INFO

Olentzero eta Mari Domingiri harrera eginen diete, larunbatean, Baionan

Olentzerok azkeneko 55 urtetan tokia egin du Ipar Euskal Herriko hiriburuan. Aurten abenduaren 17an, larunbatarekin, kaiaratuko da, Mari Domingirekin batera, haur zein helduen agurra jasotzeko.

Urteroko legez, karriketan gaindi ibiliko dira Olentzero eta Mari Domingi neguko solstizioa gorpuztu eta ospatzen. (Marc VAN LOEY)

Aurten abenduaren 17an kaiaratuko dira Mari Domingi eta Olentzero. 55 urte beteko dira aurten ikazkina lehen aldiz Baionako karriketara heldu zenetik. Geroztik ez diet hutsegin hiriburuko haur zein helduei.

15.00etan Errobin behera helduko da Olentzero Xaho kaiarat Ibaialde elkarteko traineruak garraiaturik. Une berean Aturritik Euskal Joutes taldeko arraunlariek Mari Domingi harengana hurbilduko dutelarik.

Usaian bezala, hiriko eskola elebidun eta Ikastoletako haurrek kantuz errezibituko dituzte Mari Domingi eta Olentzero.

Kaia atzen utzi ondoren, Mari Domingi eta Olentzero, haien astoak lauzkaturik hirian barna ibiliko dira, kantarien ahots, soinularien musika, eta joaldunen joaraz lagundurik.

Ikatza eta goxokiak banatzeaz gain neguburuko edo solstizioko mezua -gaua berriz laburtzen eta eguna luzatzen hasiko dela iragartzeko- txoko guztietara hedatuko dute.

Segizioa pasatuko delarik hainbat saltokietan Neguburuko Kriseilua pizturik izanen da, urteko garai ilunenaren iragaiteko. Izan ere, kriseilurik handiena, urtats arte Euskal Museoan pizturik egonen da.

Lana berezia hartuko dute Olentzerok eta Mari Domingik asteburu honetan Ipar Euskal Herrian.

Larunbatean ere, 10.00etan, Olentzeroren etorrera ospatzen hasiko dira Hiriburuko eta Atharratzeko karriketan gaindi. Bidartera ordu batzuk berantago iritsiko da ikazkina, 14:00etan, hain zuzen ere.

Saran bi aukera eman dituzte Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatzeko: 16.00etan Keinun krakada egiteko parada izanen da eta, bestela, 17.30ean, plazan, pertsonai maitagarri horiei agurra egiteko parada izanen da.

Irisarriko karriketan 17.00etatik goiti ikusi ahalko da Olentzero eta, Hazparnen, berriz, 18.00etatik aitzina Harana plazan eman dute hitzordua.

Abenduak 18, igandea

Igande goizean, berriz, Lapurdi kostaldean izanen da Olentzero. Angelun 9.00etan Pignada kiroldegian bilduko dira lehenik eta arratsaldeko 10.30ean Biarritzeko Santa Eugenia plazaren ondotik, hastapeneko ordutegia aldatu baitute Munduko Futbol Txapelketaren partida dela eta.

Itsasun ere bada hitzordua Mari Domingi eta Olentzerori harrera egiteko: 17.30ean herriko etxean.