Aberri Egunetik Aberri Egunera luzatuko da mugimendu abertzalea eguneratzeko prozesua
2023an 60. urtemugara helduko den mugimendu abertzalea etorkizuneko erronketara prestatzeko asmoz Bagira prozesua aurkeztu dute jatorri ezberdinetako hamaika herritarrek, asteazken arratsalde honetan, Bidarrain.
2013an 60 urte beteko dira mugimendu abertzale modernoaren mugarritzat hartzen den Itsasuko Adierazpena ezagutzera eman zenetik.
Enbata mugimenduak «enbor baten sustraiak landatu zituen» eta horrez geroztik adaxka anitz garatuko zituen «mugimendu anitza» loratu zen hiru lurraldeetan.
Oso bestelako eremutan bere aztarna utzi duen mugimendu abertzalea aintzat hartu gabe, nekez ulertu daitezke azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian gertatu diren aitzinamenduak.
«Urte hauetan tentsioak eta minak izan dira, baina baita ere prozesu politikoaren garapenean jauzi kualitatiboak eragin dituzten bat egite sekuentziak eta eraikuntza amankomunak», iradoki dute azkeneko hilabetetan prozesu birsortzaile bati ateak zabaldu nahian «haien izenean eta ez erakunde zehatz bat ordezkatuz» harreman sarea landu duten herritarrek.
Asteazken honetan hamaika abertzale, belaunaldi ezberdinetakoak, jarduera anitzetan ezagunak direnak, Bidarrain egin dute Bagira izeneko prozesua aurkezteko lehenengo agerraldia.
Terexa Lekunberri, Jeronimo Prieto, Anita Lopepe, Txetx Etxeberri, Argitxu Dufau, Iñaki Berhokoirigoin, Nerea Pepone, Ximun Lacroix, Mattin Etxeberri, Txomin Poveda eta Pantxika Ibarboure.
Horiek izan dira hedabideen aitzinean Bagira prozesuaren arrazoiak eta helburuak azaltzeko ardura haien gain hartu duten herritarrak.
2023ko Aberri Eguna, apirilaren 8 eta 9an Itsasun
Izan ere, Bagira prozesuari forma emateko abiatu zituzten lehenengo harremanetatik sare zabalagoa osatu dela jakitera eman dute agerraldian.
Hala eta guztiz ere gonbidapena zabaldu diete ezkertiar eta abertzale orori heldu den urteko apirilaren 8 eta 9an Itsasun eginen den «bi egunetako» Aberri Egunari begira auzolanari ekiteko.
Finean, 2023ko eta 2024ko Aberri Egunen artean luzatuko da, historiatik irakaspenak atera eta etorkizuneko erronkei baldintza onenetan erantzuteko helburu duen dinamika.
Bagira prozesuaren sustatzaileek azaldu dutenez, «erdi zabalik den leiho berri batean gaude, dauden aukerak hein handian eraikitzeko direlarik».
Azken urteotan izandako aldaketa bi nabarmendu dituzte bereziki. Alde batetik, ETAren borroka armatuaren amaiera, eta bestetik, Ipar Euskal Herria erakunde baten sorrera aipatuz.
Belaunaldi aldaketari eta erronka globalei baldintzatutako geroa
Hala ere, mugimendu abertzalearen geroa «belaunaldi aldaketari» baldintzatua dela ohartarazi dute eta munduan bizi diren aldaketa globalek herri bezala «mehatxu berrien aitzinean jartzen bagaituzte ere Euskal Herriaren burujabetzaren beharra eta garrantzia baieztatzen dituzten aukerak» marrazten dituztela ere mahaigaineratu dute.
Mugimendu abertzalea historikoki osatu duten dinamiketan gaur egun sakabanaketa handia ematen dela onartu dute, baita gogoeta komunak egiteko «espazio eta denbora eskas» badela. Hutsune horiek betetzeko asmoz Mugimendu Abertzalearen Herri Topaketak egiteko proposamena jarri dute mahaigainean.
Dagoeneko 60 bat herritar lotu dira etorkizunari begira eginiko gogoeta dinamika horretara.
Bagira prozesuak mugimendu abertzalearen oinarriak eguneratu, epe ertaineko helburu eta etapa partekatuak kokatu, mugimendu gisa antolatu eta belaunaldi transmisioa nahi ditu bermatu.
Bi Aberri Egun artean luzatuko den prozesuak «hiru sekuentzia eta bi inflexio puntu» izanen ditu.
Hala, 2023ko otsaila eta martxoa artean transmisio historikoari egokitutako atala landuko dute.
Erran bezala, apirilaren 8 eta 9an Aberri Eguna ospatuko dute Itsasun.
Apiriletik eta uda bitartean mugimendu abertzalearen diagnostikoa osatuko dute, iraila eta apiril artean ekoizpen amankomunak partekatuz.
2024ko Aberri Eguna kari, ibilbideari bukaera emanez prozesuaren emaitzak argitaratuko lituzkete «besta giroko momentu jendetsu baten baitan».