable baten bidez jasotzean datza. Moztutako zuhaitzak airetik ateratzea ahalbidetzen du, lurzorua higatu gabe.

Europako Batasunak finantzatutako Life Urbaso proiektuaren arduraduna da Ander Arias. Katalunian egon da, hango Pirinioetan pinuak erauzteko erabiltzen baitute tirolinaren teknika. Efe agentziari aurreratu dioenez, laster Kataluniako Teknologia eta Baso Zentroarekin (CTFC) hitzarmena sinatzea espero du, teknika Euskal Herrian probatzeko.

Gaur egun, zuhaitzak moztu eta basotik ateratzeko, motozerraren moduko ertzak dituen prozesagailu bat erabiltzen da, eta honek zuhaitzak botatzen ditu eta azala kentzen die.

Arazoa da prozesagailuaren besoa enborrera iritsi ahal izateko, makina astunak pasatzeko pista eta sarbide asko ireki behar direla mendian. Gainera, enborrak arrasatzerakoan lurra higatzen da.

Tirolinak, ordea, kablea zuhaitzera lotu, altxatu eta basotik pista hurbilenera ateratzeko aukera ematen du. Makinak ez dute lurra ukitzen eta enborrak ez dira arrastatzen, beraz, lurra ez da narraiatzen.

Austrian dagoeneko erabiltzen da teknika hau eta honi esker 200 metroko distantzia utz daiteke baso-pista bakoitzaren artean. Prozesagailuak erabiltzeko, aldiz, 10 edo 20 metrotik behin pistak eraiki behar izaten dira.

Kablearen beste abantaila bat da eramangarria dela —izan ere, ekipoa kamioian sartzen da prozesadorearekin—, eta, beraz, nahi den tokian instalatu daiteke.

Neikeren Life Urbaso proiektuari sistema interesatzen zaio; izan ere, zuhaitzak ez direnez arrastatzen eta makineria astuna ez denez basora sartzen, lurzorua eta orbela ondo kontserbatzen dira, higadura ekidinez.

Mozketa tradizionalarekin lurra lokaztu egiten da, eta edateko uraren hartuneetan amaitzen du lohiak. Kablea erabilita, lokatz hori ez litzateke hartuneetara iritsiko eta ura garbiago mantendu ahalko litzateke. Hori da Life Urbaso proiektuaren helburua.

Ander Ariasek malda handiko eremu batean probatu nahi du kablea, non lurzorua are errazago joaten den zura atera ondoren. «Aramaio edo Bizkaiko eremu malkartsu batzuk hautagai onak izan litezke», aurreratu du.