IDK Euskotrenek «hurrengo» partida irabazi behar du, berdin dio zeinen kontra
Azaroaren 6an lortu zuten donostiarrek orain arteko azken garaipena. Ordutik hona bederatzi neurketa segidan galdu ditu, nola Ligan hala Europan. Ondorioz, Europatik at geratu da eta etxeko kontuak ere zaildu zaizkio. Eta hurrengo arerioa Girona, Ligako liderra datorkio bisitan igandean.
IDK Euskotrenek bederatzi partida galdu ditu jarraian, Endesa Liga eta Eurocupa pilatuta. Donostiarren orain arteko azkenengo garaipena azaroaren 6an iritsi zen, Murtziako Hozono Global Jairis taldeari 84-73 markagailuarekin garaituta. Europan, aldiz, azaroaren 2an lortu zuten beren garaipen bakarra.
Harrezkero, Europan Montpellierren aurka birritan, Asvel Lyon eta Txekiar Errepublikako Zabiny Brnoren aurka galdu dute Azu Muguruzarenek. Ligan, berriz, Valentzia, Zaragoza, Ensino, Bartzelona eta Estudiantes izan dira gipuzkoarren borreroak.
Esan gabe doa bolada txar honek bere ondorioak laga dituela. Hurbilekoena, Eurocupean; izan ere, K multzoko hirugarren postuan geratu arren, Txekiar Errepublikako Zabiny Brnoren aurretik, ezin ditu IDK Euskotrenek bere emaitzak hirugarren postuan sailkatu diren gainerako taldeekin nahi bezala alderatu. Are larriago dena, Ligan hamalaugarren postura erori dira Azu Muguruzarenak, 4-7 balantzearekin, Benbibre eta Cadi La Seurekin berdinduta egonagatik, baina jaitsiera postuen muga markatzen duen Jairis murtziarrak baino garaipen bakar bat gehiagorekin.
Europako arazoek ez dute konponbiderik donostiarrentzat eta datorren urtean, edo hurrengo baten, beharko du lehenengo faseko ligaxkaz gain aurrera jarraitzeko ahaleginak. Endesa Ligako kontuak oso dira ezberdinak; hain dago berdinduta Ligako sailkapena non IDK Euskotrenek distantzia berera duen jaitsierako postuetara erortzea eta Kopa jokatzeko txartela ematen duen zortzigarren postua ere, aurreneko itzulia amaitzeko lau jardunaldi falta direnean.
Alabaina, Azu Muguruzak ez du txakur-ametsik egin nahi. Hasteko eta bat, IDK Euskotrenen hurrengo hitzordua domeka eguerdian, 11.45etatik aurrera, Spar Girona Ligako liderraren aurka izango duelako talde donostiarrak Josean Gasca pabilioian.
«Kopan sartzea ia ezinezko jarri da. Ia dena irabazi beharko genuke, hasteko, baina guretzat, borrokatu behar dena ez da Kopan sartu ahal izatea, baizik eta hemendik aurrera jokatu behar dugun neurketa bakoitza», iritzi zion Azu Muguruzak Montpellierren aurka jokatu bezperan eman zuen prentsaurrekoan.
«Gure helburua goranzko bidea berrekitea da eta behingoz azken jardunaldietako antsietate hori gainetik kentzea. Jokalariek gehiegizko urduritasun hori nozitzen dute halako egoera baten aurrean, batez ere partida erdian estuasunak sortzen diren uneetan. Beraz, horren aurka egin beharrekoa behingoz partida bat irabaztea da. Egia da gure hurrengo Ligako arerioa Girona dela, aurkari oso zaila beraz. Hala ere, ikusiko dugu zer gertatzen den, baina garaipenera itzuli ahal izateko, taldeak sentsazio onak berreskuratu behar ditu lehenbizi. Esaterako, Estudiantesen aurka hirugarren laurdeneko une txarra kenduta, taldeak lan hobea egin zuen baina beherakada horiek saihestu behar ditugu nola edo hala», gaineratu zuen.
Partida fisikoa, erantzunik ez
Azu Muguruzak joan den igandeko Estudiantesen aurkako dema izan zuen ahotan, zeinetan donostiarrak 14-26 aurretik izan ziren, azkenean 69-63 galtzeko. Aurreneko erdian askoz hobeto aritu ziren gipuzkoarrak, baina partida apurtzeko aukera pasatzen utzi eta gero, Madrilgo taldeak buelta eman zion neurketari. Azu Muguruzaren hitzetan, pasa den igandean jazo zena behin baino sarriago gertatu zaio aurten bere taldeari.
«Estudiantesek bere defentsa asko gogortu zuen atsedenalditik bueltan. Paseak askoz zorrotzago zaindu zituen, uztaipeko egoera guztietan askoz intentsoago jokatu zuten, epaileek kontaktu horiek baimendu zituztelako, hein handi baten. Eta horren aurrean, taldeak behera egin zuen denboraldia hasi denetik gertatu ohi zaion moduan», kexatu zen Azu Muguruza.
«Benbibreren aurka, Clarinosen aurka... gauza berbera gertatu zitzaion. Egia da hasierako jardunaldien ondoren, askoz dinamika hobean sartu zela taldea eta gainbehera horiek izateari laga zion tarte baten, eta partida horietan jokalariek barruan duten dena erakutsi ahal izan zuten, baina berriz ere erori gara», onartu zuen.
Bestalde, Joy Adamsen arazo fisikoek badute zeresanik IDK Euskotrenen memento txar honetan. Hegaleko estatubatuarrak belaunean min hartu zuen Liga etenda egon zen tarte horretan eta oraindik ere ba omen du erasanik. Esaterako, Estudiantesen aurka zortzi errebote harrapatu zituen, baina bere zortzi jaurtiketak, tartean hiru hiruko, huts egin zituen. Hala, bere bi puntuak jaurtiketa libreen marratik iritsi ziren. Horrez gain, lau baloi galdu zituen, talde donostiarrak orotara galdu zituenetatik hirutik bat.
Belauneko arazo horien erruz ez zuen asteazkenean Montpellierren aurka jokatu eta, neurri handi baten, IDK Euskotrenek kanpoko lerroan duen jokalari fisikoena da hegaleko estatubatuarra, Nicole Cardaño ordezko antolatzailearekin batera.
Horrez gain, badirudi donostiarren moralak hondoa jo duela Zaragozaren aurkako deskalabrua eta gero. Alegia, Valentzian 86-81 galdu zuten baina itxura aparta emanez azaroaren 12an eta Asvel Lyonen aurka, lau egun geroago, sekulako lana egin zuten eta luzapenean 70-71 galdu zuten, Maria Españak azken segundoan garaipena ekar zezakeen jaurtiketa huts eginda.
Bada, azaroaren 19an Lara Gonzalez, IDK Euskotreneko jokalari ohiaren Basket Zaragozaren aurka 48-90 galdu zuten donostiarrek. Dena atzekoz aurrera atera zen egun horretan: Zaragozak ia dena asmatu zuen –56 jaurtiketatik 32, tartean 20 hirukotik 10, eta 19 jaurtiketa libretatik 16– eta IDK Euskotrenek ia ezer ez –56tik 19; 16 hirukotik 3; 11 jaurtiketa libretik 7–, errebotean nagusi izan ziren Aragoiko jokalariak –31; 23 donostiarrentzat–; laurden guztiak irabazi zituen Zaragozak, bakoitzean 20 puntu edo gehiago saskiratuz.
Inork ere ez zion azalpenik bilatu partida kaxkar hari, aurkariaren egun ona eta norberaren egun txarra elkartu zirela baino. Gainera, «FIBA Leihoen» geldialdiaren bezperan gertatu zen partida hura. Berehala ahaztu beharrekoa istripua, ordea, gaiztotzen joan da, non eta Joy Adamsek geldialdi hartan hartu baitzuen min belaunean.
Izan ere, Ligan hiru neurketa jokatu eta galdu ditu geldialdiaren ondotik. 60-69 Ensinoren aurka; 80-66 Bartzelonaren etxean eta aipatu 69-63 Estudiantesekin. Hiru neurketa horietan une txar garbi bat izan du talde donostiarrak. Lugokoen aurrean, 10-16ko partziala jaso zuten azken laurdenean, eta 16 errebote gutxiago harrapatu.
Bartzelonaren aurkako dema gorabeheraz betea izan zen. Aurreneko laurdena 24-20 amaitu bazen, handik aurrerakoa zerra baten antzekoa suertatu zen: 21-12 bigarren laurdena, 11-20 hirugarrena eta 24-14 azken laurdena.
Estudiantesen aurka, 14-26 irabazten joatetik atsedenaldira markagailua 28-33 zela pasa zen, eta hirugarren laurdenean, berriz, 20-8ko partziala jaso zuten donostiarrek. Azkenean 69-63 galdu zuten 59-47 atzetik joan eta gero. Suspertze zantzuren bat antzeman zen, baina ez nahikoa bolada txar hau behingoan iraultzeko.
Partida hauetan guztietan Mariam Coulibaly izan da bere maila ematen jarraitu duen bakarra. Maliko pibotak batez beste 16,3 puntu eta 10,4 errebote lortu ditu orain arte; Europan, gutxixeago jokatuagatik 13,8 puntu eta 5,2 errebote sinatu ditu. Bada, IDK Euskotrenek badu erreferente bat eta Joy Adams suspertzen den heinean, bigarren bat izango du, gainerako jokalariak, maila onekoak izanagatik, askoz irregularragoak diren bitartean.
Agian Girona ez da aurkaririk egokiena izango bolada txar hau hausteko, baina IDK Euskotrenek ezin du erabaki zeini irabazi «nahi dion». Aldiz, albait arinen lortu porrotez porrot daraman bolada txar hau, behar bere burua arazo larritan sartzea nahi ez badu.