INFO

Itxaropenez hartu dituzte Gabonak Mercabilbaoko merkatariek

Gabonetako kanpainarekin bat eginez, abenduan 22.990 tonako merkaturatzea aurreikusten da Mercabilbaon. Urte «txarra» izaten ari dela azpimarratu arren, esperantzaz dihardute bertako enpresek.

Abendu honetan urteko merkaturatzearen %14 inguru espero da Arrain eta Itsaskien sektorean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

06.00etan hirietako kaleetan lasaitasuna eta jarduerarik eza nagusi diren arren, ordu horietarako Mercabilbao erlojuaren kontra ari da lanean. Zamalanetarako kaiak furgonetaz eta kamioiz betetzen dira, eta txikizkako merkatariak pabiloietan pilatzen dira, produkturik onena ahalik eta azkarren prezio onenean lortzeko.

Urteko egun guztietan errepikatzen den eszena da. Izan ere, 13 hektareako jarduera ekonomikoa duen gune honetan ehun bat enpresa eta mila langile baino gehiago daude, eta urtean 680.00 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira bertatik, 1.000 saltoki txikizkari baino gehiago joaten direlarik. Baina Gabonak hurbiltzearekin batera jarduera are handiagoa da. Izan ere, Gabonetako ospakizunen aurreko bi asteetarako merkaturatze aurreikuspenak 20.990 tonakoak dira, hau da, urteko salmentaren %10 baino gehiago.

Urtero bezala, ostiral goiz honetan Mercabilbaok ateak ireki dizkio prentsari, Iberiar Penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketa zentro handieneko jarduera bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Aitor Argote Ibañez Mercabilbaoko zuzendari nagusiak eta Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak hasi berri den Gabonetako kanpaina honetarako aurreikuspenen berri eman dute.

Adierazi dutenez, Elikadura Unitatean diharduten handizkako enpresek erritmo onean eusten diete euren salmentei. «Abenduan, Mercabilbaon jarduten duten handizkako enpresek urteko fakturazio osoaren %16 inguru jokatzen dute, are gehiago Gabonetako ospakizunak hurbildu ahala», adierazi du Argotek.

Arraina eta itsaskiak

Arrain eta Itsaskien pabiloia martxan jartzen lehenetarikoa da, goizeko 06.00ak baino lehen bertako jarduera bizia eta frenetikoa da jada. Abendu honetan 2.050 tonako merkaturatzea aurreikusten da sektore honetan, hau da, urteko bere merkaturatzearen %14 inguru. Itsasotik gehien eskatzen diren produktuak egun hauetan itsaskia, oro har, eta arrain fina deritzona, legatza, bisigua edo lupia, esaterako.

Las Capotinas arrain enpresako Fernando Garciak itxaropenez hartu du Gabonetako kanpaina. «Aste honetan salmentak areagotzen hasi direla dirudi, baina, oro har, urte txarra daramagu. Orain badirudi jendea animatzen hasi dela», adierazi du. Gehien saltzen duena txipiroia, lanperna, bisigua eta legatza dira.

Mercabilbaoko arrain eta itsaskien pabiloia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lorena Laguna, Tuna Fisheko administraria, bat etorri da ideia horrekin. Urtea «oso txarra» izaten ari dela nabarmendu du, eta espero du Gabonek egoera hobetzen lagunduko dutela. «Oraingoz, salmentek gora egin dutela nabaritzen hasi dira, baina asko ere ez. Hurrengo bi asteetan jarduerak hazten jarraitzea espero dugu», azaldu du.

Baikorragoa izan da Pescados Irureta saltokiko Javier Iriarte. «Oraindik goiz da balorazioak egiteko, baina, oraingoz, ondo hasi da Gabonetako kanpaina», azpimarratu du. Energiaren prezioa igo den arren, eta horrekin batera elikagaien prezioa ere bai, aurten aurreko urteetako joera berari eutsiko zaiola uste du. Urte sasoi honetan gehien saltzen duena nekora, txangurrua eta buia dira, «eta apur bat gutxiago kamartza, garestiagoa baita».

Eguberrietako beste produktu izarretako bat, prezio altuagatik mundu guztiak kontsumitu ezin duen arren, angula da. Horretan ospetsua da Angulas Ibaialde enpresa. Bertako Paco Gallegok iaz baino gehiago saltzen ari direla nabarmendu du. Prezioei dagokienez, iazkoaren antzekoak direla azpimarratu du, kiloko 1.100 euro inguru. Jaki berezia dela aitortu du, «apetatsua, eta askotan Gabonetan jaten dela tradizioz». Era berean, azpimarratu du jende askok angulak urtarrilean eta otsailean jan ohi dituztela, merkeagoa denean.

Fruta eta barazkiak

Geroxeago, giro apur bat lasaiagoarekin, fruta eta barazkien pabiloietako jarduera hasi da. Sektore honen kasuan, 2022ko azken hilabeterako zenbatetsitako merkaturatze zifrak 18.940 tonakoak dira, hau da, urteko salmenten %8 inguru. Izan ere, lurreko produktuetan udaberria da aldi indartsuena, «hezurdun frutak» direlakoen kontsumoagatik. Baina aste hauetan Gabon zaporea duten produktuak dira nagusi, hala nola mahaspasak, orejoiak, piku lehorra edo intxaurrak. Urte osoko produktu tipikoak ahaztu gabe: banana, fruta tropikala, anana, papaia, mahatsa, sagarra edo laranja.

Mercabilbaoko fruta eta barazkien pabiloia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Anaiansis Carrasco, Frutas La Rondeña saltokikoa, pabiloi honetako merkataria da. «Jendea ekonomikoki okerrago dagoela nabaritu dugu, baina oraingoz aurtengo enpresaren aurreikuspenak betetzen ari gara», azaldu du. Gabonak direla eta salmentek zertxobait gora egin dutela nabaritu duten arren, uste du datozen bi asteetan nabarituko dutela gehien.

Sarreren kontrolez arduratzen diren langileen greba

Jarduera biziko aste honetan, Mercabilbaoko sarreren kontrolaz arduratzen diren ALSE Servicios Auxiliares SL azpikontratako langileak mobilizazioak egiten ari dira euren lan baldintzen defentsan. Abenduaren 7an eta 9an lau orduko lanuzteak egin zituzten 04.00etatik 08.00etara, eta 23an eta 30ean, sei ordukoak egingo dituzte 03.00etatik 09.00etara.

LAB sindikatuak salatu duenez, enpresa publikoko langileek historikoki egiten zituzten funtzioak betetzen dituzte, «baina lege baldintza askoz okerragoekin». Gainera, adierazi dute lan egiten duten baldintza materialak «jasanezinak» bihurtu direla, «batez ere ezarritako sistemen funtzionamendu txarrak eta egiten duten lanaren muturreko fiskalizazioak eragiten dituzten arrisku psikosozialen ondorioz». Azken urtean, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa nola aldatzen zen ikusi dute, «Lanbidearteko Gutxieneko Soldatara kondenatuta egotera pasatuz».