INFO

Elkarretaratzea egin dute Iruñean, euskara legez ofiziala izan dadin Nafarroa osoan

Ostegun honetan bete dira 36 urte Nafarroan ‘Vascuencearen legea’ onartu zenetik eta Euskal Herrian Euskarazek deituta, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Euskal Herrian Euskarazek elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Vascuencearen Legea’ delakoa onartu zela 36 urte bete diren egunean, Euskal Herrian Euskarazek deituta elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Hainbat eragile atxikitu dira mobilizaziora, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseilua, AEK, IKA, IKAMA, Gazte Euskaltzaleen Sarea, LAB, ELA, STEILAS eta NUPeko Euskara Taldea. Alderdi politikoei eskaera zuzena egin diete mobilizazioan, datorren legealdian euskara Nafarroa Garai osoan legez ofizial egitea, hain zuzen ere.

Aipatutako legeak ekarri zuen oraindik ere indarrean dagoen Nafarroako zonifikazio linguistikoa eta, elkarretaratzean aditzera eman dutenez, «Nafarroako euskaldunon eskubideen zatiketa arautu zuen». Hiru eremu linguistiko daude Nafarroan eta horren arabera dute euskaldunek aitortua euskaraz bizitzeko eskubidea. Azpimarratu dute ‘Vascuencearen Legea’ «gure hizkuntza, gure lurraldearen zatirik handienean, arrotz bihurtzeko tresna» dela eta «bidegabetzat» jo dute bizi duten egoera.

Salatu nahi izan dute, halaber, 7 urte eta erdi igaro direla UPN gobernuan ez dagoenetik, baina ondoren etorri direnen gobernuentzat ere ez dela lehentasuna izan euskararen berreskurapen-prozesua: «Legealdiaren hasierako negoziazioetan euskararen ofizialtasuna lehen minutuan erortzen da».

Horregatik, bat egin nahi izan dute goizean Kontseiluak beste hainbat eragilerekin batera abiatu duen kanpainarekin. ‘Ofizialtasuna’ da kanpainaren leloa, eta baita eskatzen dutena ere. Elkarretaratzean jendarteari inplikatzeko deia egin diote: «Aldarri honen aldeko babes soziala zabaldu, sendotu eta guztion arteko aktibazioaz, aldarrikapena errealitate bilakatu dadin bultza egiteko garaia da».

Alderdi politikoei ere mezu argia helarazi diete: «Gure eskubideak ez dira negoziatzen». Ofizialtasuna gehiago ez luzatzeko eta ‘Vascuencearen Legea’ bertan behera uzteko eskatu diete.