INFO

Osasun Bidasoak mobilizazioak deitu ditu osasun zentro berria eta profesional gehiago eskatzeko

Bidasoaldea eta Bortziriak eskualdeetako hainbat eragilek osatzen duten Osasun Bidasoa plataformak elkarretaratzeak deitu ditu datozen asteetan. Irunen hirugarren osasun zentro bat eraiki dezatela eta profesional kopurua handitzea eskatzen dute.

Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean Osasun Bidasoak egindako elkarretaratze baten artxiboko irudia. (OSASUN BIDASOA)

Bidasoaldea eta Bortziriak eskualdeetako 40 herritar elkartek osatzen dute Osasun Bidasoa plataforma, Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko profesionalen eta Irun Erdialdeko, Dunboako eta Hondarribiko anbulatorioen babesarekin. Plataformak mobilizazioak deitu ditu Irunen hirugarren osasun-zentro bat eraiki dezatela eskatzeko, Oinaurre auzoan hain zuzen ere, baita profesionalen kopurua handitzea ere, «egungo itxaron-zerrendak murriztu ahal izateko».

Ohar baten bidez Osasun Bidasoak adierazi duenez, abenduaren 22an, 14.00etan, elkarretaratzea egingo du Irungo Zentroko anbulatorioan eta hilaren 29an, ordu berean, Dumboako Osasun Zentroaren aurrean. Urtarrilaren 12an, 14.00etan, Hondarribiko Osasun Zentroaren aurrean deitu dute elkarretaratzea, Bidasoa Ospitaleko etorkizuneko bloke kirurgikoaren obrak zentro horretako osasun-langileen eta Osasun Bidasoa plataformaren zein udalen parte-hartzearekin planifikatzea eskatzeko.

Osasun Bidasoak salatu duenez, «ez Osakidetzako Bidasoako gerentziak, ez Osasun Sailak, ez dute neurririk hartu nahi eskualdeko osasun-arretaren kaskartze gero eta handiagoa konpontzeko; eta ez dago eskualdeko profesionalen eta udalen proposamenei erantzuteko asmorik».

Era berean, gogorarazi duenez, Bidasoaldean «85.000 herritar baino gehiago artatzen dituzte, 38.300 Irun erdialdean, 30.000 Dunboan eta 17.000 Hondarribian». «Nafarroako Bortzirietako 8.500 biztanleak ere zeharka artatzen dituzte erradiologia, traumatologia eta odontologiarako», erantsi dute.

Gaineratu dutenez, Irun Zentroa da biztanle gehien artatzen dituen Osakidetzako anbulatorioa. «Bai Irun Zentroak, 1954an eraiki dena, zein 1991n eraikitako Dunboak arazo larriak dituzte duela urte askotatik kontsulta-gunerik ez dutelako, eta horrek eragotzi egiten du arreta hobea emateko behar diren profesionalen kopurua handitzea», adierazi dute.