Bilboko mugimendu feministak kriminalizazioa eta isunak salatu ditu
Bilboko mugimendu feministak jakitera eman duenez, poliziaren jazarpena pairatu dute, eta baita isunak jaso ere, «Zazpi Kaleetako taberna bateko jabeak neska bat drogatu eta bortxatu izanaren berri emateagatik», azaldu dutenez.
«Emakume bat drogatu eta bortxatzeagatik salatu zuten Ormaetxeko tabernariak barra atzean jarraitzen du, harro eta erasokor», azaldu dute Bilboko mugimendu feministako kideek ostegun honetan. Alde Zaharrean dago taberna eta gertatutakoaren berri ematen hasi zirenetik poliziak haiekiko izan duen jarrera salatu dute: «Inguratu gaituzte, mehatxuekin beldurtzen saiatu dira eta kalez jantzitako poliziek jarraitu gaituzte modu erasokorrean identifikatzeko».
Mugimendu feministako bi kidek 2.500 euroko isunak jaso dituzte, «Bilboko Udaltzainek asmatutako gezurretan oinarrituz», argitu dutenez. Hori dela eta, epaitegietara jo dute eta aipatutako bi kideek urtarrilaren 10ean izango dute epaiketa. Isunak ordaindu ahal izateko erresistentzia kutxa abian jarri dute eta Uka artistak preseski sortutako lamina salmentan jarri dute; Zirika herri dendan zein Kalamiak eta Akelarre talde feministen sare sozialen bidez eros daitezke.
Tabernari horren inpunitatea azpimarratu nahi izan dute mugimendu feministako kideek: «Kriminalizatzen gaituzte, drogatzen gaituzte eta bortxatzen gaituzte, ahal dutelako. Eta ahal dutelako jarraitzen dute bortxatzaileek eroso eta lasai». Nabarmendu dute sistema oso batek babesten dituela eta oraindik ere badagoela jendea erasotuen hitzak zalantzan jartzen dituena, baita mugimendu feminista epaitzen duena ere. Halaber, gogora ekarri nahi izan dute duela hilabete batzuk Algortako mugimendu feminista ere jo puntuan jarri zutela.
Urtarrilaren 10eko epaiketa baino lehen, hilaren 5ean, hain zuzen ere, mobilizazioa deitu du mugimendu feministak: «19.30etan, Ormaetxe tabernaren aurrean». Halaber, jardunaldiak antolatu dituzte urtarrilaren 20 eta 21 bitartean, gaia mahai gainean jarri eta haren inguruan eztabaidatu eta hausnartzeko.