INFO

Sarek gazte agerraldia egin du urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera dei egiteko

Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera galdegin dute Sareren gazte agerraldian, Bilboko La Casillakok kioskoan. Azpimarratu dutenez, «hamaika arlo oraindik lantzeke» daude eta horiek lortzeko behar-beharrezkoa da mobilizazioa.

Sareren gazte agerraldia, gaur asteartean Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urtero moduan, aurten ere mobilizazioa deitu du Sarek, euskal presoen giza eskubideen alde. Urtarrilaren 7an izango da manifestazioa eta gaur asteartean egin duten gazte agerraldian Bilboko kaleak betetzeko deia zabaldu dute.

«Gatazkaren gordintasuna» bere azalean sufritzen ez duen lehen belaunaldia osatzen dutela azaldu dute, baina horrekin gatazkaren ondorioak pairatuko dituen azken belaunaldia izateko nahia nabarmendu dute agerraldian. La Casillako kioskoan egin dute prentsaurrekoa, bertatik abiatuko baita urtarrilaren 7ko mobilizazioa.

Gogora ekarri nahi izan dutenez, azken bolada honetan aurrerapausoak eman badira ere, oraindik ere badaude urrunduta jarraitzen duten presoak eta «oraindik salbuespenezkoak diren beste neurri asko indarrean» mantentzen dituzte Estatu espainolak zein frantsesak.

Halaber, «kezka» agertu dute azken hilabeteotan Audientzia Nazionaleko Fiskaltzak aurkeztutako helegiteen ondorioz ematen ari diren gradu erregresioak direla eta: «Mendeku hitza soilik datorkigu burura», laburbildu dute, kasu hauek ikusita.

«Bakea eta elkarbizitza» helburu, bidean «eragin» nahi dutela adierazi eta gazteei Sarek deitutako mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatu diete.